}

Umeak, hiesaren aurkako borrokatik at

2004/07/15 Elhuyar Zientzia

Bangkok-en salatu dutenez, ikertzaileek ez dituzte haurrak kontuan hartzen ez botikak egitean ez diagnostikatzeko sistemak garatzean.

Egun hauetan hiesari buruzko nazioarteko konferentzia egiten ari dira Bangkok-en, eta, han salatu dutenez, ikertzaileek ez dituzte haurrak kontuan hartzen ez botikak egitean ez diagnostikatzeko sistemak garatzean.

Dirudienez, haurren merkatua ez da farmazia-konpainiei irabaziak emateko adinakoa. Noski, herrialde garatuetan infektatutako haurrak helduak baino askoz gutxiago dira. Baina gainerako herrialdetan, egoera oso bestelakoa da: 2003an, 15 urte baino gutxiagoko 700 mila haur infektatu ziren, gehienak Saharaz azpiko Afrikan. Halaber, hiesa duten haurren erdia baino gehiago bi urte bete baino lehen hiltzen da.

Arazoetako bat da diagnostikatzeko modu egokirik ez dagoela. Izan ere, 18 hilabete baino gutxiagoko haurretan, ohiko testek positibo faltsuak ematen dituzte, amaren antigorputzak detektatzen baitituzte. Bestetik, umeak tratatzeko badaude xarabeak, baina dosiei eta eraginei buruzko ikerketa gutxi egin dira, eta gainera oso garestiak dira. Horretaz gain, xarabe gehienak urarekin nahasi behar izaten dira, eta Afrikako zenbait herrialdetan benetan zaila da ur garbia lortzea.

Argazkia: WHO/P. Virot

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia