Txikienaren handitasuna, boladan
2009/05/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Esaterako, Australiako unibertsitate horretako ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratu duten artikuluaren arabera, informazioa gordetzeko ahalmena izugarri handitzea lortu dute, urrezko nanopartikulak erabilita. Ohiko DVDetan, informazioa laser bidez irakurtzen da; hau da, uhin-luzera edo kolore bakarreko argiaren bidez. Nanopartikulen ezaugarriei esker, baina, ikertzaileek hainbat uhin-luzera edo kolore erabil ditzakete, informazioa leku berean grabatzeko eta irakurtzeko interferentziarik sortu gabe.
DNA-kutxak nanoteknologiaren adibide deigarrienetako bat dira
(Argazkia: Ebbe Sloth Andersen)
Bestalde, nanopartikulek duten orientazioaren arabera, polarizatutako argi bat edo beste bat xurgatzen dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, polaritatea 360º bira daiteke. Hortaz, 0º-ko polarizazioan informazio bat graba daiteke, eta beste bat, adibidez, 90º-ko polarizazioan; dena, geruza berean. Horrez gain, disko batek geruza bat baino gehiago izan ditzake.
Hala, "bost dimentsioko diskoak" direla esan dute ikertzaileek. Oraindik alderdi batzuk hobetu behar dituztela onartu dute, hala nola diskoak grabatzeko abiadura. Hala ere, 5D-diskoak 5-10 urte barru merkatuan izatea espero dute.
Bitartean, izango dira berri gehiago arlo horretan lanean ari diren unibertsitateen eta ikerketa-zentroen aldetik. Eta ez arlo horretan bakarrik. Besteak beste, azkenaldian ikerketa dezente plazaratu dira DNAzko nanoegiturei buruz.
DNA lehengai
Hain zuzen, arlo hori ere oso interesgarria da, eta egitura harrigarriak lortzen ari dira, biziaren molekula deitzen zaion horretan oinarrituta. Esate baterako, Bangaloreko Oinarrizko Ikerketarako Tata Institutuan , Indian, hiru DNA-zati erabilita, pH 7 eta pH 5 bitarteko azidotasuna neurtzeko adierazle bat egin dute. DNA-adierazle horiek sistema bizietan funtzionatzen dute, baita zelularen barruan ere. Hori oso baliagarria da, zelulen pH-aldaketak gaixotasunekin erlazionatuta baitaude.
DNAren beste aplikazio bat New York Unibertsitatean (AEB) garatu dute. Hango ikertzaileek DNA-motor bat nahi zuten norabidean mugitzea lortu dute. Horretarako, bide bat egin dute, hori ere DNAz, eta hori erabiltzen du DNA-motorrak norabide jakin batean mugitzeko. Ikertzaileen esanean, "molekula konplexuak elkartzeko edo organismoan botikak zein makina molekularrak garraiatzeko" erabil daitezke DNA-motor horiek.
Baina, beharbada, DNAzko egitura deigarrienak DNA-kutxak dira. Kutxak irekitzen dituzten giltzak ere DNAzkoak dira! Danimarkako Aarhus Unibertsitatean egin dituzte. Bakterioak infektatzen dituen birus baten DNAtik abiatuta, ordenagailu bidezko eredu bat sortu dute. Eredu horren bitartez,2-3 orduan, mila milioika DNA-kutxa eratzen dira.
Aipatu bezala, kutxak irekitzeko, DNAz baliatzen dira: kutxaren ertz batean gene edo sekuentzia jakin bat itsatsiz gero, kutxa ireki egiten da. Hori aproposa izan daiteke molekula sendagarriak leku zehatzetara garraiatzeko, dagokion DNA-sekuentzia topatu eta harekin elkartu arte ez bailitzateke irekiko.
Zientzia-fikziokoak diruditen adibide horien beste aldean, nanoteknologian aukera baino arrisku gehiago ikusten dituztenen kezkak daude. Eta egia da, teknologia guztiak bezala, badituela arriskuak. Horretan ere ari dira ikertzen, ordea, eta denbora beharko da balantza zer aldetara makurtzen den ikusteko.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia