Yellowstone, kolore sinestezinak

Yellowstone, kolore sinestezinak


Yellowstone, kolore sinestezinak
2010/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: -)

Estatu Batuetako ipar-mendebaldean, sumendi erraldoi batek eztanda egin ondoren gelditutako galdara edo harana da Yellowstone. Duela 642.000 urte izan zen hori, gutxi gorabehera. Eta duela 138 urte, 1872an, munduko lehen parke nazional bihurtu zen.

Ia 9.000 km 2 ditu, eta, bertan, hartz arreak, hartz beltzak, bisonteak, uapiti oreinak, altzeak eta abar bizi dira. Baina, Yellowstoneko gauzarik ikusgarriena eta famatuena bertako fenomeno geotermalak dira.

200 bat geyser eta 10.000 iturburu termal ditu, munduan ezagutzen direnen % 60. Izan ere, Yellowstonen azpiko puntu beroak aktibo jarraitzen du. Azken 50 urteotan 70 cm inguru altxa da itsas mailarekiko.

(Argazkia: Flicka/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Geyserretatik, aldizka, hainbat metroko zorrotadak ateratzen dira, txistu eginez. Eta iturburuetan hauspeatzen diren mineralek egitura bitxiak eratzen dituzte. Iturburu askotan sinesteko zailak diren koloreak ikusten dira: gorri, berde, hori... Bertan bizi diren bakterioen pigmentuak dira, eta putzu batzuetan urak hartzen duen urdin-kolore biziarekin batera, paisaia txundigarriak sortzen dituzte; ia sinestezinak.

2
268
2010
10
018
Geografia; Geologia
Mundu ikusgarria
20

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Geologia