}

Txorinoa ur-tanga batean

1985/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Japoniako Tsukuba Exp-85 bisitatu zutenek beste zenbait gauza harrigarriren artean, ur-tanga batean murgildutako kaxa batean bizirik irauten zuen txorino bat ikusi ahal izan zuten. Ikus irudia. Nola da posible kutxako oxigenoa ez bukatzea? galde egiten zioten ziurki bere buruari.

Erantzuna aurrerabide teknologiko jaioberri batean dago noski. Kutxa zakatz artifizial batzuetara konektatuta zegoen. Zakatz horietan txoriaren arnasketak sortutako karbono(IV) oxidoa uretan disolbatzen zen eta zakatzek uretako oxigenoa absorbatzen zuten kutxako oxigenoa berrituz.

Zakatz bakoitzak 0,3 m-ko diametroa du eta silikonazko kautxu berri batez eginda dago. Kautxu hau gasei oso iragazkorra zaie, CO2-ari bereziki.

Pentsatzekoa denez honelako sistemak urperakuntza irauli egingo luke. Halere, baditu funtsezko eragozpenak bere erabilpen gertua zalantzatan ipintzen dutenak. Alde batetik, pertsona batek behar duen oxigenoa jadesteko 40 m2-ko gainazala behar da, hots 20.000 harietako zakatz. Bestetik, silikonazko kautxu hau nahiko eragiten du urak, hauskorra bihurtzen delarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia