Zein da arrain haztegien ekarpena?
2000/07/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Munduan 6.000 milioi biztanle inguru dago eta kopuru hori gora doa. Besteak beste, arrain kontsumoa ere askoz handiagoa da. Arazo horri aurre egiteko arrain haztegiak sustatu beharko lirateke. Hala ere, haztegi horien ekarpena eztabaidan dago. Haztegietako arrainak barne, arrain populazioa handitzen ala txikitzen ari da? Nature aldizkariak arazo honen analisi orokorra argitaratu du.
Hamar urtetan, 1987 eta 1997 urte arteko epean, arrain haztegietako produkzioa bikoiztu egin da. Produkzioa handitzen bada, kontsumoa ere handitzen da. Izan ere, munduan jaten den arrainaren laurdena, gutxi gorabehera, arrain haztegietakoa da. Baina haztegiok itsasoko ekosistemetan eta baliabideetan duten eragina aztertu behar da.
Sor daitekeen kalte ekologikoa
Akuikultura mota batzuk, izkirarena eta izokinarena barne, kostaldeko baliabideei kalte egin diezaiekete eta itsasoko arrain kopurua murriztu. Beste mota ba-tzuek, oro har espezie landarejaleenak, ez dute halako kalterik eragitzen. Beraz, paradoxa sortzen da. Akuikultura arrain kopurua handitzeko modua izan daiteke, baina itsasoko bizia agortzetzeko faktorea ere bada.
Arrain askeen eta haztegietakoen artean kostaldeko ekosistemen horniketarekiko lehia dago. Lotura edo lehia ekonomikoa ere badute, merkatuan salgai jartzeko momentuan. Gaur egungo eztabaidan zabaltzen ari den ideia garbia da; akuikulturaren etorkizunak itsasoan sortutako arrainen kopurua finkatuko du.
Gaur egun 220 espezie baino gehiago hazten dira arrain haztegietan. Negozioa eramateko garaian bi joera nagusi ikusten dira, ziklo naturalak aldatu gabe arrainen jabetza ustiatzearena eta ziklo horietan parte hartzearena (abelzaintzaren modukoa). Azken horretan ere jokabide ezberdinak izaten dira. Batzuek eragin zorrotza izaten dute; arrainen harrapariak deuseztatu egiten dituzte, lehiakideen kontrola egiten dute, eta abar. Beste batzuk, adibidez, elikagaiaren horniketaz arduratzen dira, soil soilik.
Moluskuak, oro har, kostaldeetan hazten dira. Itsasoak ekartzen dien planktonaren eta partikula organikoen menpeko elikadura izaten dute. Munduan haztegietan gehien hazten direna izkira dira. Arraiak hazteko, metodo ezberdin asko erabili ohi da. Itsas arraiak gehienetan sareez egindako kaioletan sartuta hazten dira. Ibaietakoak askotan nekazaritzaren inguruko ekosistemetan sartutako urmael artifizialetan hazten dira.
Azken hamarkadan gutxi gorabehera bi motako enpresak sortu dira arrain haztegien inguruan. Lehenengoak handiak dira eta balio erantsi handiko animaliak hazten dituzte merkatu handietan saltzeko. Eskualdeko horniketarako haztegiak izaten dira, baina zabalkuntza handikoak ere badaude. Beste mota kooperatibak eta famili enpresak dira. Prezio txikiko espezieak hazten dituzte eta toki zehatzetako merkatuetan saltzen dira.
Izan ere, akuikulturako arrainen merkatuen dinamika asko aldatzen da espeziearen arabera. Arrain haztegiak ugaritzeak lagundu dezake erreserba naturalak zaintzen. Gainera, hainbat haztegietako animalien prezioak jaisten badira, harrapaketan sartzen den diru kopurua asko jaitsi daiteke. Espezie batzuk beste batzuen ordezkoak izan daitezke.
Hala ere, beste espezie batzuekin ez da hori gertatzen. Adibidez, izokinaren kasuan, azken urte hauetan haztegiak ugaritu arren, harrapaketak ere ugaritu dira. Izan ere, 1997 eta 1998 artean munduan % 27 handitu da harrapaketa kopurua. Beraz, haztegiak ez dira beti arrantzaren ordezko izaten.
Akuikultura jasangarria
Oro har, esan daiteke haztegietako produkzioa munduko arrain kopurua handitzen duela, akuikultura mota batzuk ekarpen neto negatiboa izan arren. Ekarpen negatibo hori bi akuikultura motetan du jatorria, espezie haragijaleak hazten dituena eta kostaldeko ekosistemak hondatzen dituena. Ekosistemen hondamena poluzio biologikoak eta tratatu gabeko isurketek sortua da.
Baina akuikulturaren hedapenak ekosistema osasuntsuak beharko ditu, bai kostaldeetakoak, bai ur gezakoak. Industriak duen ingurugiroarekiko menpekotasuna onartu arte ezingo da akuikultura bere ahalmen osoan garatu. Zientzialariek, beraz, honako proposamen hauek plazaratu dituzte arrain granjen lehentasunak finkatzeko momentuan: beheko maila trofikoko arrainen akuikultura ugaritzea; elikagaietan arrain haragia eta arrain olioaren kantitatea murriztea; granja sistema integratuen garatzea; ingurugiro osasuntsua izateko akuikultura ohiturak zabaldu eta sustatu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia