}

Urrutiko eguzki-sistema bat aurkitu du Keplerrek

2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urrutiko eguzki-sistema bat aurkitu du Keplerrek
2011/03/01 | Elhuyar
Aurkitu berri duten eguzki-sistemaren irudi artistikoa. Arg.: Tim Pyle/NASA.

Kepler espazio-teleskopioak kaleratutako azken emaitzetan, exoplaneta izateko mila hautagai baino gehiagoren datuak eman ditu. Batzuk dagoeneko baieztatu dituzte, eta horietatik seik izar baten inguruan orbitatzen dute, hau da, eguzki-sistema bat osatzen dute.

Eguzki-sistema aurkitu berriaren izarra, Kepler-11, 2.000 argi-urtera dago. Sei planeta horietatik bost merkurio gure Eguzkitik baino gertuago daude beren izarretik, eta seigarrena, berriz, distantzia horretara, gutxi gorabehera. Hortaz, tenperatura hain altuak dituztenez, ez dute bizia sortzeko edo hartzeko aukerarik.

Astronomoek planeta guztiak nahiko handiak direla nabarmendu dute. Hain zuzen ere, sistemaren masa Lurrarenaren masa halako 10 da; gure eguzki-sisteman, berriz, Lurraren orbita baino 5 aldiz handiagoa den erradioaren barruan, sistemaren masa Lurrarenaren bikoitza baino ez da. "Ez genuen inolaz ere espero hain planeta handiak topatzea izar bakar baten inguruan hain hurbil orbitatzen", adierazi du horren harira ikerketa-buruak, NASAren Ames ikerketa zentroko ikertzaile Jack Lissauerrek.

Are gehiago, Lissauerren esanean, 1995ean lehen exoplaneta aurkitu zenetik "gertakari handiena da" eguzki-sistema hori detektatu izana. Exoplaneta horiek aztertuta, planeten eraketari buruzko ondorio garrantzitsuak ateratzea espero dute ikertzaileek.

Baina Keplerrek, horiez gain, beste exoplaneta asko ere detektatu ditu. Kontuan izanda eguzki-sistemaren antzeko sistema bat, eta bereziki, Lurraren pareko exoplaneta bat topatzea dela astronomo askoren ametsa, orain badute non bilatu.

1
273
2011
3
003
Astronomia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia