Ura, elektrizitate-iturri berria
2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uraren ezaugarriak aprobetxatuz indar elektrikoa sortzeko metodo bat garatu dute kanadiar zientzialari batzuek: ura oso tamaina txikiko kanaletatik pasaraziz lortu dute energia. Azken 150 urteetan argindarra lortzeko asmatu den metodo berri bakarra da.
Horretarako, beirazko bloke txiki batean 500.000 zulo inguru egin dituzte, 10 mikrometroko diametroa duten zulo txikiak, hain zuzen, eta presio handiaz ponpatu dute ura horietatik pasa dadin. Une horretan geruza elektrikobikoitza sortzen da uretan: karga positiboa duen geruza bat kanalaren alde batean, eta karga negatiboa duen geruza beste aldean. Hori gertatzen zaie ioiei likidotan, solido ez-eroaleekin harremanetan jartzen direnean, eta, hori aprobetxatuz, sortzen den elektroi-mugimenduaz bateria txiki moduko bat sortu dute. Bateria ez-kutsatzailea, hori bai.
Metodo honetan ura erabiltzen den arren, ez du zerikusirik energia-iturri hidraulikoekin, metodo berrian ez baita indar mekanikoaz sortzen elektrizitatea, karga-bereizketaz baizik.
Oraingoz efizientzia txikia lortu dute, % 1, eta bestelako energia-iturriekin lehiatzeko % 16 lortu beharko dute gutxienez. Bitartean, telefono mugikorren eta bestelako gailu elektroniko txikien bateria modura balio dezake, mikrokanalen prototipoa 10 volt eta miliampere baten inguruko korrontea sortzeko gai baita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia