}

Williamina Fleming. Nork esango zuen astronomo izango zenik

2020/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

williamina-fleming-nork-esango-zuen-astronomo-izan
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

“Emaztea” zirrimarratu, eta “senarra” idatzi zuen gainean. Estatubatuar herritartasuna eskatzeko formularioa betetzen ari zen. Gizonezkoentzat prestatua zegoen. Emaztearen izena jartzeko zen eremuan senarrarena idatzi zuen, eta, ondoan, “zendua” gehitu zuen. “Ofizioa” atala zetorren gero. Irribarrea ezpainetan, distira begietan, hizki bakoitza gozatuz idatzi zuen, astiro: “A s t r o n o m o a”.

Nork esango zion... Hogeita zortzi urte atzera egin zion gogoak. Ongi gogoratzen zuen Harvard College Observatory behatokian lanean hasi zen eguna. Astronomiaz ez zekien deus ere.

1879an izan zen hori. Williamina Fleming etorkin eskoziar gazte bat zen, 22 urte. Hasiera batean, administrazio-lanak egiten jarri zuen zuzendariak. Baina, gero, izarren distira eta posizioak kalkulatzen, eta haien espektroak aztertzen ikasi, eta horri ekin zion, gogotsu, Flemingek. Berehala gelditu zen agerian sekulako talentua zuela.

Edward Pickering zen behatokiko zuzendaria. Iraultzailea izango zen metodologia bat ezartzen ari zen. Zuzeneko behaketen ordez, argazkiak erabiltzearen aldeko apustua egin zuen. Teleskopioz hartutako argazkiak beirazko plakatara pasatzen ziren. Plaka haiek, ongi argiztatzeko, oinarrian ispilu bat zuen euskarri berezi batean jartzen ziren, eta lupaz hurbiletik aztertzen zituzten konputatzaileek. Izarrak puntu gris edo beltz txikiak ziren plaka haietan. Batzuek besteekiko zituzten distira erlatiboak kalkulatuta, distantziak eta koordenatuak kalkula zitezkeen. Espektro-plakak, berriz, izarren argia prisma batetik pasa ondoren ateratako argazkiak ziren; eta plaketan ikusten ziren lerro ilunetan irakur zitekeen izarraren konposizio kimikoa, tenperatura eta kolorea.

Azterketa eta kalkulu haiek egiteko, ordea, lan-ordu asko behar ziren. Pickering arduratuta zegoen konputatzaileek, gehienak gizonezkoak, ez zutelako berak nahi adina aurreratzen. Baina irtenbidea zein izan zitekeen ikusten hasia zen: “Konputatzaile emakumezkoak gai dira askoz soldata handiagoa duten astronomoek adina eta haiek bezain ondo lan egiteko. Horrela, hiru edo lau aldiz laguntzaile gehiago kontratatu daitezke”, utzi zuen idatzita txosten batean.

Fleming hasi zenerako bazeuden emakume konputatzaile gutxi batzuk behatokian. Eta laster izango ziren gehiago. Pickeringek Fleming jarriko zuen haien buru, eta Fleming bera arduratuko zen emakume berriak kontratatzeaz eta trebatzeaz ere. Flemingek hasieratik garbi ikusi zuen emakumeentzat aukera bikaina izan zitekeela hura. Eta ahalik eta emakume gehien kontratatzea bultzatu zuen. Hala, 1893an, 17 emakume zeuden lantaldean; behatokiko langile guztien erdia ziren.

Urte hartan bertan, Chicagon egin zen Astronomia eta Astrofisikako Biltzarrean, “Emakumeentzako lan-esparru bat, astronomian” (A Field for Women’s Work in Astronomy) hitzaldia eman zuen. Behatokian egiten ari ziren lana partekatu, eta emakumeek zientzian lan egitearen alde hitz egin zuen: “Nahiz eta ezin dugun baieztatu emakumea gizonaren berdina dela denean; gauza askotan, pazientzian, teman eta metodoan, kasu, gizona baina hobea da emakumea. Beraz, espero dezagun, astronomian, non emakumeentzat esparru zabal bat ireki den, emakumeak frogatu ahal izango duela gutxienez gizonak adina balio duela”.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Gogor egin zuen lan Flemingek. Izarrak espektroaren bidez sailkatzeko sistema bat asmatu zuen, Pickering-Fleming sistema, izarren hidrogeno-proportzioaren araberakoa. 1890ean argitaratu zuten Henry Draper izar-espektroen katalogoak 10.351 izar zituen, gehienak Flemingek berak sailkatuak.

Aurkikuntza asko ere egin zituen: 10 noba, 310 izar aldakor eta 59 nebulosa, Zaldiaren Burua ospetsua, tartean. Eta lehenengo nano zuria ere Flemingek ikusi zuen.

Ikertzaile nekaezina izan zen. Nahiz eta oso argi zeukan ez ziotela behar adina ordaintzen. “Zuzendariarekin hitz egin dut emakumeen soldatei buruz —idatzi zuen bere egunkarian—. Hark uste du ez dela lanik niretzat gogorregia denik, erantzukizuna edo ordu-kopurua edozein dela ere. Baina soldataren kontua ateratzen badiot, berehala esaten dit soldata bikaina jasotzen dudala, emakumezkoen estandarretarako. Batzuetan, tentazioa sentitzen dut lana utzi, eta nire ordez gizon bat kontratatu dezan uzteko; ea horrela konturatzen den nirekin urtean mila eta bostehun dolarren truke lortzen duenaz, beste lankide batzuek bi mila eta bostehun irabazten duten bitartean. Baina pentsatzen dut emakume batek ez duela halako eskubiderik. Eta garai ilustratua deitzen diote honi, gero!”

1899an, Harvardeko Argazki Astronomikoen Komisario izendatu zuten. Harvard Unibertsitatean titulu ofizial bat lortu zuen lehen emakumea izan zen. Pozik hartu zuen postua, nahiz eta ikerketa-lana faltan botako zuen, bere egunkarian aitortuko zuenez: “Lehengo lanarekin jarraitzerik izango banu, izar berriak bilatzen, espektroak sailkatzen eta haien berezitasun eta aldaketak aztertzen, bizitza ametsik ederrena litzateke”.

Pozik hartu zuen 1906an Royal Astronomical Society-k ohorezko kide izendatuta egin zion aitortza ere. Aurreko urtean izan zen hori. Begiak formulariora jaitsi zituen, eta idatzi berri zuen ofizioari begiratu zion. “Bai, Mina, harro esan dezaken astronomoa haizela”, esan zion bere buruari.

Nork esango zion... Berriz ere, atzera egin zion gogoak; lehen baino pixka bat atzeraxeago. Ia ezagutzen ez zuen hiri batean, haurdun, bakarrik, eta dirurik gabe gogoratu zuen bere burua. Ezkonberritan, senarra eta biak Eskoziatik Bostonera joan ziren bizitzera; eta handik gutxira, haurdun zegoela jakin zuenean, alde egin zion hark. Neskame sartu beste irtenbiderik ez zuen izan; non eta Pickeringen etxean. Pickeringen emaztea ohartu omen zen oso emakume argia zela, eta senarrari iradoki omen zion behatokian lan ona egin zezakeela. Gerora entzun izan zuen inoiz, nagusiak, behategiko konputatzaile gizonezkoen ganora eskasagatik gogaitzen zenean, bota ohi zuela: “nire neskame eskoziarrak ere hobeto egingo luke!”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia