Ur-arrasto txikiena detektatzeko
2006/08/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ura ezinbestekoa da bizitzeko. Alabaina, ur-tanta ñimiñoenak ere kalte handiak egin ditzake erregaietan, disolbatzaile organikoetan edo lubrifikatzaileetan badago, gai baita motorrak hondatzeko, erreakzioak gelditzeko eta metalak herdoiltzeko. Horregatik, garrantzitsua da gai horietan ura detektatzen duten test egokiak izatea.
Weizmann Institutuan ur-molekulak detektatzeko test eraginkor eta erabilgarri bat garatu dute. 1,7 nanometroko lodiera duen film bat da, eta likidoan egon daitezkeen ur-molekula apurrak detektatzen ditu, baita milioiko parte gutxi batzuk besterik ez badaude ere.
Horretarako, metal-konplexuak daude filmaren baitan. Metal-konplexu horiek elektroiak hartzen dituzte ur-molekuletatik; hori gertatzen denean, konplexuaren kolorea aldatu egiten da. Kolore-aldaketa begiz ikusteko modukoa da.
Testa bost minutuan egin daiteke, eta filma behin eta berriro erabil daiteke, gai kimiko sinple batez garbitu ondoren. Gainera, merkea da, eta material askoren gainean jar daiteke: beira, plastikoa, silizioa, zuntz optikoa... Orain, beste gai batzuk detektatzeko egokitu nahi dute testa.