}

Zapatak ere birzikla daitezke

1992/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Birziklatzea, gure gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den gaia da. Egunetik egunera gero eta produktu gehiago bihurtzen da birziklagai. Alde batetik hondakinen arazoa gainditzeko bidea baldin bada, bestetik marketing-baliabidea dela ez dugu ahaztu behar.

Hemen azalduko dugun kasua, zapatagintzan garrantzitsuenetakoa den enpresarena, hots, Nike Inc-ena, da. Enpresa honen asmoa erabilitako zapata-zoluak birziklatzea da eta horrela zapata-zolu berriak lortu nahi dira. Produkzioa datorren urtean hastekoa da.

Nike-k dioenez, urtebete baino denbora luzeagoan aritu omen dira laborategian ikerketa intentsiboak egiten. Ikerketa hauen ondorioz, lortutako zapata-zolu birziklatuak zapata estandarraren antzeko elastikotasun eta erresistentzia ditu.

Zer da, bada, azken finean, birziklatzen dena?

Zapata zaharraren zoluko kautxua hartu eta kautxu berriarekin nahasten da, zolu berria lortzeko.

Nike-k hartutako erabaki hau ingurugiroarekiko duen errespetuagatik omen da. Zenbait pertsonak sakonean marketing-arrazoiak daudela pentsatzen badu ere, egia da hondakinen arazoari aurre egiteko beste bide bat dela.

Beraz, irakurle, zure herrian "kiroletako zapata zaharrak" jartzen duen edukinontziren bat ikusten baduzu, ez harritu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia