}

Zarata gutxiago zineetan

2000/07/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zinema gelatan pelikulen aurrerakinen soinua oso altu jartzen da. Publikoa aspalditik kexati dago. Dolby enpresakoek konponbideak bilatu ditutze.

Zinera joaten denak, besteak beste, publizitatearen erasoa jasan behar du. Ohiko iragarkiak bukatzen direnean, laster estreinatuko diren pelikulen aurrerakinak ikusarazten dizkigute. Oro har, aurrerakin horiek izugarrizko bolumenarekin proiektatzen dira. Horrela, ikuslearen arreta jasotzen da, eta askotan, pelikulak izango ez duen ikusgarritasuna adierazten da. Ikusleak, ordea, ez du zarata batere gustuko. Kexa kopurua izugarri handitu dira.

Modernoa eta zaratatsua

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Dolby Laboratories enpresak zarata murrizteko sistema hobetu zuen. Horren bitartez, soinu estereofonikoa erabiltzeko beta izan zuen. Adibidez, Star Wars (Izarretako Gerra) eta Close Encounters of the Third Kind (Topaketak hirugarren fasean) pelikuletako soinu bandak ozenki entzun ziren garai hartako proiekzio geletan.

Handik aurrera, Dolby-k soinu sistema digitalak garatu ditu, pelikulak oraindik bolumen altuagorekin bota ahal izateko. Ikuslegoaren (edo, hobe esanda, entzulegoaren) kexaren aurrean, zineetako teknikariak bolumena jaisten hasi ziren. Ondorioz, aurrerakinak ez zeuden modu horretan emateko prest. Soinuaren frekuentzia ertainek intentsitatea galtzen zuten frekuentzia altuen eta baxuen ondoan. Beraz, aurrerakinetan aktoreen ahotsak ez ziren ondo entzuten musika eta soinu efektuekin batera. Publikoaren kexak ugaritu egin ziren. Soinu nahasketak egiten dituzten teknikariek ere, belarrietarako tapoiak erabili behar izaten dituzte lan egiteko.

Dolby-koek pelikuletako soinua aztertu dute eta publikoaren belarriak mintzen duena identifikatu. Gero eta soinu luzeagoak izan, gero eta zaratatsuagoa ematen du entzulegoarentzat. Bat bateko tiro bakarra entzuten denean nahi den efektua lortzen da; tiroketa oso bat, ordea, deserosoa suertatzen da.

Lantegi batzuetan zarata luzeen neurgailua egoten da, baina aurrerakinetarako ezin dira erabili minutu gutxiko iraupena izaten baitute. Gainera, lantegietako soinu espektroa eta zinemakoa oso ezberdina izaten dira. Horregatik, Dolby-k zinean erabiltzen diren kanal guztiak batera neurtzeko gailua garatu du. Batez ere, 2 eta 6 kilohertzeko tartea arakatzen du, frekuntzia horietan izaten baitira arazorik larrienak.

Zabalketa azkarreko ideia

Dolby-k 550 dolarretan saltzen du neurgailua. Dagoeneko, Hollywoodeko estudio guztiek eta zinemako hamabi konpainiek erosi dute eta zaratarentzat neurri estandarra definitu dute. Estatu Batuaetan, Alemanian, Herbeheretan, Belgikan, Suitzan, Austrian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Hegoafrikan aurrerakinen bolumena jada jaitsi egin dute. Danimarkan, Italian, Espainian, Frantzian, Australian, Hungarian, Polonian eta Islandian aurteango bukaeran jaistea espero da.

Hala ere, British Kinematograph Sound and Television Society-ko Jim Slater adituaren iritziz bolumena jaisteak ezustekoa ekarriko du. «Zineetako teknikariek ez badute aurrerakinen bolumena berriz jaisten, pelikulak oso bolumen handian emango dira. Hori ez da denen gustukoa izango». Gorrak bukatu behar al dugu?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia