}

Uda honetan...eguzkitan blai!

2002/06/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Uda-hasieran eguzkiaren laztanak hartzeko irrikitan egoten gara. Urteroko kontua. Baina ez dugu ahantzi behar eguzkia hartzeak arriskuak dituela.

Askorentzat, benetan ederrak dira egun eguzkitsuak. Eguzkiak egunari aurre egiteko indarra eta kemena ematen diete, eta batez ere uda-hasieran, eguzkiaren laztanak hartzeko irrikitan egoten dira. Urteroko kontua bada ere, ez da ahaztu behar larruazalaren eta eguzkiaren arteko amodio-gorrotozko harremanean, galtzailea beti larruazala dela.

Beltzaran egotearen ordaina

XIX. mendearen hasieran, Johannes Ritter fisikariak, argi ikusgaiarekin batera eguzkiak erradiazio ikusezina ere igortzen duela frogatu zuen. Erradiazio horren uhin-luzera urdinarena eta morearena baino motzagoa zenez, ultramorea deitu zion. Gerora ikusi zen hiru ultramore mota daudela (UVA, UVB eta UVC) eta bakoitzak bere eragina duela. Gizakiarentzat arriskutsuenak UVC izpiak lirateke, baina, zorionez, ezin dute atmosfera zeharkatu. UVB izpiei dagokienez, % 0,25ak besterik ez du lortzen lurrazalera iristea, baina kalte larriak eragiten dituzte larruazalean. Azkenik, UVA izpiak dira ugarienak, eta horien eraginez belzten da larruazala.

Gehienentzat, larruazala eguzki-izpien pean jartzeko arrazoi nagusia beltzarantzea da. Batzuek bakarrik dakite, ordea, beltzarantze-prozesuan izpi ultramoreek larruazaleko zelulak hiltzen dituztela. Horretaz gain, beste ondorio batzuk begi bistakoak dira: odol-hodiak dilatatu egiten dira eta larruazala gorritu; erredura handia bada, babak azaltzen dira; erre eta gero, larruazala galtzen da; orbanak azaltzen dira...

Izatez, larruazalak badu eguzki-izpien aurkako babes-sistema. Eraginkorrena melanogenesia da, hau da melaninaren ekoizpena. Melanina larruazalari kolore beltzarana ematen dion pigmentua da, eta larruazalaren kanpoko geruza zeharkatzen duten izpi ultramoreen % 90 xurgatzeko gaitasuna du. Melaninaren ekoizpena areagotu egiten da eguzki-printzak jasotzean, baina pertsona batetik bestera asko aldatzen da melanina-kantitatea. Horregatik, batzuk besteak baino beltzaranagoak dira eta, hortaz, babes handiagoa dute eguzki-erreduren aurrean.

UVA izpien eraginez larruazala garaia baino lehenago zahartzen da eta zimurrak azaltzen dira, tamalez. Horregatik aditu guztiek krema egokiak erabiltzea gomendatzen dute.

Hala eta guztiz ere, babes hori mugatua da, eta eguzkipean denbora gehiegi pasatuz gero, ez da nahikoa izaten kalteak saihesteko. Gainera, eguzki-erradiazioen ondorioak larruazalaren memorian gordetzen dira; hau da, kalteak metatu egiten dira, eta gerora azaltzen diren gaitzak haurtzaroko erreduren ondorio ere badira. Horrela, batez ere UVA izpien eraginez, larruazala garaia baino lehenago zahartzen da eta zimurrak azaltzen dira; UVB izpiek, berriz, minbizia sorraraz dezakete.

UVB izpiek zelulen DNAren egitura aldaraz dezakete; horren ondorioz, zelulak ez dira ‘hiltzen’ garaia heltzen zaienean eta gehiegi ugaltzen dira. Azkenean minbizia azaltzen da. Horretaz konturatu aurretik, larruazaleko minbizi-kasuak ikaragarri ugaldu zirela antzeman zuten sendagileek, batez ere Australian eta AEBetan. Hango biztanle askok eta askok oso larruazal zuria dute, eta duela hamarkada batzuk modan egon zen gorputza txokolate-kolorekoa izatea. Gero ikusi zuten urte askotan eguzkia inolako babesik gabe hartzeagatik gertatu zela gorakada hori. Horretaz gain, ozono geruza gero eta meheagoa denez, izpiei lurrazalerainoko bidea erraztu egin zaie. Ondorioz, kontu handiagoa izan behar da eguzkiarekin.

Eguzkiaren indarra tokiaren arabera

  • Latitudea

    : zenbat eta hurbilago egon ekuatoretik, orduan eta indar gehiago du.
  • Eguraldia: hodeiek eguzkitik babesten dutela pentsatu arren, hodei altu eta arinek izpi ultramoreen % 60-80 uzten dute pasatzen.
  • Altitudea: zenbat eta altuago egon, orduan eta arrisku handiagoa erretzeko; adibidez, 1.500 metrotan, eguzkia itsas mailan baino % 20 indartsuagoa da.
  • Ura: izpi ultramoreen % 96k ur gardena zeharkatzen dute.
  • Ordua: erretzeko arriskua handiagoa da eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan.
  • Arropa: izpi ultramoreen erdiak arropa bustia zeharkatzeko gai dira.
  • Azalera: elurrak eta hondarrak izpiak islatzen dituztenez, erretzeko arriskua areagotu egiten da.

Larruazal bakoitzari, berea

Eguzkia hartzeko ohitura zabala dago gure artean.

Ezaugarri genetikoen eta melanina-kantitatearen arabera, eguzkiaren aurrean babes natural gehiago edo gutxiago dugu, eta zurienetik beltzenera, sei fototipo bereizten dira. Garrantzitsua da norberaren fototipoari erreparatzea, zenbaterainoko babesa behar dugun jakiteko.

  • I tipokoek edo albinoek oso larruazal zuria dute, ile gorri edo horia, begi argiak eta oriztak dituzte. Beti erretzen dira eguzkiarekin; beraz, erabateko babesa behar dute.
  • II tipokoek edo germaniarrek larruazal zuria eta ile eta begi argiak dituzte. Erraz erretzen dira eta 10-15eko babes-faktoreko kremak behar dituzte.
  • III tipokoek edo larruazal mistokoek larruazal zuria eta gaztaina-koloreko ilea dute. Gutxi erretzen dira eta pixkanaka hartzen dute kolorea. 6-8ko babes-faktorea behar dute.
  • IV tipokoen edo mediterraniarren larruazala marroi argia da eta begi ilunak dituzte. Ez dira erraz erretzen eta, aldiz, azkar beltzarantzen dira. Horregatik, nahikoa dute 4-6ko babes-faktorea.
  • V tipokoek edo indiarrek larruazal, begi eta ile ilunak dituzte. Ia ez dira erretzen eta oso azkar belzten dira. 2ko babes-faktorearekin, nahikoa dute.
  • VI tipokoen edo beltzen larruazala oso iluna da eta haien begiak eta ileak beltzak dira. Ez dira inoiz erretzen, eta ez dute babes berezirik behar.

Eguzki goxotan

Haurrak eguzkiaren arriskuetatik gorde behar dira.

Eguzkitan gehiegi egotea kaltegarria bada ere, ezin ukatu eguzkiak baduela bere alde ona. Adibidez, larruazalean D bitaminaren sintesia eragiten du, eta horri esker hesteetan kaltzioa eta fosforoa xurgatzen dira. Bestetik, depresioak arintzen laguntzen du; hain zuzen, negu luzeak eta eguzki-ordu gutxi dituzten herrialdeetan (Finlandia, Norvegia...) eguzki-ezak depresioa, narritadura, nekea, insomnioa eta suizidiorako joera areagotzen dituela ikusi da. Horretaz gain, sistema immunea indartzen du, odol-zirkulazioa bizkortzen du, erreuma hobetzen du, hormona sexualen kopurua igoarazten du, eta, larruazalari dagokionez, berriz, eragin onuragarria du psoriasian, ekzema atopikoan eta larruazalaren beste gaixotasun batzuetan.

Nork behar du eguzkia?

Kremak lagungarri dira, baina ondo aukeratu behar da.

Eguzki-gurtzaileen sasoia amaitu da. Baina batzuk, eguzkia ikusi ere egin nahi ez duten arren, ez diote larruazal beltzaranari uko egin nahi, eta horientzat ezin aproposagoak dira eguzkipean jarri gabe larruazala belzten duten kremak. Krema horiek dihidroxiazetona (DHA) izeneko molekula daramate. DHA larruazalaren kanpoko geruzaren proteinetara lotzen da, eta airearen kontaktuarekin oxidatzean, kolore iluna ematen dio larruazalari. Nolanahi ere, kolorea egunez egun desagertzen doa zelula horiek galtzearekin batera. Bestalde, horrela lortutako kolore beltzaranak ez du eguzki-izpien erredurarekiko babesik ematen; beraz, nahiz eta beltzaran egon, berdin-berdin erabili behar da krema babeslea.

Solariuma, etxe-barruko eguzkia

Solariumek izpi ultramoreak igortzen dituzte; beraz, belzte-prozesua eguzkitan jarritakoan bezalatsu gertatzen da. Batez ere UVA izpikoak izaten dira, UVB-ak oso kaltegarriak direlakoan. Alabaina, UVA izpiak UVB-ak bezain kartzinogenikoak ez izan arren, ezin esan ez dutela inolako kalterik sortzen. Horregatik, eguzkipean jartzean adina kontu eduki behar da solariumetan.

Larruazala ahotik zaintzen

Larruazala elastikoa eta ondo hidratatuta edukitzeko, dieta egokiak asko laguntzen du. Esate baterako, behar-beharrezkoa da nahiko ur edatea, pare bat litro inguru egunean. Barazkiek eta frutek ere ur asko dute eta, oliba olioak bezala, antioxidatzaileak ere badituzte; hortaz, larruazala garaia baino lehen zahartzearen aurkako borrokan laguntzen dute. Alderantziz jokatzen dute, berriz, tabakoak, alkoholak eta beste toxina batzuk.

Eguzkiak ere baditu bere onurak.

Zenbait fruta eta barazki bereziki aproposak dira larruazala zaintzeko eta kolore polita edukitzeko: azenarioak, melokotoiak, tomateak, piperrak espinakak, albarikokeak... Izan ere, beta karoteno asko dute, larruazalarentzat hain mesedegarria den A bitaminaren forma bat.

Itzalaren metodoa

Melanina-kantitatearen arabera, sei fototipo (azal mota) bereizten dira.

Noiz da kaltegarriagoa eguzkia? Erraza da; erreparatu itzalari:

  • Itzala norberaren garaiera baino laburragoa bada, erretzeko arrisku handia dago.
  • Itzala norbera adinakoa bada, zailagoa da erretzea, baina kontuz ibili behar da hala ere.
  • Itzala norberaren garaiera baino bi aldiz luzeagoa denean, eguzkiak ez du ia batere kalterik egiten.

Eguzkiaren onena, itzala

Udarekin batera modan jartzen da azal beltzarana.

Halaxe dio esaera zahar batek, eta ez zaio arrazoirik falta. Hala ere, eguzkitan egotea plazer hutsa da askorentzat, eta beste askok nahitaezkoa dute eguzkipean egotea, gustatzen zaizkien jarduerak kanpoan egiten direlako edo kanpoan egiten dutelako lan. Eguzkitik babesteko kremei esker, ordea, lasaiago egon daitezke, ez erretzeko ezinbesteko laguntza ematen baitute. Dendetako apaletan produktu ugari daude eguzkiaren aurrean larruazala babestu eta goxatzeko. Krema horien osagai nagusia eguzki-iragazkiak dira.

Horien eginkizuna eguzki-erradiazioa islatzea edo xurgatzea da, eta bi motatakoak dira: kimikoak eta fisikoak. Kimikoek izpi ultramoreak xurgatzen dituzte; energia ultramorea jasotzen dute eta eraldatu egiten dira; horrela, larruazaleko egitura kaltetzea eragozten dute. Iragazki fisikoak, aldiz, erradiazioa islatzeko gai diren mineralez daude osatuak.

Iragazkiaren ezaugarrien eta kantitatearen arabera, babes gehiagoko edo gutxiagoko kremak daude. Iragazkiaren eraginkortasun-faktorea (FPS) etiketan agertzen da, eta eguzkitan kalterik jaso gabe zenbat denbora egon daitekeen adierazten du. Esaterako, larruazal arrunta duen edozeinek erre gabe ordu-laurdena egin badezake eguzkitan, FPS-15 duen kremari esker, 15 aldiz denbora gehiago egon daiteke, hau da, ia lau ordu. Kontuz baina! Izerditzean, arropa edo toallarekin kontaktuan jartzean edo bainatzean krema galtzen da; beraz, sarri-sarri berritu beharra dago. Gainera, eguzkia hartu baino ordu-erdi lehenago eman behar da krema, eta azalera guztia estaltzen duela ziurtatu.

Iragazkiez gain, eguzkitarako kremek larruazalarentzat mesedegarriak diren osagaiak dituzte. Batzuek, adibidez E bitaminak, larruazala zaintzeko eta berritzeko eginkizuna betetzen dute. Bitamina hori antioxidatzailea da eta erradikal askeak harrapatzen dituenez, larruazala garaia baino lehen zahartzea eragozten du. Antzeko eginkizuna dute hainbat oliok eta aloe vera landareak. Azido hialuronikoak, glizerinak eta beste eragile batzuek atmosferaren ura jaso eta zeluletara sartzen dute, eta beste hainbat oliok, berriz, hezetasuna galtzea galarazten duen geruza osatzen dute. Azkenik, kontserbatzaileak eta lurrinak ere gehitzen zaizkie eguzkitarako kremei.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia