}

Zein da zure usainik gogokoena?

2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bernako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, izenburuko galderaren erantzuna ere geneetan dago. Ikerketa horretan, unibertsitateko 137 ikasleri 37 lurrin-mota eman zizkieten usaintzeko, banillarena, liliarena, jasminarena eta bergamotarena besteak beste. Muturretan “atsegin” eta “ezatsegin” zituen eskala batetan kokatu behar zuten lurrin bakoitza.

Ikertzaileen ustean, jendeak lurrina bere usaina nabarmentzeko erabiltzen badu, lurrin-zaletasuna eta hainbat proteina kodetzen dituen geneak erlazionatuta egon behar dute. Proteina horiek, batetik, oso funtzio garrantzitsua dute gorputzeko sistema immunean eta, bestetik, norbere usainean ere eragina dute. Horregatik, odol-laginak hartu zizkieten ikasleei eta proteina horiek kodetzen zituzten geneak aztertu zituzten.

Gene horietako batzuk berdinak zituzten ikasleek lurrin bertsuak nahiago zituztela ikusi zuten. Gainera, bi urteren buruan ikerketa errepikatu zutenean, ikasleen zaletasunak ez ziren aldatu. Ikertzaileek diotenez, jendeak berezko usaina areagotzeko aukeratzen ditu lurrinak eta, era berean, bere sistema immunearen egituraren berri ematen du. Dena dela, aukeraketa horretan beste faktore askok eragiten dute, hala nola ikasketak eta ohiturak. Adibidez, 15 eta 50 urteko emakumeek oso lurrin ezberdinak erabiltzen dituzten arren, horrek ez du esan nahi, noski, geneak adinarekin aldatzen direnik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia