Zarauzko Izadi Taldea
1995/01/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zarauzko, Algortako, Aguraingo, Tuterako, Barkoxeko,... Izadi Taldea. Nor bere inguruko Izadi-zatia ezagutuz honen alde lan egingo duen taldea herri nahiz auzo guztietan sortzea litzateke helburuetako bat. Hitz-jokoak horretarako aukera ematen du. Jakina, ezingo da dena Zarauztik bideratu, baina guztiok dugu Izadiarekiko erantzukizuna eta gure esku dago daraman degradazio-bideari aurre eginez berreskuratze-biderantz abiatzea.
Hasiera
Horiek horrela, jo dezagun Zarauzko esperientzia ezagutzera. Joxepok dioenez, taldea duela 12 bat urte sortu zen, Pagoeta Mendi Elkarteak antolatu zuen bilera baten ostean. Pagoeta Mendi Elkarteak, orduko talde gehienek egiten zutenaren antzera, mendira irteerak eta Perretxiku Eguna antolatzeaz arduratzen zen. Baina zorioneko egun batean, Zarauzko natura-baliabideek zuten balio ekologikoaz ohartu ziren eta zeramaten degradazio-prozesuaz konturaturik, zerbait egin behar zutela erabaki zuten. Beraz, bertan zeuden eskola-zuzendariei gutun bana idatzi eta bilera antolatzea erabaki zuten.
“Bilera horretan guztiok hartu genuen parte”, dio Joxepok, “baina Ikastolakoek bakarrik segitu genuen. Gerora, hainbat naturazale elkartu zen eta gaur egun talde egonkorra dela esan genezake”.
Zarauzko ingurunea ezagutzea, bertako baliabideaz jabetzea eta horren dibulgazioa eginez Naturaren kontserbazioa bultzatzea izan zen hasierako helburua. Helburuak mantendu egin dira, baina, taldekideak espezializatuz joan dira. Gaur egun sail hauek daude bertan: mikologia, botanika, ornitologia, geologia, ingurunearen heziketa eta astronomia (hasi berria).
Taldea irekia dela esan behar dugu, hau da, edonork har dezake parte. “Azkenaldi honetan biologiako ikasketak amaitu berri dituzten batzuk elkartu zaizkigu”, dio Joxepok.
Eta oztopoak zer?
Bidean aurkitu dituzten oztopo edo zailtasunei buruz galdetu diogunean, ez du inolako zalantzarik Udalaren aldetik aurkitzen duten pasibitatea eta adore eza dela arazo nagusia esateko. Alderdi ekonomikotik ez dute arazorik; dituzten kostuak Zarauzko Udalak bere gain hartzen baititu. “Baina proiektuak bideratzeko unean, ez digute jaramonik egiten. Askotan geronek egin behar izaten dugu polizi lana, eta hori ez da guri dagokiguna”, dio. “Diru-laguntza bai, nolabaiteko errekonozimendua ere bai. Baina helburu politikoetarako manipulatzen gaituztelako errezeloa ere izaten dugu eta, ondorioz, taldea zatitzeko arriskuan ere egoten da maiz. Bada gure artean Udalarekiko harremanak etetea nahiko lukeenik, baina zer egin?...”
“Egia da”, segitzen du Joxepok, “plan partzialak egitera mugatu garela eta oraindik ez dugula plan orokorra egin. Baina plan partzialak (bakarka gaudenean) bultzatuko dituztela esan, eta ondoren jaramonik ez”.
Herriaren erantzunari dagokionez baikorrago azaldu da gure solaskidea, ezkortasun apurra sumatzen bazaio ere. “Egiten ditugun ekintzei ongi erantzuten die herriak, ongi baloratuta gaude, baina kontzientzi aldaketa ez da sumatzen, eta bakoitzak berean darrai”.
“Urtero antolatzen dugun Natur Asteari eta bertan prestatzen dugun erakusketa monografikoari harrera ona egiten diete zarauztarrek. Bertan mezu zehatzak eta garbiak transmititzen saiatzen gara. Aurtengo gaia”, dio Joxepok, “ dunak izan da. Baina,...”
Natura eta industri krisia
Industri krisiak naturazaleen mugimenduaren aurka izan dezakeen eraginaz galdetuta, nahikoa baikor agertu da Terés jauna. Naturarekiko hasierako boom-a apaldu egin dela eta industri krisiak naturazaleen kontrako jarrera (lanpostuekin zerikusi zuzena dutenean batez ere) areagotu egiten duela aitortu arren, NATURA ezin da gehiago hondatu. Gehiago hondatuko balitz, katastrofea litzateke. Ibaiak erabat poluituta daude (Europan, lehen edo bigarren lekuan gaude), enpresak direla eta herrietako inguruneak erabat desordenatuta daude,... Baina, Europan sartu garelako edo, arduradun politikoen artean nabari da politika-aldaketa. Ageri da Natura babestearen aldeko joera minimoa. Ari dira, han-hemenka estudioak egiten eta horrek guztiak, nire iritziz, izango du eragina.
Politikariak ohartu dira (batzuk bederen), bizitza-kalitate minimoa mantendu nahi bada, ezin dela Naturari bizkar emanda egin. Bestalde, Euskal Herria txikia denez, dauzkagun baliabide ekologikoak nahikoa ongi ezagutzen ditugu eta geratzen diren apurrak babesteari ekin behar diogu.”
Zarautz edota Euskal Herria?
Izenak ongi finkatzen du talde honen berezko esparrua. Baina, Joxepok ongi azaldu digunez, “bertakoa ongi landuz eta zainduz zabal daiteke eremua. Gure eginkizun nagusia, beraz, Zarauzko ingurua ongi ezagutzea eta daukagunaren berri zabaltzea izan da. Euskal Herriko kostaldeak ez du desberdintasun handirik. Beraz, herri-mailan landu duguna baliagarri da beste herrietako taldeentzat. Hau da, Zarauzko dunak, labarrak, padurak,... (hitz baten esanda, ekosistemak) aztertu eta dibulgatzeak eman digu zabaltzeko aukera.
Esate baterako, kostaldeko ekosistemei buruz egin dugun lana ari da zabaltzen. Talde profesional bati utzi diogu egin duguna sakon dezan. Horiek, Akitania eta Euskal Herriaren arteko lankidetzak direla medio, lortu dute diru-laguntza eta Euskal Herriko (hasi Iparraldetik eta Bizkaia bitartean) kostaldeko ekosistemak landuko dituzte. Beraz, maila horretan egin dugun lana zabaltzen ari da.”
“Zergatik kostaldeko ekosistemak eta ez besterik?, galda dezake norbaitek” dio Terések. Ba, erantzuna, berak dioenez, erraza da. “Gehien kaltetua dagoen ingurunea delako. Azkenaldi honetan, kirol-portuak direla eta arrisku larrian daudelako. Zergatik ipini behar da kirol-portua kosta duen herri bakoitzean?” galdetzen du bidez. “Ez al da aski bizpahiru egitea? Ez dira konturatzen horrek ekosistema horretan sortzen duen kalteaz. Gainera,” gehitzen du, “kirol-portua egiteko hautatzen dituzten inguruneak, gutxien erasotakoak dira.”
“Egin dugu, bestalde,” dio Joxepok, hainbat lan Aranzadi Zientzi Elkartearekin, eta abarrekin.” Ikus dezakezunez, ez gara geurera mugatzen. Baina egia da, Zarauzko ingurunea da beti abiapuntu.”
Plataforma ekologista
Herri-maila gaindituko duen plataforma ekologistaren beharraz galdetuta ere, ez du inolako zalantzarik bere erantzuna emateko. “Ongi legoke Bizkaian ERREKA plataforma dagoen eran hemen ere antzeko zerbait antolatzea. Baina horretarako, behar beharrezkoak dira gurea bezalako taldeak. Taldeak herri eta auzo guztietan edo gehienetan eratu beharko lirateke, ingurunea ezagutuz Natura behar bezala babesteko. Gero hori guztia koordinatu egin beharko litzateke kaosik ez sortzeko. Baina, eta Bizkaian hori egin zuten, ingurune jakinak lantzen dituzten taldeak koordinatzeko eta ekintza bateratuak bideratzeko balioko luke.
Bestalde, ezin da ahaztu, dio Joxepok, arlo hauetan lanean ari garenok ez garela horretatik bizi eta egiten ditugun ekintzak nahikoa merke ateratzen direla. Baina horrelako plataforma sortzeko profesionalizatu egin beharko genuke, hau da, bi edo hiru liberatuk egon beharko lukete, horrek berekin duen guztiarekin. Dena dela, ezin dugu ideia baztertu.
”Zarauzko Izadi Taldeak bultzatzen dituen ekintzak
Aurrez aipatu dugun Natur Astea eta aste horretan antolatzen duten erakusketa monografikoaz gain, antolatzen dute, bai, makina bat ekintza. Zuhaitz Eguna, urtero hau ere; Inguruko ibilbide ekologikoak egiteaz gain, haiei buruzko hormirudiak prestatzen dituzte; hegaztien, neguko nahiz pasokoen, zentsuaz arduratzen dira; landareen zentsua eta jarraipena egiten dute, dunetakoena batez ere; Zarauzko Udalari aholkularitza-zerbitzua eskaintzen diote, bai proiektuak proposatuz, bai Arau Subsidiarioetan parte hartuz; hainbat hitzaldi antolatzen dute urtean zehar eta, nola ez, Izadi Taldeak sortzea dute bere helburuetako bat; inguruko herrietan honelako taldeak sustatzeaz eta hauei aholkuak emateaz ere arduratzen dira. Lan mardula eta oparoa, ikus dezakegunez.
Guzti honetan eskolek eta haurrek ere badute beren lekua. Esku artean duten proiektua medio, Zarauzko ikasleei materiala eskaini nahi diete. Udalak hori nahi du eta Izadi Taldea arduratu da hori bideratzeaz. Lan polita dela aitortu digu Joxepok, baina materiala prestatze hutsarekin ezin da ezer egin. “Ezinbestekoa da eskola bakoitzean Natur Gela sortzea eta bertako irakasleak proiektuan inplikatzea. Guk ezin dugu proiektuaren jarraipena egin eta hori beraiei dagokie. Gu materiala sortzeko eta behar dituzten aholkuak emateko prest gaude, baina hortik aurrera...
Hiru ekosistema ditugu material didaktikoetan prestaturik: Kostaldeko Ekosistemak, Artelatza eta Bista Alegreko Parkea.”
Pagoetako parkeaz galdetu diogunean, horrek beste estatus bat duela eta beste era batera antolatuta dagoela erantzun digu. Baina bertakoekin harreman onak dituztela gehitu du.
Pagoeta Mendizale Elkartea
Hasieran esan dugunez, Pagoeta Mendizale Elkartea izan zen taldea eratzeko bitartekoak ipini zituena. Geroztik ez dituzte harremanak eten. Are gehiago, Zarauzko Izadi Taldea Pagoeta Mendizale Elkarteko ente autonomoa dela esan digu. Beraz, Elkartearen baitan ere, badu Izadik zer esan eta eginik. Parte hartzen dute Elkarteak ateratzen duen aldizkarian artikuluak idatziz eta Mendizale Elkarteak antolatzen dituen mendirako irteeretan beren ekarpena eskainiz.
Amaiera
Izadi Taldearen etorkizunaz galdetu genionean, bi postura plazaratu zituen. Bata baikorra Zarauzko Taldeari dagokionez, jende berria hurbiltzen eta taldean parte hartzen hasi delako, eta bestea ezkor edo eszeptikoa, arlo honetan hainbat gora-behera egon (Orioko Motondokoa esaterako) eta emaitzak zeintzuk izan diren ikusita...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia