Txerrien sarraskia gelditu nahian
1997/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako txerri-sukarra agertzearen ondorioz, milaka txerri hil dituzte Alemanian eta Herbehereetan. Zientzilari alemaniar batzuek, ostera, txerto bat garatu dute triskantza hauei amaiera eman ahal izateko. Datorren urtean hasiko omen dira txertoa erabiltzen.
Dena den, paradoxa bitxi bat badago albiste honetan. Txerri-sukarraren aurkako txertoa dagoeneko asmatuta dago, baina erabiltzeak zaildu egin ditzake gaixotasuna behin-betiko erauzteko ahaleginak. Txerto zaharrrak, gainera, baditu beste eragozpen batzuk; inokulatutako txerriek eta birusa dutenek antigorputz berdinak sortzen dituzte. Ondorioz, antigorputz-analisiek ezin dituzte bereizi gaixotutako txerriak eta txertatuta daudenak.
Alemaniako ikertzaileek txerto berria asmatu dute birusaren proteina-zati berezi batetik abiatuta. Txertoa proteina horren gene batez egina dago, injektatu ondoren birusarekiko inmunitatea sortarazten delarik. Txerri-sarraskiak geldiarazteko giltza proteina horretan egon daitekeela esan dute zientzilariek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia