Urrutiko elektrokardiografoa
2002/01/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gaixoa ukitu gabe bihotz-taupadak jasotzeko gai den tresna bat asmatu dute Britainia Handiko Sussex-eko Unibertsitateko ikertzaileek. Bihotzaren jarduera ikusteko, azalean itsasten diren kuxin txiki batzuk dituzte gaur egungo elektrokardiografoek. Horien bidez, taupada bakoitzean bihotzak eragiten duen seinale elektrikoa jasotzen da eta, anplifikatuta, inprimagailura edo pantailara bidaltzen da. Baina azala ukitzearen ondorioz, seinalea pixka bat desitxuratu egiten da. Gainera, ukitu ezin diren gaixoen elektrokardiogramak egitea ezinezkoa da, adibidez, bularrean erredura larriak dituztenenak.
Oraingoz, metro bateko distantziara bihotz-taupaden seinale elektrikoak jasotzeko gai den sentsorea garatu dute. Zentimetro bateko diametroa du eta, lorpena garrantzitsua bada ere, are gehiago hobetzea espero dute. Izan ere, gorputzeko beste seinale elektriko batzuk jasotzeko tresnak egin nahi dituzte, esaterako, garuneko jarduera konexiorik gabe jaso ahal izateko. Hartara, besteak beste, posible izango litzateke fetuaren garuneko jarduera ikustea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia