}

Tuberkulosiaren bakterioa botikekiko erresistente egin duten mutazioak, argitara

2013/09/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

tuberkulosiaren-bakterioa-botikekiko-erresistente-
Tuberkulosiaren bakterioaren irudia, mikroskopio elektroniko bidez.

Nature Genomics aldizkariak tuberkulosiaren bakterioaren (Mycobacterium tuberculosis) eboluzioari buruzko lau artikulu argitaratu ditu. Nazioarteko ikerketa-taldeen emaitzak dira lan horiek, eta, haietako hirutan, tuberkulosiaren bakterioari erresistentzia ematen dioten mutazioetan jarri dute arreta ikertzaileek. Izan ere, horrek sortzen ditu, gaur egun, arazo handienak tuberkulosiaren aurkako borrokan. Laugarren artikuluan, berriz, tuberkulosiaren bakterioaren jatorriaren eta hedapenari jarraitu diote.

Ikertzaileek Mycobacterium tuberculosis bakterioaren gaur egungo anduiak identifikatzeaz gain, elkarren artean alderatu dituzte, eta botikekiko erresistentzia ematen dioten mutazioak nola agertzen diren ikertu dute. Horri esker, erresistentziarekin erlazionatutako gene berriak aurkitu dituzte, eta horrek bide berriak irekitzen ditu tratamendu hobeak topatzeko.

Hain zuzen, erresistentziarekin lotutako geneetako askok zelula-paretari eragiten diote; esaterako, egitura edo iragazkortasuna aldarazten dute. Aldaketa horren ondorioz, botikek eraginkortasuna galtzen dute. Beste gene batzuek, berriz, mutazioen abiadura azkartzen dute, edo erresistentzia ematen duten geneetan eragiten dute, haien jarduera areagotuz edo txikituz. Dena den, ikertzaileek aitortu dute oraindik ez dakitela zein den identifikatutako geneen erdien funtzioa.

Bestalde, tuberkulosiaren bakterioaren jatorriari eta hedapenari buruzko artikuluan argitu dute bakterioak eta gizakiak 70.000 urte daramatela elkarrekin eboluzionatzen. Hain justu, frogatu dute gure espeziea Afrikatik atera baino lehendik infektatzen zuela bakterioak gizakia, eta ondorioztatu dute geroztik bakterioak hilgarriagoa izateko eboluzionatu duela: bakterioa hedatzeko, gaixotasuna garatuta egon behar du, eta, nonbait, bakterioak latentzia-denbora laburtzearen alde egin du, hedapena azkartzeko. Hala eta guztiz ere, normalean, urteak igarotzen dira pertsona kutsatzen denetik gaitza garatzen duen arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia