WAP teknologia komunikazioen harian
2000/04/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun egiten diren telefono mugikor guztiek daukate teknologia hau eta joan den urtearen amaieratik daude merkatuan WAP teknologia (Wireless Application Protocol) erabiltzen duten telefono mugikorrak. Hala ere, beren unea orain iritsi arren, badirudi aurtengo urtearen amaierarako merkatua honelako telefonoz gainezka egongo dela. Telefono hauetatik Internetera konektatu ahal izango gara eta horrela gure telefono arruntetik Internetek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatu. Orain artean erabiltzen zen SMSren bidez hainbat aukera genituen: berriak irakurri, burtsako kotizazioak jaso, eguraldi-aurreikuspenak ikusi, etab. Hemendik aurrera bestelako aukerak izango ditugu, bereziki merkataritza elektroniko eta jokoentzako aukerak.
CEBIT 2000
Otsailean Hannover-en ospatu den Cebit 2000 informatika-azoka garrantzitsuan WAP teknologia duten mugikorrak izan dira nagusi. Bertan, teknologia hau erabiltzen duten etxe handienek beren produktuen eskaintza zein izango den aurkeztu dute. Gauza jakina da telefono mugikorraren pantailan ezingo dela webgune arrunta ikusi, baina horretarako ari dira etxe handiak webgune berezituak sortzen, edo orain dauden webgune garrantzitsuenekin akordioak sinatzen, telefono mugikorrentzat ere egokitu ditzaten. Esate baterako, Nokia etxeak Amazon-ekin egindako akordioa azaldu zuen, beren telefonoen erabiltzaileek liburu, disko eta antzekoak telefonotik erosteko aukera izan dezaten. Motorolak berriz, telefonoz atzitzeko Internet-eko atari propioa sortzeko asmoa du, Amazon eta Digital Bridges jokoen gunearekin ere akordioak sinatu dituelarik.
Arazoa ordea, beste bat da. Teknologia garatuta egon arren, telefonora sarbidea eskaintzen duten zerbitzari gehienek oraindik ez dituzte beren sareak egokitu era honetako zerbitzuak eskaini ahal izateko eta oso gutxi izango dira urte honen amaiera baino lehen zerbitzu hau eskaintzeko gauza izango direnak, dagoenekoz eskaintzen dutenek ere abiadura motela dute. Datorren urtera arte itxaron beharko dugu, beraz, Internet gure telefono mugikorrean izan ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia