Zazpi urte irauten duen bonbila
1994/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
General Electric konpainiak indukziozko bonbila-mota berria du salgai. Zazpi urteko iraupena du eta beste edozein bezalaxe instalatzen da. Azken hamar urteotan argiztapeneko kontsumoa jaisteko lanpara fluoreszente trinkoak eta sodio-lurrinezkoak asmatu dira, baina indukziozko hau oso gutxik fabrikatzen dute. Izan ere, lanpara hau miniaturizazio elektronikoa duen maisulana baita.
Funtzionamendu-oinarria ondokoa da: maiztasun handiko eremu magnetikoak bonbilan den gasean korronte elektrikoa induzitzen du. Erreakzio gisa, gasak izpi ultramoreak gortzen ditu eta hauek argi ikuskor bihurtzen dira barneko geruza fluoreszentea zeharkatzen dutenean. Horrela goritasun-lanparek dituzten bi oztopo handienak saihestu egiten dira: batetik bonbilaren barnean harizpirik ez dago (ondorioz lanpararen iraupena askoz ere handiagoa da) eta bestetik oso izpi infragorri gutxi igortzen da. Goritasun- anparen kontsumoa handia izaten da, izpi infragorri asko (bero bihurtzen direnak, hain zuzen) eta izpi ikuskor gutxi igortzen dutelako. Airea berotzeko onak dira, noski, baina argitzeko ez. Labur esanda, indukzioz gasa kitzikatzea irtenbide bikaina da.
Printzipio hau aspalditik ezagutzen zen, baina maiztasun handiko indukzioa lortzeko zirkuitu elektrikoak egokia izan behar du, eta hori segurtatzeko osagai elektronikoak ez daude edozeinen eskueran.
Lanpara berri honen akats nagusia, bere prezioa da. 1.800 pta. (72 libera) balio du, baina goritasun-lanparekin konparatuz, kontsumoan aurrezten denarekin bere burua amortizatu egiten du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia