Ununseptioa berretsi dute, taula periodikoaren 117. elementua
2014/05/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Taula periodikoko bigarren elementurik astunena berretsi du nazioarteko ikertzaile-talde batek Alemaniako GSI zentroko azeleragailuan egindako esperimentu batek: ununseptioa. Kaltzio-48 elementuaren nukleo-sorta bat (20 protoiz daude osatuta) berkelio-249 elementuaren (97 protoi ditu haren nukleoak) kontra jaurtiaz lortu dute 117 protoiko ununseptioa sortzea. Zehazki, elementu superastun horren bi atomo izan dira talkaren emaitza. Atomoen alfa-desintegrazioa neurtuz berretsi du nazioarteko talde horrek ununseptioa dela talkan sortutako elementua. Hori gutxi balitz, laurentzio-266 isotopoa ere deskubritu dute ikertzaileek prozesuan, dubnio-270 elementuaren desintegrazioaren emaitza bat. Physics Review Letters aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Elementu superastun hauek ikaragarri ezegonkorrak dira, eta milisegundotan neurtzen da, asko jota, haien iraupena. Horregatik, erronka tekniko handia da haiek sortzea eta detektatzea. Ununseptioa 2010ean sortu eta detektatu zuten Dubnako Ikerketa Nuklearren Institutuko (Errusia) eta Lawrence Livermore zein Oak Ridge laborategietako (Estatu Batuak) ikertzaileek elkarlanean. IUPACen araudiaren arabera, ordea, elementu berri bat ofizialki onartzeko, ikerketa-talde independente batek berretsi behar du lehenengo detekzioa. Hori da orain lortu dena ununseptioarentzat, eta, horrenbestez, 117 zenbaki atomikodun elementuak lauki ofiziala lortu taula periodikoan; izena falta du orain.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia