"UEUren bidez lortutako sarea niretzat oso garrantzitsua izan da, maila pertsonalean zein akademikoan"
2014/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informatika-irakaslea naiz, eta Ixa Taldeko ikertzailea ere banaiz, hizkuntzaren prozesamenduan. Horretan nabil eta horretan eraman nahi dut denbora gehiena. Azken hiru urteotan Kanpo Harremanetarako dekanorde izan naiz; Langune elkartearen zuzendaritzan aritu naiz, baita UEUren zuzendaritza-taldean ere. Orain, dekanordetza eta Langunekoa utzi ditut, UEUren zuzendari-kargua hartu ahal izateko, eta hemen ditudan lanekin jarraitzeko. Hala, irakaskuntza, ikerketa eta administrazioa, hiru arloak uztartzen ditut.
Ixa Taldean ari naiz, eta ildo bakarra da hizkuntza idatziaren prozesamendua. Guk ez dugu hizketarekin lanik egiten; izatekotan, ahozkoa idatzizko bihurtzen dugu, eta horrekin egiten dugu lan. Testu idatziaren barruan, badaude hainbat arlo; batzuk ingeniaritza-arazo sinpleak dira nolabait, adibidez zuzenketa ortografikoa, eta beste batzuk konplexuagoak izan daitezke.
Laster egingo ditu hogei urte. Ixak 25 urte egin berri ditu, eta bi tesi atera ziren Xuxen sortzeko. Bat izan zen informatikaren aldetik, hori izan zen nire tesia; eta bestea, hizkuntzalaritzaren aldetik, UZEIko Mirian Urkiak egin zuena. Biok elkarrekin ibili ginen tesia egiten, eta ia batera bukatu genuen. Xuxen jaio, eta arrakasta izan zuen, eta orain bere bidea egiten dabil.
Bai, tira, erraza bada, baina ez oso erraza. Izan ere, hitz bat oker dagoela dirudienean, ez da erraza erabakitzea ondo ote dagoen edo oker. Eta, oker badago, zein izan daitekeen hura ordezkatzeko hitz egokiena. Ez da erraza, eta horregatik ez diozu makinari erabakitzen uzten % 100ean. Hau da, kontzeptualki errazagoa bada ere, ez dago ebatzita erabat. Baina errazagoa da hori, itzulpen automatikoa baino.
Azken urteotan nahiko sartuta gaude horretan, bai. Orain Europan badugu proiektu bat; Kepa Sarasolak darama, eta ni taldean nago. QTLeap izena du: Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches . Itzulpen automatikoan, sistema estatistikoak dira gailendu direnak; Google Translate da ezagunenetakoa, baina gure bidea ez da hori. Kontua da oinarrizko sistema bat egitea erraza dela software librearen bidetik joanda. Teknika hori garatu zen IBM laborategietan, gero argitaratu zen, eta hasieran jendeak mesfidantzarekin begiratzen bazion ere, orain gailendu da, eta gainerako guztia aurretik eraman du ia.
Baina orain joera aldatu egin da. Badirudi bide hori bere gailurrera iritsi dela. Beraz, itzuli behar dugu ezagutza linguistikora eta, nolabait, konbinatu egin behar dira ezagutza linguistikoa eta estatistika.
Hori da. Guk taldean dugun beste lerro sendo bat semantikakoa da, Wikipediarekin eta WordNetekin lotuta dagoena. WordNet da mundu mailan dagoen ontologia bat; Estatu Batuetako Princeton Unibertsitatean asmatutakoa. Hiperonimoak, homonimoak, sinonimoak eta abar ditu, eta ontologia horretan sartzen da hitzen arteko erlazioa, baina ez hizkuntza jakin batean, baizik eta kontzeptu abstraktuen artean, adiera-multzoak eratuz. Hori hasieran mapeatu zen ingelesez, eta gero egin da beste hizkuntza askotan, baita euskaraz ere.
Arazorik handiena anbiguotasuna da, eta gure taldean espezialista onak dauzkagu desanbiguazio semantikoan, hau da, hitz batek bere testuinguruan zer esan nahi duen erabakitzean.
Semantikarekin lotuta, Europako pare bat proiektutan egon gara, eta, orokorrean, informazioaren erauzketan aritzen gara, hau da, testuan dagoen informazio ez egituratua informazio egituratu bihurtzen. Horrek aukera ematen du testu jakin baten antzeko informazioa izan dezaketen beste testu batzuk aurkitzeko.
Eta azken multzo handia izango litzateke irakaskuntzarekin lotutako tresnak. Azpitalde bat dugu horretan, eta saiatzen gara garatzen ditugun tresnak sinplifikatzen, irakaskuntzan baliagarriak izan daitezen.
Bertsolaritza da guretzat arazo polit bat, erronka bat. Adimen artifizialeko arazo bat da, bertako kulturarekin lotua, eta erronka da robot batek bertsolari baten portaera erakustea. Eta horretan gabiltza. Badaude bi tesi ildo horretatik; bat elkarrekintzaren bidetik doa, hau da, ahotsa, keinuak, musika eta isiluneak programatzera bideratuta; eta, bestea, bertsoa sortzera. Hor probatzen ari garen estrategia itzulpen automatikoan oinarrituta dago. Demagun zati guztiak itzulita daudela; esaldi berri bat itzultzeko, bilatu behar dira itzulita dauden zatiak, eta elkarrekin josi behar dira, sintaxiaren arabera eta abar. Bada, bertsoekin gauza bera egin nahi dugu: bertso-bilduma handi bat dugu, eta, bertso-zati egokiak hartuta, elkarrekin josten ditugu, ahalik eta modu koherenteenean.
Azken finean, robot bertsolariarekin egiten duguna da, batetik, estrategia berriak probatu, eta, bestetik, adimen artifizialarekin eta beste arlo batzuekin uztartu. Bestalde, ikusten dugu beste gaiek baino askoz interes handiagoa pizten duela gizartean; horrenbestez, dibulgazioa egiteko ere balio digu.
Bai, adibidez, itzulpen automatikoan talde pila bat ari dira lanean, biltzarrak egiten dira, lan asko argitaratzen dira... Baina beste arlo batzuek ere badute garrantzia. Esaterako, guretzat oso inportanteak dira baliabide urriko hizkuntzak. Hor komunitate bat dago, SALTMIL (Speech And Language Technology for Minority Languages) izenekoa, eta Kepa Sarasola dago zuzendaritza-taldean. Hortik, ikerketak bultzatzen dira, baliabideak partekatu, biltzarrak eta topaketak antolatu... baliabide urriko hizkuntzen garapen teknologikoa sustatzeko asmoz.
Besteak beste, quechuarekin eta aimararekin ari gara, baina ez da erraza. Askotan gertatzen da lurralde horietan: gazte kementsuak lanean hasten dira, batzuetan laguntzak ere lortzen dituzte, baina gero, askotan, leku handiagoetara joaten dira lanera, eta bere horretan uzten dute egiten ari ziren lana. Hala ere, Cuzcoko Unibertsitatearekin lan batzuk egin ditugu elkarlanean, Cubarekin irakaskuntza-sistemetan badugu lankidetza bat, Mexikon ere nahuatl hizkuntzarekin kontaktu batzuk egin ditugu duela gutxi... Guk euskararekin dugun esperientzia besteekin konpartitzea eta, ahal den neurrian, besteei laguntzea da helburua.
Zalantzarik gabe. Gure ustez, beraiek gidatu behar dute beren prozesua, baina gure esperientzia eskaini nahi diegu, baliagarria izan daitekeelakoan. Guk topatu dugun arazo nagusia ez da teknologikoa, baizik eta soziolinguistikoa, batez ere estandarizazio-falta.
Hori ikusita, iruditzen zait gutxi goraipatu dela euskara batua eta hizkuntza estandarra sortzeko prozesua. Orain batzuk euskara batuaren aurka hitz egiten dute, eta esaten dute euskalkiak bultzatu behar direla eta abar. Eta beren arrazoiak dituzte, baina, hala ere, kontrakoa ere esan behar da: estandarrik gabe, ez dago etorkizunik hizkuntza idatzi batentzako. Kanpora joaten zarenean, konturatzen zara zenbateraino den garrantzitsua; horregatik, niri azpimarratzea gustatzen zait.
1984an sartuko nintzen, Kepa Sarasolaren eskutik, euskaldun berri-berria nintzela. Eta beti atxikimendu handia izan dut: lagun handiak egin ditut, asko ikasi dut, eta UEUren bidez lortutako sarea niretzat oso garrantzitsua izan da, bai maila pertsonalean, bai akademikoan.
Bai, denborarekin, bere funtzioa aldatzen joan da. 41 urte ditu; sortu zenean, EHU bera ez zen existitzen, eta unibertsitatean euskaraz ez zegoen ezer. Bazeuden irakasle batzuk bere gaiak euskaraz ematen zituztenak, baina maila antolatuan ez zegoen ezer. Orduan, UEU sortu zen eta Karlos Santamariak teorizatu zuen unibertsitate hori sortzeko lehen pausoa eman zuen. Hau da, euskalduna, lurraldetasuna aintzat hartzen zuena eta hori dena. Hor Elhuyarrek ere erruaren zati bat izan zuen...
Horrela, euskal unibertsitatearen erreferente bihurtu zen. Udako ikastaroekin, praktikak egiteko leku bat eskaini zuen, eskolak ematen zituzten irakasle asko ikasleak baitziren, edo irakasle berriak, trebatu gabeak. Argitaletxea ere egin zuen; materiala, terminologia eta edukia sortzen eragile izan zen; eta euskaraz bizitzeko oasi bat.
[Irribarre zabal batekin] Gogoan dut hasieran Baionan eta Biarritzen egon zela, batez ere Baionan. Eta gero, urte askotan, udako ikastaroak Iruñean ziren euskaldun militanteon erreferentzia-puntu nagusietako bat. Euskaldun berri asko hara joaten zen praktikatzera.
Hori izan zen fase bat, nahiko luzea, baina pixkanaka, ohiko unibertsitateetan, eta, batez ere EHUn, euskalduntze-prozesu bat martxan jarri zen, eta ikasleek gero aukera handiagoa izan zuten euskaraz ikasteko. Hortaz, euskaraz ikasten zuten neurrian, beraientzat UEUren eskaintza ez zen oso interesgarria. Horrenbestez, bilakaera bat izan zen, eta udako ikastaroetan bestelako edukia ematen hasi ziren, unibertsitatean ematen zenaren osagarria, jendea erakartzeko.
Denbora baten ondoren, ikusi zen udako ikastaroetan lehen baino jende gutxiago biltzen zela, eta eskaintza urte osora luzatzeko beharra zegoela, etengabeko edo bizi osorako formazioaren ildotik. Horrekin batera, jakintza-arloetan trinkotze-lana egin zen: informatikarien bilkura, adibidez, edo orain dela gutxi izan den natura-zientziena... Horrelako ekintzak egin dira urte osoan, eta, bestalde, etengabe ikastaroak eskaini dira. Udako ikastaroekin jarraitzen dugu, baina beste ikuspegi batekin, eta, horrez gain, urte osoan egiten da lana. Hori izan da bigarren urratsa.
Bada, hirugarrena dagoeneko hasita dago, eta da online ikastaroak eskaintzea. Ez bakarrik bizi osorako trebakuntzari begira, baita graduak eta graduondokoak ere. Hori bat dator gure ildo estrategikoarekin, alegia, euskal unibertsitatea sortzea, gure ustez oraindik ez baita lortu.
Arlo estrategiko horretan, hutsune handi bat dago. Ikasketa presentzialean, EHUren eta Mondragon Unibertsitatearen bidez, badago aukera, baina ez dago ezer ez-presentzialean edo online. Hori transferitu gabe dago, urte asko igaro dira unibertsitateak euskalduntzen hasi zirenetik, eta ez da urrats bat bera ere eman.
Duela hamar bat urte, UEUk Eusko Jaurlaritzarekin eta Universitat Oberta de Catalunya (UOC) egin zuen, baina ez zen aurrera atera. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin proposamen bat lantzen ari gara, eta UEUk bakarrik ezingo du egin, baina asmoa da bizpahiru urte barru zerbait martxan izatea, eta gradu eta graduondo ofizialak eskaintzea. Orain UEUk ezin du gradu ofizialik eman, baina guretzat estrategikoa da, eta hori lortzeko lanean ari gara. Behar hori dagoela gizarteratu behar dugu, ez baita posible ezer ez egotea, batez ere gero eta garrantzitsuagoa denean bizi osorako trebakuntza jasotzeko aukera izatea.
Epe luzera begira, egokiena izango litzateke UOC bat eratzea Euskal Herrian. UNED da urruneko unibertsitatea, izenak berak esaten du; UOC da irekia, oberta , eta guk online esaten dugu, nolabait irakasleen eta ikasleen arteko konexioa adierazteko. Teknologia erabili nahi dugu ikaslea gertu izateko, fisikoki urruti egon arren, gertutasun hori oso garrantzitsua baita, batez ere ikasketa luzeetan. Ezinbestekoa da dinamika bat sortzea ikaslea kateatzeko eta ikasketekin jarraitzera bultzatzeko. Hori da gure helburua.
Badira hiruzpalau urte ikertzaile gazteen bilkura bat egiteko ideia dabilkigula buruan, baina ezin izan dugu gauzatu, diru-arazoengatik. Orain, asmoa da 2015eko udaberrian egitea, beste batzuekin batera, eta bi edo hiru urtez behin egitea, hasierako UEUren barnetegiaren espiritua berreskuratzeko. Izan ere, ikertzaile gazte euskaldun asko daude ikerketa-zentroetan, unibertsitateetan eta enpresetan, mundu osoan sakabanatuta, baina, nire ustez, guri gertatzen zitzaiguna gertatzen zaie: beren arloan eta hurbilekoekin badute harremana, baina ez dute sare bat beste jakintza batzuetakoekin. Sare hori sortzen lagundu nahi diegu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia