“Uste okerrei aurre egiteko, funtsezkoa da pentsamendu zientifikoa sustatzea”
2016/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bai, jakina. Guk kausa-efektu erlazioak sortzeko joera ikertzen dugu. Oso joera sendoa da, erabat errotuta dago guztiongan, eta oso baliagarria zaigu gertakarien zergatia gure buruei azaltzeko. Adibidez, istripu bat izan badugu, zergatia jakin nahi dugu, berriro gertatzea saihesteko. Edo gaixotu bagara, berdin, gaitzaren jatorria ezagutu nahiko dugu, hurrengoan aurre hartzeko.
Egunerokoan, beraz, etengabe sortzen ditugu erlazio kausalak eta horietan oinarrituta egiten dugu aurrera. Baina prozesu honek badu bere alde txarra ere: erlazio edo lotura horiek ez baditugu zalantzan jartzen, gerta liteke lotura okerrak ontzat jotzea, ilusio hutsak izatea.
Ilusio hauei ilusio kausalak esaten diegu. Gure ikerketa-lana honen gainean ardazten da, batez ere. Esate baterako, atzo gorputzaldi txarra banuen eta hobetzeko asmoz pilula bat hartu banuen, gaur ondo banago oso normala izango da pentsatzea pilulari esker izan dudala hobekuntza hori. Ez du zertan horrela izan, ordea. Agian, pilularik hartu izan ez banu ere, atzo baino hobeto egongo nintzateke gaur; izan ere, litekeena da berez egitea onera. Alabaina, gutxitan ohartzen gara horretaz. Jende gehienak, edo askok behintzat, egingo dute kausa-efektu lotura hori, okerra izan daitekeela ohartu gabe.
Hori da. Ez dugu begiratzen zer gertatzen den ustezko kausa ez badago. Gainera, zenbait faktorek indartu egiten dute ilusioa. Esaterako, frogatuta dago, ustezko kausa eta efektua jarraian gertatzen direnean, ilusioa sortzeko arriskua handiagoa dela. Hau da, A gertatu ondoren B gertatzen bada, litekeena da B A-ren ondorio izatea. Askotan egia izango da, baina beste askotan ez.
Gauza bera gertatzen da biak, hau da, ustezko kausa eta nahi dugun efektua, sarritan gertatzen badira. Hain zuzen ere, ilusioa sortzen gehien eragiten duen faktorea da itxarondako efektuaren maiztasuna. Alegia, sarritan sendatzen den gaitzaren kasuan errazagoa da ilusioa garatzea, sendatzen ez den gaitz batekin baino. Zenbat eta sarriago gertatu itxarondako efektua, orduan eta errazago sortzen da ilusio kausala.
Are errazagoa da ustezko kausa ere sarritan baldin badago. Izan ere, sarritan agertzen bada ustezko kausa hori, areagotu egiten da ustezko kausa eta itxarondako efektua batera edo justu jarraian gertatzeko aukera. Horrek areagotu eta indartu egiten du ilusio kausala sortzeko aukera.
Bai, baina horrela ote den bermatzeko, kausarik gabe zer gertatzen den begiratu beharko genuke, eta hori ez dugu egiten egunerokoan. Horregatik, erraza da ilusio kausala sortzea, bereziki, lehen emandako adibidean: ustezko kausa eta itxarondako efektua sarritan gertatzen direnean.
Horren erakusgarri da homeopatia: homeopatek tratamendua sarritan hartzea gomendatzen dute; horrenbestez, errazagoa da pazienteak onura nabaritzea justu pilula edo tantak hartu dituen aldietako baten ondoren. Eta pazienteak tratamenduari egotziko dio hobekuntza.
Beste faktore bat ere gehitzen zaio horri: albo-ondoriorik ez izatea. Oro har, terapia alternatiboek ez dute albo-ondorio zuzenik. Hortaz, haiek hartuta, izatekotan, onura sumatzen duzu, eta kalterik ez. Onura berbera izango zenuke ezer hartu gabe ere, horixe baita terapia alternatiboen ezaugarria: ez direla plazeboa baino hobeak. Kontua da zuk hartu egin dituzula, eta onera egin duzula. Beraz, ez zaizu haiekiko susmo txarrik pizten, ez duzu hartutako erabakia, hau da, homeopatia hartzea edo halako terapia batengana jotzea, zalantzan jartzeko inolako arrazoirik.
Noski, hori hala da. Edo euren seme-alabei txertoak ez jartzea erabakitzen duten gurasoen kasuan. Hor dago arriskurik handiena. Baina arrisku hori ez dagoenean, gure esperimentuetan ikusi dugu, esperimentua egiten ari den subjektuak aukera duenean balizko sendagaia emateko, efektua izan zein ez, sarriagotan emango duela ez badu albo-ondoriorik. Eta sarritan ematen duenez, areagotu egiten da sendatzearekin batera gertatzeko probabilitatea. Eta horrek berak, are sarriago ematea eragiten du, botika emateak sendatu egiten duelako ilusioa sortzen baitzaio subjektuari.
Bai, unibertsitateko ikasleekin egiten ditugu esperimentuak, ordenagailuetan. Dena den, aipatu ditugun mekanismoetako batzuk lehendik ere aski frogatuta daude. Guk errepikatu egiten ditugu, eta ekarpen berriak ere egiten ditugu, baina batzuk aspaldikoak dira, eta nazioartean errepikatu dira.
Izan ere, berdin du nongoak garen, gure garunak berdin funtzionatzen baitu han eta hemen. Kulturaren arabera, alda daiteke ilusioaren gaia. Esate baterako, Hollywooden zine-izar ospetsuek adierazten badute ez dituztela txertatu beren seme-alabak, agian han hori zabalduko da, eta, hemen, berriz, beste uste oker bat ohikoagoa izango da hori baino. Edonola ere, sakonean, arrazoi berberak daude guztien atzean.
Adibidez, aspaldi frogatutakoen artean dago esperotako emaitzaren maiztasunaren garrantzia. Egin kontu, horren inguruko lehen esperimentuak 1970eko hamarkadakoak dira, eta gero askotan eta munduko edozein txokotan frogatu da behin eta berriz, eta guri ere esperimentu guztietan ateratzen zaigu. Ustezko kausaren maiztasunarena ere, berdin; geroagokoa da, baina hori ere emaitza klasiko bat da.
Beste bat aipatzearren, guk ere ikusi duguna, depresioa duten pertsonen kasua da: besteek baino joera handiagoa dute ohartzeko ezin dutela efektua kontrolatu, ez dagoela haien esku. Eszeptikoagoak dira. Guk pauso bat gehiago eman dugu, eta, ikusi dugunaren arabera, uste dugu horren esplikazioa portaerazkoa dela. Izan ere, depresioa duena normalean pasiboa da, eta ez du kausa eragiten. Hortaz, errazago konturatzen da, berak ezer egin gabe ere, efektua gerta daitekeela. Aldiz, pertsona aktibo batek kausa eragiteko joera du, eta, orduan, errazagoa da bat egitea efektuarekin; horrenbestez, errazago sortuko zaio ilusioa, depresioa duenari baino. Gure ekarpena, beraz, hori da: informazioa modu desberdinean interpretatzen dutela batzuek eta besteek, baina horren aurretik portaera ere desberdina dutelako, ez dutelako berdin jokatzen.
Neurri batean, bai. Hain zuzen, esperimentuek erakutsi diguten horretan guztian oinarrituta, prebentzio-estrategiak diseinatzen ari gara. Egia esan, gauza asko probatu dira eta guk ere probatzen ditugu, baina denek bat egiten dute niretzat funtsezkoa den kontu batean: pentsamendu zientifikoa sustatzean. Horrek ez du esan nahi zientzian oso jantziak izan behar dugula denok, ez da hori; da metodo zientifikoaren arabera pentsatzea eta horretan oinarrituta jokatzea. Kritikoak izatea eta zalantzan jartzea esaten zaiguna, frogatu arte. Ez konformatzea “ba niri funtzionatzen dit” mezuarekin.
Hori bai, aipatzekoa da batzuetan estrategia okerrak ere erabili izan direla, hala nola ezjakintzat jotzea uste okerrak dituena, edo errudun bihurtzea. Horrelakoak ez dira sekula egin behar. Heziketaren bidez eragin behar da.
Ildo horretatik, nerabeekin badugu programa bat pentsamendu zientifikoa trebatzeko, eta frogatu dugu hasieran zuten ilusio kausalerako joera galdu egiten dela neurri batean, pentsamendu zientifikoa barneratzen dutenean. Eraginkorra da, beraz. Orain hau umeekin nola landu aztertzen ari gara. Oso kontu polita da, eta uste dugu garrantzitsua dela gaztetxotan garatzea ingurua interpretatzeko gaitasun kritiko hori, beti izango baitzaie baliagarria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia