}

Wikipedia, nagiak jota

2009/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Artikulu hau idazteko unean, euskarazko Wikipediak 47.154 artikulu zituen, eta, irakurlearen eskuetara iristerako, litekeena da kopurua are handiagoa izatea. Baina, seguru asko, ez da lehen handitzen zen adina haziko. Izan ere, Espainiako ikerketa baten arabera, Wikipediaren hazkundea moteltzen ari da.

Interneteko entziklopedia ezagunenak boluntarioei zor die arrakasta. Oraindik ez ditu bederatzi urte bete, eta dagoeneko 11 milioi artikulu ditu, 265 hizkuntzatan. Guztia, 150.000 boluntariori esker. Gehienak ikasleak dira, 20-35 urte bitartekoak eta ezkongabeak, baina tartean badira unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak ere.

Wikipediaren moteltzea agerian utzi du Espainian egindako ikerketa batek.

Baina nekatzen ari dira, antza. Hori ondorioztatzen da Madrilgo GSyC/LibreSoft katedrak egin duen ikerketaren emaitzak aztertuta. Hain zuzen, borondatez aritzen den jende-kopurua ez da hazi 2007tik, eta, gainera, lehen baino denbora gutxiago irauten dute Wikipediari lotuta.

Wikipediaren hamar bertsio garrantzitsuenak aztertu ditu ikerketa-taldeak: ingelesa, alemana, frantsesa, poloniarra, herbeheretarra, italiarra, portugaldarra, espainiarra eta suediarra (500.000 artikulu baino gehiago ditu argitaratuta bakoitzak bere hizkuntzan; euskarazkoa zerrendaren 45. lekuan dago). Orain arte Interneteko komunitateak aztertzeko inoiz erabili ez den analisi-mota bat erabili dute; biziraupen-analisia deitzen zaio, eta ohikoa da medikuntzan eta prozesu industrialetan.

Analisi hori eginda, ikusi dute sortu zirenetik boluntario-kopurua haziz joan zela bertsio denetan, 2007ra arte. Urte hartan, lehen aldiz, Wikipedian sartu zirenak baino gehiago izan ziren utzi zutenak: bertsio ingelesean, hilean batez beste 20.000 lagunek utzi zuten, eta 15.000 sartu ziren gutxi gorabehera. Ikertzaileen arabera, kontua larria da, ordutik joera ez baita aldatu, eta horrek arriskuan jartzen du Wikipediaren etorkizuna.

Horrez gain, Interneteko beste komunitate handiekin alderatuta (Debianekin, adibidez), parte-hartzaileak nahiko azkar nekatzen dira. Zehazki, entziklopediaren editore bihurtu eta urtebete igarotakoan, utzi egiten dute. Gainera, haien erdiek 150 egunetan baino gutxiagotan egiten dituzte ekarpenak, alemanezko eta frantsesezko bertsioetakoek izan ezik (201 eta 188 egun, hurrenez hurren).

Denborari eta nabarmenei begira

Horiek batezbestekoak dira, noski, eta editore batzuetatik besteetara alde handia dago. Hala, ikertzaileek agerian jarri dute boluntario-talde txiki batek egiten dituela ekarpen ia guztiak; zehazki, boluntarioen % 10ek edukien % 90 egiten du. Eta horiexek dira, hain zuzen, Wikipedian gehien irauten dutenak.

Ikertzaileek zenbat artikulu nabarmen dauden ere begiratu dute. Boluntarioek aztertu, eta haien arabera kalitate ona dutenei deitzen zaie horrela; nolabait esateko, kalitate-bermea dute. Ingelesezko bertsioan, adibidez, 1.100 artikulutik bat da nabarmen, eta argitaratu eta hiru urtera lortu dute izendapen hori. Bada, ikertzaileen iritziz, oso gutxi dira, gutxiegi, eta horrek ere adierazten du, neurri batean, moteldu egin dela Wikipediaren produkzioa. Are gehiago, boluntarioak erakartzeko estrategiaren bat asmatu ezean artikulu nabarmenen kopurua nekez handituko dela uste dute ikertzaileek.

Datu horiek guztiak eta ikerketan bildutako gainerakoak Espainiako ikerketa-sarean daude, RedIRISen. Hain juxtu, analisi enpirikoak automatizatzeko aukera ematen duen software bat asmatu zuten ikertzaileek, WikiXRay. Horri esker sartu dituzte datuak ikerketa-sarean, eta, hala, mundu osoko ikertzaileek erabil ditzakete, beren ikerketak osatzeko, edo haiekin alderatzeko. Halaber, Wikipediaren azterketarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi du GSyC/LibreSoft katedrak. Wikipediak emango ote du hurrengo ikerketen berri?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia