Uretan erresistenteagoa bihurtzen den biomaterial bat sortu dute

Urez bustitakoan erresistenteagoa bihurtzen den biomaterial bat sortu dute. Arg: IBEC


Kitosanoari nikela gehituta, urez bustitakoan are erresistenteagoa bihurtzen den lehen biomateriala aurkeztu du Kataluniako Bioingeniaritza Institutuak (IBEC). Aurreratu dutenez, material aproposa izan daiteke plastikoak ordezkatzeko.

Plastikoa ordezkatzeko garatu diren biomaterial gehienak ahuldu egiten dira bustiz gero, eta horrek, noski, erabat mugatzen du haien erabilera. Arazo hori gainditzeko, estalki babesleak erabiltzen dira, edo, bestela, kimikoki eraldatzen dira, baina, orduan, plastikoekiko duten abantaila galtzen dute, eraldaketa horiek ingurumerako arriskutsuak bilakatzen dituztelako.

«Plastikoa ordezkatzeko garatu diren biomaterial gehienak ahuldu egiten dira bustiz gero»

IBECen garatu duten materiala kitinaren eratorri batean oinarritzen da: kitosanoan. Zelulosaren ondotik, munduko molekula organiko ugariena da; adibidez, artropodoen azalaren osagaia da. Ikertzaileen esanean, paradigma-aldaketa bat da: orain arte materiala naturatik isolatzean oinarritzen zen garapena, eta, oraingoan, justu alderantzizkoa bilatu dute: naturarekin elkarrekintza izatea.

Naturan oinarrituta

Nereis virens zizareari erreparatu zioten: zizareen letaginei zinka erauziz gero, bigundu egiten dira uretan sartzean. Hortik ondorioztatu zuten metalek funtsezko zeregina izan zezaketela biomaterialen portaeran. Hortik abiatuta, nikelarekin egin zuten proba, naturan baitago, kitinarekin erraz interaktuatzen baitu eta uretan ondo disolbatzen baita.

Hala, kitosanoari nikela gehitu, eta film mehetan prozesatu dute. Uretan sartuta, % 50 erresistenteagoa bihurtzen dela frogatu dute. Zero hondakineko ekoizpen-prozesu bat diseinatu dute, eta badu beste abantaila azpimarragarri bat: industrialki eskalagarria da. Gainera, lehengaia lekuan leku lor daiteke; hau da, ez du jatorri bakarrekiko mendekotasunik sortzen.

Aplikazioen artean, hauek aipatu dituzte: nekazaritza, arrantzarako materiala, ontziak eta bilgarriak, eta, seguru asko, baita material sainitarioa ere. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali