}

Tropikoetatik ekarritako oroigarriak

1999/03/01 Sarasua Etxeberria, Arantxa | Umaran Sanchez, Adelaida Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hemen ezezagunak diren infekzio batzuk (malaria, lominaren gaixotasuna, filariasiak, edo sukar horia besteak beste) lurralde tropikaletan endemikoak dira. Infekzio hauek gehienak pertsona edo animalia infektatuengandik transmititzen dira eltxo, euli edo beste artropodoen ziztaden bidez. Oro har infektatzeko arriskua bidaiaren iraupenaren eta helburuaren araberakoa izango da eta baita bidaiariaren ohitura, eginkizun eta jokaeren araberakoa ere. Beraz, zentzuzkoena bidaia egin aurretik medikuari kontsultatzea da, egonaldia luzea izango denean bereziki. Bidaia egin baino lehen gaixotasun batzuen aurka babesa lortzeko txertoak edo antibiotikoak hartzeko aukera dugu. Gero, bidaian zehar infekzio hauen transmisioa mozteko neurri higieniko pertsonalak hartu beharko ditugu. Kolektibo batzuei gainera bidaiatik itzuli ondoren miaketa egitea komeni zaie nahiz eta sintomarik izan ez.

Gure artean lurralde tropikalak bisitatzea gero eta arruntagoa da. Adibidez, iaz 10.000 bizkaitar hara joan ziren turista gisa, bidaietara edo borondatezko lankide gisa. Gure herrietan bizi diren lurralde tropikaletako atzerritarrak ere infekzio-iturri bihur daitezke beren jatorriko herrietan oporrak igaro eta gero hona bueltatzen direnean. Ondorioz, malaria, helmintiasiak eta lurralde tropikaletatik ekarritako beste infekzio batzuk ugaritzen ari dira gurean2. Dena dela, arazoa ez da Euskadin dagoen infekzio tropikalen kopurua bera, oraindik handiegia ez baita. Kezkagarriena horrelako infekzioak diagnostikatzen eta tratatzen daukagun ohitura falta da. Bidaia luzearen ondoren sukarra eta egonezina sufritzea eta medikuz mediku ibili behar izatea diagnostikoa ondo bideratu arte sarritan gertatzen da. Penagarria da, bestalde, infekzio hauek gehienak prebentzio neurri zehatzak hartuz gero saihesteko modukoak izatea eta askotan horretaz ez arduratzeagatik gaitza harrapatzea.

Gure osasun-erakundeek gizartean gertatzen ari diren aldaketetara egokitu behar dute ahalik eta lasterren. Beraz, kanpotik ekarritako infekzioen prebentzio, diagnostiko eta tratamenduan badute zeregina.

Zer harrapa dezakegu tropikoan?

Paradisu tropikalak bisitatu ondoren sukarra izaten badugu, medikuarengana joandakoan oso garrantzitsua da bidaiaren berri ematea. Gehienetan gripea, arnas traktuko beste infekzioren bat edo gernu-infekzioa baino ez da izango; horrelakoak tropikoan zein etxean ere har ditzakegu. Baina ohiko infekzioak baztertu ondoren akaso sukar horia, malaria, eskistosomiasia edo beste gaixotasun exotiko baten sintoma izan daiteke eta horretaz konturatzeko medikuak non egon garen jakin behar du diagnostikoa burutzeko aukera egokiak izan ditzan. Medikuari bidaiako zehaztasun guztiak eman beharko dizkiogu: zenbat denbora egon garen, noiz etorri garen, zer-nolako txertoak eta antibiotikoak hartu ditugun, non ibili garen bidaian zehar eta zer egin dugun. Datu hauek guztiak oso baliotsuak dira diagnostikoa ondo bideratzeko, gaixotasunen transmisioarekin zerikusi handia dutelako.

Tripanosoma cruzi.
Changas-en gaixotasunaren eragilea.

Tropikoetatik datorren bidaiariaren sukarra atipikoa dela ikusita, lehenengo eta behin malariaren diagnostikoa egitea komeni da. Malaria oso gaixotasun larria da, baina garaiz diagnostikatu eta ondo tratatu ondoren gaixo gehienak sendatu egiten dira. Malaria ez bada, beste aukerak ikertu beharko ditu medikuak: sukar errekurrenteak, sukar horia, dengea eta abar.

Bidaiaren ondoren medikuarengana joateko beste sintoma tipiko bat beherakoa da. Bidaiarien % 20-50ak pairatzen du eta zorionez kasuen % 95 ez da oso larria izango. E. coli bakterioaren serotipo toxigeniko batzuek sortzen dute beherako-mota hori. Bidaian zehar edo itzuli orduko hasten da eta egun-pare bat baino ez du irauten. Kasuen % 5etan ordea beste gaixotasun larriagoak izan daitezke beherakoaren arrazoia: disenteria edo kolera, hain zuzen ere. Tropikoetan ugari diren amebek eta beste protozoo batzuek sortutako gaixotasunen sintoma nagusia ere beherakoa da.

Parasito handiek, helmintoek hain zuzen, askotan infekzio azpiklinikoak sortzen dituzte, hauen sintoma nagusia anemia delarik. Infekzio hauek askotan ohartu gabe pairatzen ditugu sintoma ezespezifikoekin: pisu-galera eta nekearekin gehienetan.

Zerk erabakitzen du infekzioaren hedapen geografikoa?

Transmisio bidea da gakoa dudarik gabe. Hemen ezezagunak diren infekzio batzuk (malaria, lominaren gaixotasuna, filariasiak edo sukar horia, besteak beste) lurralde tropikaletan endemikoak dira, hau da, infekzio-tasak gutxi gorabehera berdin mantentzen dira bertako biztanleengan.

Infekzio hauek sortzen dituzten parasitoak bizi-ziklo konplexuak dituzte: gizakiengan egon behar dute bere bizialdiaren erdian eta beste erdian beste izaki batengan. Malariaren parasitoa, Plasmodium protozooa alegia, gure eritrozitoetan ugaltzen da denboraldi batez, baina ezin du ostari bakar batean geratu bizitza osoa eta bere ugalketa-zikloa osatzeko beste izaki baten bila joan beharko du; Anopheles eltxoaren urdailera joango da, hain zuzen ere. Han ere ugaldu egingo dira parasitoak eta eltxo infektatuek beste gizaki bati kosk egiten diotenean zikloa izten da. Horrela, infekzio hauek guztiak pertsona edo animalia infektatuengandik transmititzen dira eltxoen, eulien edo beste artropodoen ziztaden bidez (1. taula)

Bitartekari hauei bektore biologiko deitzen zaie eta behar-beharrezkoak dira infekzioa zabaltzeko eta lurralde batean mantentzeko, parasitoak bektore barnean ere ugaltzen direlako. Tropikoko eguraldi beroa eta euritsua oso egokia da espezie transmititzaile hauek hazteko. Gurean ordea, artropodo bektore hauek ez dute erruteko eta larbak hazteko egoera egokia eta, ondorioz, parasitoen bizi-zikloak ezin dira osotu. Horrexegatik hemen ditugun infekzio hauen kasuak urri dira eta beti beste lurraldeetatik ekarritakoak. Bektore biologikoak oso bitartekari espezifikoak dira, hots, parasito bakoitza espezie batek edo gutxi batzuek transmitituko dute. Beraz, bitartekari espezifikorik ez dagoenean, akabo infekzioa.

Aedes aegypti,
sukar horiaren transmisorea.

Dena den, 2. taulan ikusten denez, lurralde tropikaletan har ditzakegun beste infekzio batzuek ez dute bektorerik behar. Disenteria, kolera eta bidaiariaren beherakoak edo A hepatitisa adibidez, ur edo elikagai poluituen bidez harrapatzen dira; eskistosomiosiak eta beste helmintiasi batzuk ur-poluituetan bainatuz; hiesa, B hepatitisa edo sifilia kontaktu sexualen bidez transmititzen dira eta tuberkulosia edo meningitisa airearen bidez.

Gaixotasun hauek gehienak unibertsalak dira, hau da, munduan edonon ager daitezkeen gaixotasun-kasuak, baina lurralde tropikaletan dauden infekzio-tasak (morbilitatea) hemen baino askoz handiagoak dira. Kasu hauetan pobrezia da gakoa. Pobreziak, osasun-bitartekoen faltaz gain, jendearen metatzea, higiene eta nutrizio eskasia eta nahaskeria sexuala eragiten ditu. Nutrizio eskasiak inmunoeskasia dakar gizakiengan eta horrek infekzioekiko sentikortasuna areagotu egiten du. Osasun-bitartekoen faltagatik infekzio hauek ez dira garaiz tratatzen eta infekzio-iturri bihurtzen dira beste pertsonentzat. Sorgin-gurpil hori apurtu arte pobreziak erabakiko du munduko infekzio askoren hedapen geografikoa.

Nora joan, hura ekarri

1. irudiaren bidez lurralde bakoitzean infektatzeko dagoen arriskua adierazten da. Horretarako gaixotasunaren infekzio-tasak (infektatu-kopurua 100.000 biztanleko) hartzen dira kontuan. Beraz, infekzio-iturria handia denean infektatzeko arriskua handiagoa izango da. Dena den arrisku hori bidaiaren helburuaren araberakoa da. Adibidez, Afrikan malaria harrapatzeko arriskua, hango infektatuen portzentaia berdina izan arren, handiagoa da borondatezko lankidearentzat turistarentzat baino. Azken honek aste beteko bidaia egingo du, luxuzko hoteletan egingo du lo eta hirietan ibiliko da gehienbat hango biztanleekin ia harremanik izan gabe. Borondatezko lankideak aldiz bi hilabete inguru lan egingo du tropikoko herriren batean, bertako herritarrekin biziz eta lo eginez. Biztanle horietako batzuk infekzio-iturri dira eta gainera Anopheles eltxoak, malariaren bektoreak alegia, askoz ugariago dira herrietan eta, beraz, infektatzeko arrisku handiagoa du.

Prebentzio-neurriak eta bidaia aurretiko gomendioak

Gaixotasun infekziosoak prebenitzeko hiru bide orokor daude: 1) infekzio-iturria deuseztatu; 2) transmisioa moztu eta 3) gizaki infektagarriak babestu. Lehenengo bidea medikuen esku dago, infekzio-kasuak lehenbailehen diagnostikatuz eta egokiro tratatuz gero infekzio-iturria murriztu egiten delako. Beste bi aukerak erabili nahi izatekotan, norberak parte hartzea beharrezkoa da. Gehienetan, tropikoetako infekzioen transmisioa mozteko neurri higieniko pertsonalak hartu beharko ditugu: elikagai gordinik ez jan, ura beti botilakoa edan, fruituak zuritu eta abar. Artropodoen ziztadetatik libratzeko ere arropa eta zapata aproposak erabili eta logelan intsektizida bota beharko dugu. Tropikoetako biztanleekin harreman sexualetan preserbatiboa erabiltzea ezinbestekoa da, hango hiesaren eta B hepatitisaren infekzio-tasak kontuan hartuz, gaixotzeko arriskua handia baita.

Era berean, bidaiara joan baino lehen gaixotasun batzuen aurkako babesa lortzeko txertoak edo antibiotikoak hartzeko aukera dugu. Askotan, txikitan hartutako txertoak eguneratzea komeni da: tetanoa, difteria, poliomielitisa, A hepatitisa eta B hepatitisa, tropikoko lurralde askotan hemen baino txit ugariago baitira. Nahiz eta txikitan gaixotasun hauen kontra babesturik egon, urteak pasatu ahala immunitatea galdu egiten dugu eta indartzeko dosiak hartu beharko ditugu.

Infekzio tropikalen diagnostikoa; goian malariaren parasitoak (Plasmodium falciparum). odol tanta batea.

Horrez gain, hemen erabiltzen ez diren beste txerto batzuk ere har ditzakegu, beti ere bidaiaren arriskuak aztertu ondoren6. Txerto hauetariko garrantzitsuena sukar horiaren kontrakoa da. Sukar horia oso gaixotasun hedatua da, bai Amerikan, bai Afrikan eta bai Asian. Izurriaren, Japoniako entzefalitisaren eta beste gaixotasunen kontrako txertoak badira, baina infekzio hauen hedapena txikia denez, gutxitan erabiliko ditugu. Beste kasu batzuetan, koleraren kasuan hain zuzen, nahiz eta txertoa badagoen, ez da hartzea gomendatzen eraginkortasun txikia duelako. Ondorioz, kolera saihesteko biderik zuzenena neurri higienikoak zorrotz betetzea da.

Zoritxarrez gaixotasun infekzioso batzuek oraindik ez dute txertorik. Parasitosiak (malaria, lominaren gaixotasuna, leishmanosia eta abar) animalia parasitoek sortuak dira. Parasito hauek bakterioak eta birusak baino askoz konplexuagoak dira antigenoei dagokienez. Ondorioz, antigeno hauek blokeatzeko txertoak bilatzea oso zaila da eta oraingoz ez dugu parasitosiak saihesteko txerto eraginkorrik, arlo honetan ikerketa asko egiten ari den arren.

Txertoak ez dira ordea biztanlegoa infekzioetatik babesteko modu bakarra. Kimioprofilaxia ere egin daiteke, hau da, antibiotikoak har daitezke infekzioa saihesteko. Malariaren kasuan eta ikerketa-fasean dagoen txertoa merkaturatu arte, 300 mg klorokina astero hartuz kimioprofilaxia egin beharko dugu derrigorrez. Profilaxi hori bidaia egin baino aste bete lehenago hasiko dugu eta bidaiatik itzuli eta lau aste geroago ere bete beharko dugu. Lurralde batzuetara joateko, klorokinarekiko erresistentzi arazoak direla kausa, beste antibiotiko batzuk hartuko ditugu. Oso garrantzitsua da kimioprofilaxia hasiz gero tratamendua betetzea. Batzuek antibiotikoa hartutakoan ondoeza sufritu eta berehala lagatzen dute eta horietariko askok malaria harrapatuko du.

Ikusten denez tropikoetako infekzio gehienetatik babesteko modurik badago, baina prebentzio-neurriak zehazteko kasuan kasuko azterketa egin beharko da (2. irudia). Gehienetan infektatzeko arriskua bidaiaren iraupenaren eta helburuaren araberakoa izango da eta bidaiariaren ohitura, eginkizun eta jokaeren araberakoa ere bai. Gainera txertoen eta antibiotikoen dosiak bidaiariaren adinera, osasun-egoerara eta beste ezaugarri batzuetara egokitu beharko dira.

Esandakoaren arabera zentzuzkoena bidaia egin aurretik medikuari kontsultatzea da, egonaldia luzea izango denean bereziki. Borondatezko lankide, inmigrante, itsasgizon eta beste langile batzuen kasuan ere, itzuli ondoren medikuarengana joatea merezi du, nahiz eta sintomarik izan ez. Turista arruntentzat aldiz, bidaia egin aurretik kontsulta egitea oso komenigarria da, gutxienez informazioa lortzeko, baina bidaia ondorengo miaketa sistematikoak ez dira egin behar. Baina, zerbaitengatik medikuarengana joan behar badute, oso garrantzitsua da bidaiarena medikuari aipatzea, horrela berak argibide ederra izango baitu diagnostikoa ondo bideratzeko.

Goian, ameba bat (Entamoeba histolytica) gorozki-lagin batean.

Gaixotasun exotikoak bestalde, ez dira zailak diagnostikatzen. Sukar ez-tipikoaren kasuan odol-tanta bat mikroskopioan aztertzea nahikoa da Plasmodium , Trypanosoma edo Leishmania parasitoa dagoela nabarmentzeko. Gorozki-lagin bat mikroskopioan behatuz amebak, edo eskistosomen eta beste helmintoen arrautzak ikus daitezke (3. irudia). Nolanahi ere lagin kliniko hauek erreferentzi zentroetara bidal daitezke, haiek diagnostikoa berresteko beste froga batzuk egin ditzaten.

Europan leku askotan eta Katalunian orain dela urte batzuk hasi dira ekarritako gaixotasun exotikoez arduratzen. Hango kolektibo konkretu batzuk (inmigranteak, borondatezko lankideak eta tropikora bidaiak maiz egiten dituztenak) sistematikoki aztertuz, infekzio-tasa harrigarriro handiak aurkitu dituzte malariaren edo denge sukarraren kasuan, adibidez, nahiz eta pertsona hauek gehienek sintomarik izan ez. Gurean eta azkenaldian, ekarritako infekzio-kasu guztiak biltzeko asmoz, ospitale batzuetan kontsulta bereziak zabaldu dituzte bertan gaixotasun infekziosoetan eta mikrobiologian adituak elkarlanean aritzen direlarik. Tropikoetako gaixotasunen diagnostikoak eta tratamenduak bideratzeko erreferentzi zentroak dira eta beste osasun-zentroetatik pazienteak bidaltzen dizkiete. Era berean, oso leku aproposak dira bidaia baino lehenago zalantzak argitzeko.

GaixotasunaParasitoaBektore biologikoaMalariaPlasmodium sppAnopheles eltxoakLominaren gaixotasunaTripanosoma bruceiGlossina euliakChagas-en gaixotasunaTripanosoma cruziTriatomakLeishmaniosiakLeishmania spp.Phlebotomus eltxoakFilariasiakWuchereria, Loa, Brugia,Culex eta beste eltxo batzukSukar horiaSukar horiaren birusaAedes eltxoak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia