}

Zelula amak lortzeko bide berrien bila

2007/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelula amak lortzeko bide berrien bila
2007/07/01 | Elhuyar
Sagu-fetuen zelulak birprogramatuta lortu da argazkian azaltzen den enbrioia.
M. Wernig/Nature

Itxaropen handia piztu duten arren, ikertzaileek muga eta zailtasun asko dituzte zelula amak lortzeko eta haiekin lan egiteko. Baina ez dute etsitzen, eta azkenaldian argitaratu dituzten ikerketak ahalegin horren froga garbia dira.

Adibidez, Kyoto Unibertsitateko ikertzaileek saguen zelula helduak enbrioi-zelula bihurtzea lortu dute, mekanismo sinple baten bidez. Lortutako enbrioi-zelulak pluripotenteak dira, alegia, zelula-mota asko bilakatzeko gaitasuna dute, eta guztiz bateragarriak dira zelula helduaren emailearekin.

Hori egiteko, lau transkripzio-faktore sartzen dituzte zeluletan, birusen bitartez. Faktore horien eraginez, zelulak birprogramatu egiten dira, eta enbrioi-zelula pluripotenteen ezaugarriak hartzen dituzte. Sinplea bada ere, ezin da esan prozesu arrakastatsua denik: birprogramazioa mila zelulatik batean bakarrik ateratzen da ondo.

Bestalde, zelula pluripotenteak sagu-enbrioietan txertatuta, jaiotzen diren saguek, beren zelulen artean, txertatutakoen ondorengoak dituztela frogatu dute; gainera, sagu horiek sagu arruntekin gurutzatzea ere lortu dute. Baina horietatik % 20k tumoreak izaten ditu.

Horrez gain, giza zelulekin egin dituzten probetan, emaitzak are kaskarragoak izan dira. Gizakietan birprogramazioa konplexuagoa da saguetan baino, eta, horregatik, faktore gehiago beharko dituztela uste dute ikertzaileek. Hala ere, aditu askoren iritziz, horrekin ez da nahikoa izango. Horrenbestez, saguetan lortu denaren parera heltzeko asko falta da oraindik.

Ernalkuntza artifizialeko enbrioi akasdunak zelula amen ikerketan baliatu nahian dabiltza Harvard Unibertsitateko ikertzaileak.
Harvard Unibertsitatea

Dena den, kasu jakin batzuetan, badirudi giza zelulekin emaitza hobeak lor daitezkeela saguenekin baino. Hori uste dute, behintzat, enbrioi akasdunak birprogramatzen ari diren ikertzaileek. Izan ere, saguetan, enbrioiaren garapenaren lehen faseak izugarri azkarrak dira, gizakietan baino askoz ere azkarragoak, eta, beraz, pauso batzuk errazago kontrolatzen dira giza enbrioietan.

Hain zuzen ere, ernalkuntza artifizialean sortzen diren enbrioi akasdunak zelula amen ikerketan baliatu nahian dabiltza Harvard Unibertsitateko ikertzaileak. Ernalkuntza artifizialean nahiko ohikoa izaten da bi espermatozoidek batera ernaltzea obulu bat. Enbrioi hori ez da bideragarria izaten, eta baztertu egiten dute.

Harvardeko ikertzaileek, ordea, enbrioi akasdun horiek erabiltzen dituzte, duten informazio genetikoa kendu, eta zelula heldu baten genoma sartzeko. Enbrioi horren zelulek, beraz, helduaren informazio genetikoa dute, baina zelula amen ezaugarriak dituzte, pluripotenteak dira. Mekanismo horren bidez, emakumeak ikerketarako obuluak eman beharra saihesten da.

Ikerketa sagu-enbrioiekin egin dute, baina, lehenago aipatu bezala, gizakietan errazagoa izango dela uste dute. Edonola ere, ez da erraz-erraza izango, eta, zalantzarik gabe, oraindik asko ikertu beharko dute emaitza onak izateko.

1
233
2007
7
025
Genetika; Bioteknologia; Medikuntza
Berriak labur
13

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia