X izpiak, erradiazio-iturrietako bat
2002/04/12 Elhuyar Zientzia
X izpiak eta nuklido erradioaktiboak askotariko helburuekin erabiltzen dira; besteak beste, medikuntzan, armagintzan, energia elektrikoa ekoizteko, suteak detektatzeko, eskumuturreko erlojuak argiztatzeko eta mineralen prospekzioa egiteko. Aplikazioak guk uste baino ugariagoak dira. Istripu nuklearrak eta arma nuklearrak alde batera utzita, eguneroko bizitzan gure gorputzak jasotzen duen irradiazio artifizialik handiena medikuntzako aplikazioetatik eratorritakoa da: bai diagnosian eta bai tratamenduetan jasotzen dena (bortitzagoa da zenbait tratamendutan jasotakoa diagnosian jasotakoa baino).
Dena dela, badira erradiazio-iturri naturalak ere, eta, ziur asko, ezezagunagoak. Zapaltzen dugun lurrean, arnasten dugun airean eta jaten ditugun elikagaietan ere badaude substantzia erradioaktiboak: nuklido erradioaktibo naturalak, hain zuzen ere. Lurrazalean, esaterako, betidanik egon izan dira elementu erradioaktiboak; adibidez, potasio 40a, torioa eta uranioa; azken horretatik eratortzen da airean dagoen radona. Espaziotik datorkigun erradiazio kosmikoak ere badakar berea.
Dena dela, erradiazio naturala gure medioaren ezaugarria da, eta ez digu kalterik sortzen. Aldiz, guk horri gehitzen diogunarekin izan behar dugu kontu, dosia handituz gero, orduan areagotzen baita arriskua.
Esaten da, bada, gauza guztiak bere neurrian hartu behar direla.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia