Zein da gerezirik gozoena?
2002/07/24 Elhuyar Zientzia
Duela 1.500 urte inguru, erromatarrek gereziondo basatiak etxekotu zituzten. Geroztik, gereziondoak Europa guztian zabaldu dira eta barietate ugari sortu dira. Horietako batzuk besteak baino gerezi goxoagoak eta mamitsuagoak ematen dituzte, baina nekazariek ezin dute jakin zein barietate aldatu duten zuhaitza hazi eta lehenengo fruituak ematen dituen arte eta ordurako, gereziondoak landatu zirenetik hiruzpalau urte pasatu dira.
Orain, ordea, badago gereziondoa zein barietatetakoa den jakiteko modu azkar bat. Izan ere, Zaragozako Frutagintza Unitateko ikertzaile Ignacio Hormazak gereziondoak bereizteko metodo genetikoa garatu du. Gereziondo-barietateen DNAn dagoen aldean oinarritzen da, batez ere mikrosatelite deitzen zaien DNAren eremuko diferentzietan. Hain zuzen, eremu horretan daude alderik handienak.
Metodo genetiko horri esker, frutagileek gereziondo hobeak lortuko dituztela uste dute, ez bakarrik gereziaren zaporeari erreparatuta, baita gaixotasunei eta eguraldi txarrari aurre egiteko gaitasunari dagokionez ere. Gainera, antzinako barietateen jatorria zein den jakiteko ere balioko du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia