}

Ura eta gasolioa: nahaste lehergarria

1997/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Frantziako Elf petrolio-konpainiak ibilgailuentzako erregai berria prestatu du: 5 neurri gasoil gehi neurri bat ur. Aquazole deituko diote eta ohizko gasolioa baino ekologikoagoa da: partikulen emisioa % 50 gutxiagotzen du eta % 30 nitrogeno-oxidoena. Desabantailak ere baditu, ordea: % 3-5 bitarteko potentzi galera eta % 10 garestiago izatea.

5 neurri gasolio eta neurri bat ur. Horixe da partikulen emisioa erdira ekartzen duen erregai berriaren “formula”. Emultsifikatzaile organiko bati esker lortu dute Elf-eko teknikariek nahastearen egonkortasuna.

Ura duen erregaiaren historia zaharra da eta 1911rako jada horren berri bazen. Hogei urte geroago 400 bat patente bazeuden, baina horietako batek berak ere ez zuen arazo nagusia konpontzen: ura eta gasolioaren osagarrien nahastezintasuna. Elf-ek emultsifikatzaile organiko bat erabiliz konpondu du auzia. Emultsifikatzaileari esker lau hilabetez da nahastea egonkorra.

Erregai hori erabilita 200.000 km-tik gora egin dituzte hainbat ibilgailuk eta ez da arazo mekaniko berezirik sortu ez motorean ezta elementu periferikoetan ere. Urritik aurrera Chambéry-ko (Savoia) 35 bat hiri-autobusek Aquazolea erabiliko dute erregaiaren homologazioa eskuratzeko saioen barnean. Hasieran, antza, garraio publikoko ibilgailuek eta kamioiek bakarrik erabiliko dute erregai berri hau.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia