}

Tximino-jaleek parte hartu zuten hiesaren sorreran

2003/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiesa eragiten duen birus nagusiaren jatorria ( GIB-1 ) oraindik argitu gabe dago. Orain, birusa tximinoetatik gizakietara nola transmititu zen proposatzen duen artikulu bat argitaratu dute Science aldizkarian.

Artikulu horretan azaltzen den ideiak ez dauka orain arteko teoria zabalduenarekin zerikusirik. Teoria horren arabera, polioaren txertoekin batera iritsi zen jatorriz tximinoena zen birus bat, SIVcpz birusa, gizakietara; hain zuzen, txerto hori egiteko txinpantzeen zelulak erabili zituzten, eta hor eraldatu zen birusa eta hartu zuen gizakiak infektatzeko ahalmena. Nahiz eta gero eta ikertzaile gehiagok uste zuen teoria hori okerra dela, ez zuten besteren bat proposatzeko arrastorik aurkitzen.

Britainia Handiko Nottingham-go Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, GIB-1aren eta tximinoen antzeko birusen sekuentzia genetikoa aztertu dute, eta, lan horretan oinarrituta, proposamen berri bat plazaratu dute. Haien ustean, gizakiak tximinoen haragia jatean pasatu zen GIB-1aren aitzindaria gizakietara.

Hori ez da guztiz berria, lehen ere beste ikertzaile batzuek eman dute aditzera ideia bera, baina haiek ez zuten azaldu nola sortu zen gizakietara salto egin zuen aitzindaria. Nottingham-go Unibertsitatekoek hori aztertu dute, eta, beren lanaren arabera, bi primate-espezie infektatzen dituzten bi SIV andui nahastuta sortu zen SIVcpz birusa. Nonbait, espezie batek bestea jatean pasatu zen birusa, eta bien birusen genomak nahastean azaldu zen gizakietara salto egitea lortu zuen aldaera.

Nolanahi ere, ez dakite ziur nahasteak eman ote zion birusari gizakira transmititzeko ahalmena; hori zoriz gerta zitekeela uste dute. Gainera, ez dakite SIVcpz birusa gizakira salto egin eta gero mutatu zen ala gizakira iritsi aurretik bihurtu zen GIB-1 birusaren antzekoa.

Dena dela, garbi dute birus horiek espezieen arteko muga gainditzeko gai direla; beraz, litekeena da beste SIV batek ere salto egitea gizakietara eta beste GIB generazio bat sortzea. Izan ere, SIV birusak Afrikako tximinoen 30 espezie infektatzen ditu. Orain, Nottingham-go Unibertsitateko ikertzaileak tximinoetan dauden anduiak aztertzen ari dira, eta zenbat tximino dauden infektatuta ere jakin nahi dute.

Bestetik, SIV birusa duten txinpantzeak ez direla gaixotzen nabarmendu dute, agian infekzioa gainditzeko eboluzionatu dutelako edo birusaren kaltegarritasuna gutxitu egin delako. Ikertzaileen esanean, alderdi hori oso gutxi aztertu da, baina garrantzitsua izan daiteke.

Gehiago jakiteko, ikus Ihesik ez hiesar i dosierra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia