}

Vostok lakua: eztabaida beroa izotzetan

2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antartikan dagoen Vostok lakuak ez du Eguzkiaren izpirik jaso azken 15 milioi urteetan, gutxienez. Zientzialariek interesa dute ikusteko nolako ekosistema dagoen hainbeste denboran atmosferarekin kontakturik izan ez duen inguru horretan.
Kanadako Espazio Administrazioa

Antartikan dagoen Vostok lakuak ez du Eguzkiaren izpirik jaso azken 15 milioi urteetan, gutxienez. Izan ere, izotz-geruza lodi baten azpian dago. Zientzialariek benetako interesa dute ikusteko nolako ekosistema dagoen hainbeste denboran atmosferarekin kontakturik izan ez duen inguru horretan. Gainera, horrek lagundu egingo die jakiten zer aurki dezaketen Marten eta Lurretik kanpoko beste leku batzuetan aurkitu diren izotz-kaskoetan.

1989an, klima-aldaketaren zantzuak aurkitu nahian, zientzialariak lakuaren gaineko izotzaren laginak biltzen hasi ziren. Ez zirenez bizidunen bila ari, ez zituzten laginak hartzeko tresnak esterilizatu, eta gero laginak ez zituzten gorde kutsadurarik ez izateko moduan. Uretara iristeko 130 metro gelditzen zirenean, zulatzeari utzi zioten, ura ez kutsatzearren.

Zalantzazko froga

Vostok lakuaren gaineko izotza.
AAAS

Sakonera horretan, izotza lakuko bertako ur izoztua da, eta, hortik hartutako lagina aztertu zutenean, mikroorganismoak aurkitu zituzten lau ikertzaile-taldek. Orduan, lakuan bizia dagoela ondorioztatu zuten.

Beste ikertzaile batzuk, ordea, ez daude inolaz ere ados. Errusiako ikertzaile batek laborategian eta zulatzeko tresnetan zeuden mikroorganismoak zerrendatu ditu, eta laginekoekin alderatu ditu. Horrela ikusi du hiru izan ezik beste denak kanpotik sartutakoak direla.

Oxigeno hilgarria

Horretaz gain, ikertzaile errusiarrek eta frantziarrek uste dute lakua toxikoegia dela bizia izateko. Izan ere, lakuaren gaineko izotzean dauden aire-burbuiletatik oxigeno asko pasatu da uretara, eta, handik ezin duenez inora alde egin, oxigeno-kontzentrazioa oso altua da. Zehazki, oxigeno-kontzentrazioa laku arruntetan baino 50 aldiz handiagoa dela kalkulatu dute. Kontzentrazio horretan, oxigenoa oso toxikoa da, eta, gainera, hidrogeno peroxidoa eta erradikal askeak ere badaudela uste dute.

Vostok lakuaren gaineko izotzean aurkitutako mikroorganismo bat.
AAAS

Alabaina, estatubatuarrek ez dituzte kalkulu horiek ontzat hartu. Haien esanean, oxigeno-kontzentrazioak ez du zertan hain altua izan. Bestalde, erradikal askeak sortzeko kondiziorik ez dago lakuan, eta, gainera, mikroorganismo batzuk gai dira antioxidatzaileak ekoizteko. Azkenik, baliteke hondoa anaerobioa izatea. Beste laku batzuetan ere geratzen da fenomeno hori, eta, beraz, gehiegizko oxigenotik babesteko modua izango lukete mikroorganismoek ur sakonetan.

Izotzean zehar, uretaraino

Agian, zalantza eta eztabaida horiek guztiak laster bukatuko dira, Errusiako talde batek izotza uretaraino zulatzeko asmoa baitu 2006-2007ko udan. Nazioarteko beste talde batek ere badu lakuko uretara iristeko asmoa, eta esterilitatea bermatzeko neurri oso zorrotzak hartuko dituzte; besteak beste, autoesterilizatzen den robot bat erabili nahi dute.

Marteren Ipar poloko izotz-kaskoa.
NASA

Errusiarrek, berriz, lehen lagina lortzeko egin zuten zulo beretik iritsi nahi dute lakuko uretara. Zulo hori dagoeneko erabat kutsatuta dago; horregatik, beste ikertzaileak beldur dira errusiarrek lakua kutsatuko dutela.

Baina jokoan ez dago bakarrik Vostok lakuaren esterilitatea. Kontua da laku hori oso laborategi ona dela espazioan dauden izotz-kaskoak esploratzeko.

Marten eta hainbat ilargitan ere badago izotza, eta han nola jokatu ikertzeko eta probak egiteko ere balio dute Vostok lakuan egiten ari diren lanek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia