}

What is IT?

2001/05/27 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


"What is IT?", "Zer da hori?" edo "Zer da IT?" adieraz dezake. Baina lasai irakurle, ez gara oraindik zoratu eta ez gatoz gaur inolako ingeles-ikastaro trinkorik ematera. Jakingo duzunez, ‘IT’-ek ‘hori’ esan nahi du eta hori da, hain zuzen, inork ezagutzen ez den tramankuluaz hitz egiteko aukeratu duten hitza.

Agian jadanik iraultzailea izango omen den asmakizun berri bati buruz zerbait entzungo zenuen. Han eta hemen komunikabide askotan hitz egin da horri buruz, baina orain arte dakiguna hauxe da: IT, inork ezagutzen ez duen asmakizuna baino ez da.

Istorio guztiari inside.com atarian agertu zen artikulu batek eman zion hasiera. Bertan esaten zenez, Dean Kamen asmatzaile estatubatuarrak, konfidentzialtasun-akordio batez babesturik, bere asmakizun berria erakutsi omen zien inbertitzaile-talde bati. Eta ez edonolako jendeari gainera: Macintoshen egilea den Apple-en sortzaile eta zuzendaria den Steve Jobs eta Amazon.com Interneteko denda birtualik handienaren zuzendaria den Jeff Bezos ziren talde txiki baina garrantzitsu hartako partaide.

Artikulu horretan esaten zenez, Kamen-ek bere asmakizunak "bilioika dolar mugitzen dituzten konpainia zaharkituetan" eragin handia izango duela zioen eta "batez ere hirietan dauden produktu zikin, garesti eta batzuetan arriskutsuak direnen alternatiba" izango dela.

Dirudienez, Kamen-ek 10 minutuan muntatu zuen tramankulu berria bihurkin soil baten bidez eta IT guztia bidaiatzeko poltsa-pare batean sartzen da.

Berehala hasi ziren zurrumurruak!

Horren inguruan esan direnak harrigarriak izan dira. Credit Suisse First Boston bankuko arduradunaren arabera, tramankulu berriak bost urtean izango duen hazkundea beste edozein teknologia berrik izandakoa baino handiagoa izango da. Haren esanetan, bost urte barru, Kamen-ek Bill Gates-ek baino diru gehiago izango du.

Apple-en sortzaile Steve Jobs-en arabera, "jendeak tramankulua ikusiten duenean ez dituzu hiriak tresna berriaren arabera diseinatu beharraz konbentzitu behar izango.

Horrela baino ezin izango da".

Bob Metcalfe, Ethernet protokoloaren sortzaileak, IT-ren eragina "fusio hotzak izan dezakeenaren adinakoa" izango dela dio.

Ezagutzen dugun mundua aldatuko omen du asmakizun berriak! Eskerrak Kamen-ek berak ez dion garrantzirik eman nahi izan. Haren ustez, espekulazioa handiegia izan da eta arren eskatu du inork ez dezala "lurra astinduko" duen ezer espero. Kamen beldur da ikusmin handiegia sortu ote den.

Zergatik hortaz horrenbeste zalaparta IT-ren inguruan? Arrazoi nagusia horren asmatzailearen izen ona da. Dean Kamen-ek Teknologiaren domina nazionala jaso berri du, Estatu Batuetako aitorpenik garaiena. Bere aurreko asmakizunek jende askoren bizitza guztiz aldatu du. Orain arte egindakoen artean, intsulina-ponpa eta dialisirako makina eramangarriak eta iBot, lur irregularretan ibiltzeko gai den eta eskailerak igo ditzakeen gurpil-aulki elektrikoa.

Zer izan daiteke bada IT? Zer da hortaz dakiguna?

IT zer den argitzeke dago, baina gutxienez batzuen irudimena martxan jartzeko balio izan du asmakizun berriak.

Dirudienez, nahiko argi dago garraiatzeko tresna batez ari garela. Patenteen erregistroan Kamen-en DEKA enpresak ziklomotore- eta patinete-itxurako hainbat patente egin ditu. Izan ere, bere azken asmakizuna iBot izeneko gurpil-aulki elektrikoa da. iBot-ak eskailerak igo eta jaitsi ditzake, hondarretan ibili eta apaletara helarazteko ezindua ere igo egin dezake. Horretarako, giroskopioaz eta prozesadoreen azken teknologiaz baliatzen da. Zortzi urteko ikerketa eta 50 milioi dolarreko aurrekontuaz

9.000 milioi pezeta/370 milioi libera

DEKA konpainia Stirling motako motorrak garatzen ere badabilen susmoa handia da. Stirling motorretan gasez betetako ganberaren alde bat hotz mantentzen da eta beste aldea berotu egiten da. Alde bat berotzen doan neurrian, barruko gasa hedatu egiten da eta bi aldeak banatzen dituen pistoia mutur hotzerantz mugitzen da.

Stirling motorren abantaila nagusia beraien errendimendua da: % 50ekoa, barne-errekuntzako motorren % 35arekin konparatuz. Gainera berotzea pixkanakakoa denez, Stirling motorrak oso gozo eta isilik dabiltza. Baina orain arte ez da autoetan erabiltzeko motor egokirik garatu. Izan ere, errendimendu ona lortzeko, erradiadore handiegia behar dute mutur hotza behar beste hotz mantentzeko. Gainera, abiatu aurretik, Stirling motorrak minutu batzuez berotu egin behar izaten dira eta hori ez da praktikoa.

DEKA enpresakoek nitrogenoa edo hidrogenoa erabiltzen duen motor baten patentea ere egin dute eta, dudarik ez, erabilera arruntetan erabiltzeko motor garbi eta merkea garatuko balu, aldaketa izugarria izango litzakeela.

IT-a, hortaz, autoen ordezkoa edo behintzat autoen aldaketa handi bat izan daiteke, Steve Jobsen hitzen arabera, "hiri berriak IT berriaren arabera diseinatuko" baitira. Baliteke IT-a iBot-ean oinarritutako ibilgailua izatea, eguraldi guztietarako eta erabilera arruntetarako egokitua. Berrikuntzarik garrantzitsuena motorrean legoke, hidrogenoz dabilen Stirling motako motorrean oinarritua akaso. Erabilerari dagokionez, motorraren tamaina txikia kontuan izanik, ez litzake egokia izango ibilaldi luzeetarako, baina bai ordea hiri barruan eroso ibiltzeko. Abantaila argia izan daiteke, aparkalekurik beharko ez balu eta norberarekin bulegora eramateko modukoa balitz.

Dena den, guztia espekulazio hutsa baino ez da, baina IT-ren ingurukoak zerbait argi utzi badu behintzat, Internetek berriak zabaltzean duen eragina izan da. Pentsa ezazu irakurle, Harvard Business School Press argitaletxeak 250.000 $ (46 milioi pezeta, ia 2 milioi libera) ordaindu ditu dagoeneko IT-ri buruzko liburua idazteko egile-eskubideengatik. Eta 2002 urtera arte IT delakoa merkatuan ikusiko ez dugun arren, milaka pertsonek erosi dute dagoeneko Interneteko amazon.com gunean bere prezioa ere ezagutu ez arren. Nora helduko ote gara?

Argi dagoenez, IT existitzen ez bada, asmatu egin beharko da!

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia