Ura eta bizia, non eta Marten! Aspaldi hasitako bilaketaren kronika laburtua
2005/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Marteko urari buruzko lehen aipuak 1870 ingurukoak dira. Giovanni Schiapparelli astronomoak teleskopioaren bidez Marten ubideak ikusi zituela adierazi zuen. Horrek zenbait astronomiazaleren imajinazioa piztu zuen, eta ubide haiek izakiak egindako ubide artifizialtzat hartu zituzten.
Ubide-itxurako egituretan oinarrituta Marten bizidunak zeudela esatea gehiegitxo iruditu zitzaien astronomo zuhur eta zentzudunei, baina ubideak egon bazeudela frogatu zuten hurrengo urteetako behaketetan. Dena dela, ura kudeatzeko ubideak egiten zituzten izaki adimendunen ideia ez zen guztiz desagertu, eta 1895ean, Percival Lowell astronomoak berriro sustatu zuen uste hura, hark ere ubide-sare konplexu bat ikusi zuela adierazi baitzuen; eta itxura guztien arabera, artifizialak omen ziren.
Hamarkada dezente iraun zuen ubideen jatorriari buruzko eztabaida hark. 1960-1970eko hamarkadetan Martera inguratu ziren espazio-ontziek, ordea, erabat gezurtatu zuten ubide artifizialen kontua. Marte ez zegoen urez gainezka, ura alde batetik bestera eramateko ubide-sarerik ez zegoen inon. Aitzitik, Lur planetako basamortuen tankera zuen Marteko zoruak.
Marte=basamortua? Ez, eskerrik asko
Hala eta guztiz ere, astronomoek ez zuten etsi. 1970eko hamarkadatik 1990era bitartean, Martetik hurbil igarotako espazio-ontziek Marteren azalaren irudiak jaso zituzten. Eta han zeuden teleskopio bidez ikusitako ubideak! Ubideen antzeko egiturak bakarrik ez, bestelako egitura berezi batzuk ere bazeuden. Egitura haiek nola sortuko ote ziren asmatzen hasi orduko, uraren hipotesia bururatzen zitzaien ikertzaileei. Hain zen tentagarria... eta, gainera, hain ondo egokitzen zitzaion Marteren azalean ikusitako egitura geologikoei...
Onartu beharra zuten, hala ere, ez zutela ur-tanta bat bera ere sumatu. Marteko atmosferaren dentsitatea Lurrarenaren % 1-ekoa da gutxi gorabehera; hortaz, nolabait esateko, meheegia da ur-molekulei azalean eusteko. Azaleko egiturek, ordea, noizbait ur ugari egon zela salatzen zuten. Nola sortu ziren bestela? Itxura guztien arabera, inoiz uholde handiak izan ziren, lakuak egon ziren eta Ipar hemisferioan agian baita ozeano bat ere. Horien guztien arrastoak topatu zituzten astronomo saiatuek espazio-ontziek bildutako irudietan.
Arrasto denak, ordea, zeharkakoak ziren, ez zuten proposamenak egiaztatzeko froga bakar bat ere. Hortaz, zientzialariek zalantzarako tokia zuten, eta bestelako aukerak ere aztertu beharra zeuzkaten. Adibidez, litekeena zen izoztutako karbono dioxidozko jarioek egitea kanalak, edo laba arin batek, edo izotz-lasterrek... Auskalo! Aukera horiek ere egituretan oinarritzen ziren, eta, uraren hipotesiarekin gertatzen zen bezala, ez zuten froga eztabaidaezinik.
Zorrotz begiratu, eta putzuak eta lohia antzeman
Marteren gaineko ikerketek aurrera egin zuten, eta 2002an Mars Global Surveyor espazio-ontziak ordura arteko begiratu zorrotzena bota zion Marteren azalari. Ikusi zuenaren arabera, bazirudien ura arroiletatik eta kraterretatik iragazten zela eta trokarteak eratzen zituela. Ez duela 4 milioi urte, baizik eta iragan hurbilean edo akaso baita orduan bertan ere. Planetaren azalean ur-putzuak egon zirela zirudien, eta, agian, noizbait egon ziren kondizio egokiak bizidunak sortzeko eta irauteko. Baina baldintzazko eta ahalerazko esaldi gehiegi zeuden zientzialarien ahotan. Eszeptikoek arrazoi ugari zituzten beharbada urik ez zegoela sinesteko, ez orain eta ez lehen.
2004ko martxoan, lehenengo aldiz zuzeneko zantzuak jaso zituen NASA ren Opportunity ibilgailuak. Nonbait, inguruko arrokak ur likidoarekin kontaktuan egon zirela frogatzen zuten ebidentziak aurkitu zituen ibilgailuak lur hartu zuen lekuan, Meridiani Planum-en, alegia. Zein ziren, baina, ebidentzia ustez ukaezin haiek?
Frogak hiru motatakoak ziren: kimikoak, morfologikoak eta mineralogikoak. Arroketan zeuden zulotxoek frogatzen zuten han gatz-kristalak egon zirela eta disolbatu egin zirela; hematite mineralaren esfera perfektuak uretan sortuak ziruditen; eta uretan bakarrik sortzen den mineral bat, jarosita, identifikatu zuten arrokan.
Nolanahi ere, horiek eratzeko nahikoa da ur pixka bat; hau da, hortik ezin zen ondorioztatu inoiz itsasoak edota errekak egon zirenik. Marteko arroketan are zorrotzago begiratuta, ordea, konturatu ziren arroken gaineko harea-geruzak hartzen zuen itxura ez zela nolanahikoa. Hain zuzen ere, ez zeukan zerikusirik Lurrean haizeak eratzen dituen dunekin. Aldiz, izugarrizko antza zeukan uhinek edo ur-lasterrek sortzen dituzten egiturekin. Ondorioa: Opportunity zegoen toki hura noizbait urez estalita egon zen, beharbada sakonera txikiko itsaso bat zegoen han. Hori NASAren arabera.
Ur likidorik ez. Oraingoz
Azken hilabeteotan, Opportunity ibilgailua Endurance izeneko kraterrean ibili da, eta han ura egon zela erakusten duten zantzu ugari bildu ditu. Ez omen dago beste azalpenik topatu dituen egiturak eta materialak nola sortu diren argitzeko. Gainera, eremu hori luzaroan egon omen zen urpean, antza denez, uraren eraginez eta denboraren poderioz eratu baitira kraterreko jalkin-geruzak.
Ur likidorik , ordea, ez dute inon topatu. Ba ote dago? Baikorrenek erantzuna aurten jasotzea espero dute. Izan ere, Europako Mars Express espazio-ontziak duen MARSIS radarrak aurten bukatu beharko luke Marteren mapa. Radar hori kilometro bateko sakonerara iristen da. Hortaz, laster jakingo dugu geruza freatikoan ur ugari dagoen, edo ur-poltsa txikiak, edo batere ez... Hala eta guztiz ere, horrek ez du argituko bizidunik ote dagoen. Galdera potoloenak, beraz, bere horretan jarraituko du, batek daki noiz arte.
Hurrengo misioak
Inoiz egon zen bizirik Marten? Badago gaur egun izakirik planeta gorrian? Hurrengo misioek galdera horri erantzuten lagunduko dute agian.
MARSIS
Azal azpian arakatzeko ahalmena duen radarra da. ESA Europako Espazio Agentziaren Mars Express espazio-ontziaren barruan doa, eta azalaren azpian urik ote dagoen argituko du.
Mars Express-ek Marteren inguruan orbitatzen urtebete daraman arren, MARSIS ez dute oraindik martxan jarri. Nonbait, ordenagailuz egindako simulazioetan ikusi dute radarraren masta luzeak, bidean mugitu egingo denez, beste tresnei kalte egin diezaiekeela. Kalkuluak egin dituzte, eta martxoan abiaraziko dute. Ordura arte itxaron behar lehen datuak jasotzeko!
MARS RECONNAISSANCE ORBITER
Inoiz Marte orbitatu duen espazio-ontzi handiena bidali nahi du NASAk aurtengo abuztuan. 2006an iritsiko da Martera, eta bi urte emango ditu haren inguruan, jira-biraka. Denbora horretan, Marteren % 1ean jarriko du arreta, eta zati horren mapa zehatza egingo du, 30 cm-ko bereizmenarekin, alajaina! Bide batez, Marteko mineralogia, klima eta eguraldia ere aztertuko ditu, eta azal azpian ura badago hautemango du. Hurrengo misioek lur non hartu behar duten ere aztertuko du.
PHOENIX
NASAk Marten laborategi moduko bat ezarri nahi du, eta 2007an abiatuko duen misio horrek helburu hori du: azterketa zehatzak egitea Marteren azalean. Horretarako, tresna- eta gailu-piloa jarriko ditu han. Besteak beste, metro-erdiko sakoneraraino zulatzeko tresna bat, eta baita laginak identifikatzekoa ere.
Nahiz eta Phoenix-en zeregina ez den bizia bilatzea, molekula organiko konplexuak topatuz gero, identifikatu egingo ditu. Mikroskopio optiko bat eta atomiko bat ere baditu, eta horiei esker bizidunen arrastoak edo fosilak aztertu ahal izango ditu. Baldin badaude, noski.
MARS SCIENCE LABORATORY
Egitasmo hau ere NASArena da, eta 2009rako ari dira prestatzen. Orain Opportunity eta Spirit ibilgailuak dituen bezala, orduan ere beste bi ibilgailu eraman nahi ditu Martera, baina misioa luzeagoa eta sakonagoa izango da. Aurrez ondo aukeratuko dute non ibiliko diren ibilgailuak, biltzen dituzten datuak ahal den esanguratsuenak izan daitezen. Eramango dituzten tresnen artean, espektrometro aurreratu bat izango dute; horri esker, metanoa nola sortzen den jakitea espero dute...
EXO-MARS
ESAren egitasmoa da, eta, horren bidez, bai zerutik bai bertatik bertara aztertu nahi dute Marte. Horretarako, espazio-ontzi batek Marteren inguruan orbitatuko du, eta azalean, berriz, ibilgailu bat ibiliko da. Exo-Mars ibilgailua bereziki prestatzen ari dira bizia bilatzeko. Horretaz gain, etorkizunean base iraunkor bat ezartzeko leku aproposa bilatuko du.
Ibilgailuak 40 kg tresneria eramango du; tartean, bi metroko sakoneraraino zulatzeko gai den makina bat eta baita laborategia ere. Bide batez, azaleko eta lur azpiko irudiak eta laginak jasoko ditu. Laginak analizatutakoan konposatu organikoak aurkitzen baditu, Lurrean biziarekin erlazionatzen diren molekulekin alderatuko ditu. Adibidez, aminoazidorik aurkitzen badu, L edo R den begiratuko du. Izan ere, L-aminoazidoak biziaren zantzu garbia dira Lurrean.
Nondik dator metanoa?
Lurrean, atmosferan dagoen metano ia guztia bizidunek sortua da, hasi usteltzen ari diren landareetatik eta behien puzkerretara. Horregatik, elkarren artean zerikusik ez duten hiru taldek Marteren atmosferan metanoa detektatu zutela esan zutenean iaz, batzuek berehala bota zuten galdera: litekeena da metano horren jatorria izaki bizidunak izatea? Mikroorganismoen jardueraren froga izan daiteke detektatutako metanoa? Eta ametsetan jarraitu zuten...
NASAk ametsa egia dela sinetsi nahi duela dirudi. Metanoa eta ura lotu ditu, eta metanoa ur-lurruna dagoen toki berean azaldu dela adierazi du. Ondorioz, baliteke toki horiek bizidunen habitatak izatea. Berriro ere, ahalerazko eta baldintzazko esaldi gehiegi, metanoaren jatorria azaltzeko bai baitaude bestelako aukerak: sumendiak, kometak... Oraindik goiz da ezer jakiteko. Bitartean, amets egitea libre da.
Hurrengo geltokia, Marte
Marte, zaharra eta berria
Planeta gorria berriro helburu
Denak Martera
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia