Txerri ekologikoak
2001/05/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Fosforoa ezinbestekoa da animalien hazkuntzarako, baina hegaztiek eta txerriek fosforo organikoa oso gaizki asimilatzen dutenez, fosforo ez-organikozko gehigarriak ematen zaizkie ohiko elikadurarekin batera. Hondakinekin kanporatutako fosforoak eragiten dituen poluzio-arazoei irtenbidea emateko, Kanadako Guelph Unibertsitateko ikertzaile batzuek genetikoki eraldatutako txerriak haztea proposatzen dute.
Txerri transgeniko horiek, listuan duten entzima bati esker, fosforo organikoa degradatzeko gaitasuna dute. Listu-guruinek entzima hori ekoitzi ahal izateko, Escherichia coli bakterioa erabiliz, ikertzaileek fitasa entzima kontrolatzen duten geneak sartu dituzte txerrien genoman.
Bakterioaren fitasak listu-guruinetan duen jarduera aztertzeko, txerrien gorotzean kanporatutako fosforoa neurtu zuten eta txerri arrunten gorotzean azaltzen den fosforo-kantitatea baino % 11 gutxiago zela ikusi zuten. Ikertzaileen ustez, emaitza oso ona da eta, ingurugiroan sortzen duen arazoa konpontzeaz gain, lortutako arrakastak beste gene batzuekin ikertzeko bidea irekitzen du.
Dena dela, orain beste arazo bati egin behar diote aurre: kontsumitzaileek animalia transgeniko baten haragia onartuko al dute?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia