}

Uraren mitoa, benetan da ona ur asko edatea?

2002/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Sarritan entzun ohi da oso osasungarria dela ur asko edatea. Eta egia da urik edan gabe ezin garela bizi: janik gabe, gorputzak epe batean nahiko ondo irauten du; urik gabe, berriz, ikaragarri laburtzen da epe hori. Baina, ba al dago egunean bi litro ur edateko arrazoi zientifikorik? Benetan da osasungarria hainbeste ur edatea?

Giza gorputzaren ia hiru laurden ura direla jakinda, argi gelditzen da zenbaterainokoa den uraren garrantzia. Osagai nagusia izateaz gain, gorputzak bizitzeko beharrezkoak dituen funtzioak betetzen ditu; besteak beste, elikagaiak eta gasak garraiatzen ditu, hondakinak kanporatzen laguntzen du (gernuaren eta gorotzen osagaia baita), gorputzaren tenperatura erregulatzen du, hezurren arteko giltzadurei labaintzen laguntzen die, leuntasuna ematen dio azalari eta sendotasuna ehunei...

Munduan milioika lagunek gomendatutako 2 litro ur baino gutxiago edaten dute, eta horrek ez die osasuna kaltetzen.

Bestetik, gorputzak ur asko galtzen du, batez ere gernuaren bidez. Hain zuzen, egunean litro bat baino gehiago galtzen da gernuan, baina, horrekin batera, metabolismoaren jardueran sortzen diren hondakinak kanporatzen dira. Hondakin horien artean urea da garrantzizkoena, eta urea proteinek ematen duten hondakina denez, zenbat eta proteina gehiago jan, orduan eta ur gehiago beharko da hondakin horiek kanporatzeko. Bestetik, gorotzen eta arnasaren bidez 0,4 litro ur galtzen dira.

Ura galtzeko beste bide bat azala da; batzuetan konturatu ez arren, azaleko izerdi guruinek 0,5-0,7 litro izerdi ekoizten dute egunean. Izerdian, gernuan bezala, toxinak eta bestelako substantziak doaz, baina gehiengoa ura da, noski. Bistakoa denez, eguraldi bero eta hezea dagoenean, askoz ere izerdi gehiago botatzen da, izerditzea baita gorputzaren hozte-sistema nagusia.

Egarria eta ‘8 x 8’ araua

Ur-galera horri aurre hartzeko, gorputzak alarma-mekanismo berezia du: egarria. Gorputzak ur gutxiegi duenean, odoleko gatz-kontzentrazioa handitu egiten da. Horrek errezeptore batzuk kitzikatzen ditu eta mezua bidaltzen dute garunera. Hor egarriaren sentsazioa sortzen da eta edateko beharra sentitzen da. Gainera, garunean giltzurrunetan xurgatzen den ur-kopurua kontrolatzen duen hormona bat ekoizten da. Ur-eskasia badago, hormona gehiago ekoizten da eta ur gutxiago galtzen da gernuarekin. Bestetik, badaude egarria pizten duten beste estimulu batzuk ere, hala nola, faktore psikologiko batzuk eta ahoa lehorra edukitzea.

Estasiarekin batera ur gehiegi hartzen bada, ur-intoxikazioa gerta daiteke.

Egarriari esker, beraz, deshidratatu aurretik edatera behartuta sentitzen gara. Baina beharra asetzeko modurik ez dagoenean, deshidratazioaren sintomak azaltzen dira: eztarria eta azala lehortzen dira, gernuaren bolumena gutxitu egiten da, garunaren gaitasuna mugatzen da... Deshidratazioa larria bada, gorputza ikaragarri ahultzen da eta bihotzak ezin du bere lana bete. Horretaz gain, kontuan hartu behar da deshidratazioa eragiten duten arrazoi ohikoenek (beherakoak eta okadak) sodioa eta potasioa galtzea ere ekartzen dutela. Horregatik, uraz gain gatz mineralak ere hartu behar dira.

Hori dena jakinda, hainbat adituk gomendatzen dute ur-beharrak aseta daudela ziurtatu behar dela, egarria sentitu arte itxaron gabe. Horretarako, onena egunean bi litro ur edatea omen da, hori baita gorputzak behar duena gutxi gorabehera. Nonbait, ahaztu egin dute bestelako likidoak ere hartzen direla normalean, eta janariek ere (batez ere frutak eta barazkiek) badaramatela ura. Gainera, metabolismoaren jardueraren ondorioz, egunean 350 ml ur inguru ekoizten ditu gorputzak.

Nolanahi ere, oso zabaldua dago egunean gutxienez bi litro ur edatea behar-beharrezkoa delako ustea. Are gehiago AEBetan: han ‘8 x 8’ (zortzi ontzako zortzi basokada ur egunean) araua gomendatzen dute aditu askok, eta estu eta zorrotz betetzen duen jende ugari dago.

Agian ez da hain ona hainbeste ur edatea

Orain arte inork gutxik jarri du zalantzan ‘8 x 8’ arauari jarraitzea osasuntsua dela. Darmouth Medikuntza Institutuko Heiz Valtin fisiologoak, ordea, arauak oinarri zientifikorik ba ote duen galdetu dio bere buruari, eta horren inguruko ikerketa egin ondoren, emaitzak plazaratu berri ditu.

Hasteko, Valtinek ez du ‘8 x 8’ arauaren egiazkotasuna frogatzen duen lan zientifiko bakar bat ere aurkitu. Alderantziz, likido-ahoratzeari buruzko artikulu ugari daude argitaratuta, eta horien arabera, ez da inolaz ere beharrezkoa hainbeste ur hartzea.

Batzuek ahaztu egiten dute janariekin batera ere hartzen dela ura, batez ere, frutarekin eta barazkiekin.

Alde batetik, Valtinek ez du ukatzen ur-kantitate hori hartzea oso ona dela hainbat gaixotasun sendatzeko edo prebenitzeko, adibidez, giltzurruneko harrien kasuan, baita egoera berezietan ere, bero handia egiten duenean, ariketa fisiko gogorra egitean, edo hegazkineko bidaia luzeetan. Baina, bestetik, ‘8 x 8’ arauari jarraitzen dioten gehienak osasuntsuak dira eta bizimodu sedentarioa daramate. Eta horiek behar baino ur gehiago edaten dutela uste du; batzuetan, baita kalte egiteko adina ere.

Ikertzaile horrek ohartarazi duenez, nahikoa da giltzurrunetako batek behar bezala lan ez egitea, ur-intoxikazioa gertatzeko. Horren ondorioz, zorabioak azaltzen dira eta heriotzara ere eraman dezake. Entzuna ez bada ere, ez da hain arraroa goi-mailako atletetan, estasia hartzen duten gazteetan eta gaixo arruntetan.

Horretaraino iritsi gabe, badira kontuan hartzeko moduko kalteak. Esaterako, urte askoan hainbeste ur hartuta, uretan dauden poluitzaileak gorputzean metatzeko arriskua dago. Gainera, botilatutako ura edanez gero, garestia da, eta sarri-sarri komunera joan beharra izatea ez da oso erosoa izango!

Hala ere, ‘8 x 8’ araua zalantzan jartzeko arrazoi sendoena hauxe omen da: milioika pertsona osasuntsu dago munduan askoz ere ur gutxiago edaten duena egunean, eta horrela izan da betidanik gainera.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia