Web mugikorretik nabigatzeko modu berriak (I): Geokokapena

2010/07/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Webean erabiltzen diren estandarrak definitzen dituen erakundeak, W3C edo World Wide Web Consortium-ek, lan-ildo ugari ditu irekita webaren gidalerroak zehazteko; adibidez, aurreko beste artikulu batzuetan hitz egin dizuegu web semantikoaz edota HTML 5ez. Baina esku artean dituzten proiektu ezezagunagoetan arakatzea oso argigarria suerta daiteke etorkizuneko weba nolakoa izan daitekeen aurreikusteko. Hurrengo bi artikuluetan web mugikorrarekin zerikusia duten nabigatzeko joera berriak arautzeko egiten ari diren lanak aurkeztuko dizkizuegu, hurrengo urteetan joerok webeko nabigazio orokorrera zabalduko direla dirudi eta.
Web mugikorretik nabigatzeko modu berriak (I): Geokokapena
2010/07/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: © iStockphoto.com/Thesuperph)

Weba sortu zenetik oraintsu arte, nagusiki ordenagailu arruntetan erabili da, Internetera konektatzeko kable bidezko konexioa behar izaten baitzen. Baina azken urteotan, WiFi edo telefonia mugikor bidezko konexioak ugaritu direnetik, web mugikorra deritzon fenomenoa sortu da, edozein tokitan gaudela gailu mugikor bat erabiliz nabigatzea, alegia. Horrelako gero eta gailu mugikor gehiago dago: ordenagailu eramangarriak, netbook edo ultraeramangarriak, nabigatzeko gaitasuna duten telefono mugikor edo smartphone ak, Apple-ren iPad-a eta haren arrakasta aprobetxatuz berpizten ari diren tablet ak... Mugikortasunak berak eta gailu hauek dituzten ezaugarriek aukera berri ugari sortu dituzte nabigazioan, eta gailuen ekoizleak eta zerbitzu-emaileak hasi dira nabigazio-aukera berriak ematen. Baina gauza guztien hasieretan gertatzen den bezala, bakoitzak bere modura egiten du, eta horregatik ari da W3C horiek estandarizatu nahian, edozein zerbitzu-mota edozein gailutan erabili ahal izateko.

Geokokapena: gauden tokiari egokitutako zerbitzuak

Gailu mugikor batek baditu bideak zein koordenatu geografikotan dagoen jakiteko. Gailu batzuek GPS sistema daukate txertatuta, eta horren bidez zehaztasun handiz jakin dezakete kokapena. Telefonia mugikorreko sarearen bidez konektatzen direnek, hurbilen dituzten telefonia mugikorreko antenen triangelaketaren bidez ezagut dezakete posizioa. WiFi bidez konektatzen direnek, berriz, hornitzailearen IP helbidea eta Interneteko datu-baseak erabil ditzakete gutxi gorabehera non dauden jakiteko. Gaitasun horri geokokapena deritzo.

Gailu mugikorretako hainbat aplikaziok erabiltzen dute jada posizioa informazio hobea emateko. Esate baterako, errealitate gehituko aplikazioentzat funtsezko informazioa da hori, ikusten ari denaren inguruko informazio gehigarria emateko (ikus 2009ko abenduko artikulua).

Baina Interneten nabigatzen ari garela ere oso baliagarria izan daiteke informazio hori: gure nabigatzaileak web-zerbitzu bati non gauden esaten badio, informazio egokitua eman ahal izango digu web-zerbitzu horrek. Adibidez, Googlen edo beste bilatzaileren batean "jatetxeak" bilatuz gero, gugandik hurbil dauden jatetxeak erakutsi ahal izango lizkigukete; nahi izanez gero, haietaraino dagoen distantziaren arabera ordenatu ahal izango lirateke emaitzak, eta nola iritsi ere adierazi ahal izango ligukete. Publizitatea ere fokatuagoa eta baliagarriagoa egin ahalko lukete: gaur egun ikusten ari garen web-orri baten gaiarekin lotutako publizitatea erakusten diguten bezala, etorkizunean inguruan ditugun dendena erakutsi ahal izango ligukete.

Web mugikorrean ez ezik, ohiko ordenagailu finko bateko nabigazioan ere erabil daitezke zerbitzu horiek. IP helbidearen metodoaren bidez jakin daiteke gutxi gorabehera, non gauden eta bilaketa baten emaitzak edo publizitatea gure herrikoak soilik izatea ere posible da.

Estandarra definitzen

Aipatutakoak eta beste asko errealitate bihurtu ahal izateko, W3C erakundean lantalde bat dago, helburutzat daukana "kokapena kontuan hartzen duten web-aplikazioetarako interfaze bat definitzea, segurua eta pribatutasuna kontuan izango duena, bezeroak geokokapenaren inguruko informazioa erabili ahal izateko". Hau da, geokokapenerako API estandar bat definitzen ari da, guk hala nahi badugu web-zerbitzuek non gauden jakin ahal izan dezaten. 2009ko uztailean aurkeztu zuten azken zirriborroa, eta orain gomendio bihurtzeko prozesuan dago.

Hala ere, nabigatzaile batzuek jada inplementatua dute geokokapeneko APIa (Firefox 3.5 edo berriagoa, Google Chrome 5.0 edo berriagoa, iPhone 3.0 edo berriagoa eta Android 2.0 edo berriagoa). Horietako bat baduzu, jada erabili edo probatu ditzakezu geokokapena erabiltzen duten hainbat web-zerbitzu edo demo, adibidez http://diveintohtml5.org/geolocation.html (Google Maps-en erakusten dizu non zauden), http://www.beowulfe.com/oil/ (BP-ren petrolio-isuriaren orbana mapa batean kokatzen du zu zauden tokian zentratuta, bizi zaren lurraldearen tamainarekin konpara dezazun) edo http://www.html5rocks.com/samples/geolocation/trip_meter/ (ibilitako distantzia neurtzen doana).

Ziurrenik, laster gaur egun existitzen diren web-zerbitzuek aukera berri oso interesgarriak emango dituzte geokokapena erabilita, eta horretan oinarritutako zerbitzu berriak ere sortuko dira.

Hurrengo zenbakian W3C lantzen ari den beste ezaugarri baten inguruan ariko gatzaizkizu; hura ere web mugikorrerako sortu da, baina etorkizunean edozein web-nabigazio motari aplikatu ahal izango zaio: atzipen multimodala deritzo; alegia, web-zerbitzuak teklatua eta sagua ez diren beste interfaze batzuen bidez erabiltzeko aukera (ahotsa, esku-keinuak eta abar).

Leturia Azkarate, Igor
2
266
2010
7
016
Internet; Softwarea; Periferikoak
Mundu digitala
40

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia