Vera C. Rubin behategiaren lehen irudiak aurkeztu dituzte
2025/06/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izarren hautsa, Trifida eta Aintzira nebulosak ageri dira Vera C. Rubin behategiak erakutsi duen lehen irudian. Behategiaren lehen emaitzak gizarteratzeko pentsaurrekoan, beste hainbat irudi ere aurkeztu dituzte, denak lehen hori bezain harrigarriak, duten bereizmenagatik, eta ezagutzen ez ziren xehetasunak agerrarazteagatik.
Horrekin, hamar urteko misioa abiatu du Vera C. Rubin behategiak. Materia ilunaren hipotesia proposatu zuen astronomoaren izena darama behategiak, eta, hain zuzen, materia ilunaren nolakotasuna argitzea da haren helburu nagusietako bat. Horrez gain, beste galdera batzuei ere erantzun nahi die: nola sortu zen eguzki-sistema, zer objektu eta egitura dituen Esne Bideak… Horretarako, inoizko kamera astronomiko handienaz hornitu dute. Txilen eraiki dute, Cerro Pachón mendian, 2.682 metroko garaieran. Handik, zeru australaren time-lapsea hartuko du kamerak. Izugarrizko bereizmena dauka (3.200 milioi pixel), 8,4 metroko ispilua, azkar biratzeko ahalmena, eta azpiegitura informatiko indartsua.
Azaldu dutenez, hiru gauez behin, hego hemisferioko zeru ikusgaia osoa jasoko du irudietan, eta urtez urte egingo du operazio bera. Ordenagailuek, berriz, irudiak alderatuko dituzte, eta, hala, aldaketa sotilenak ere antzemango dituzte: eguzki-sistemako objektu berriak, supernovak… Esaterako, lehen irudietan jada detektatu dituzte ezagutzen ez zituzten milaka asteroide.
Behategiaren sorreran 30 herrialde baino gehiagoko ikertzaileek parte hartu dute. LSST irabazi askorik gabeko korporazio astronomikoak sortu zuen, eta AEBko Zientzia Fundazioaren (NSF) eta beste instituzio ofizial batzuen laguntza ekonomikoa jasotzen du, besteak beste. Hortaz, nolabait, AEBko gobernuaren menpe dago, eta dagoeneko jasan ditu Trumpen gobernuaren erabakiak.
Hain zuzen, behategiaren webgunean Rubinen biografia azaltzen da. Lorpen zientifikoak ez ezik, emakume astronomoei bidea irekitzeko egin zuen lana ere nabarmendu zuten webgunearen arduradunek. Trumpen gobernuak, ordea, dibertsitatearen, ekitatearen eta inklusibitatearen aldeko guztia ezabatzea erabaki du, eta, horrenbestez, behategiaren webgunetik desagertu egin dira Rubinek berdintasunaren alde egindako lanari buruzko aipamenak.
Hori alde batera utzita, astronomoek gogo biziz hartu dituzte Rubinen omenezko behategiak jasotako lehen irudiak, eta ez dago zalantzarik informazio baliotsua erauziko dutela haietatik, eguzki-sistema hobeto ezagutzeko, eta kosmologian sakontzeko.
