Triton (I)
1990/06/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko alean Neptunok ustegabe eta arazo ulergaitz ugari aurkeztu zituela esaten bagenuen, oraingoan beste hainbeste esan dezakegu Tritoni buruz. Areago, Neptunoren satelite hau Voyager-2aren bidaiaren azken fasearen protagonista izan dela esan behar da. Bere ezaugarrien berezitasunak direla eta, Tritonek ikertzaileen arreta erakarri zuen lehenengo argazkiak Lurrera iritsi zirenetik, Neptuno bera ere bigarren mailara baztertuz.
Voyager 2a Tritonera hurbildu aurretik, ezaguna zen satelite hau Eguzki-sistemako beste guztietatik ezberdintzen duen ezaugarri bat: translazio-higiduraren norantza atzerakoia. Hau da, Neptunoren bere ardatzarekiko biraketa-higidura eta Tritonek Neptunoren inguruan duen translazio-higiduraren norantzak aurkakoak dira. Gainera, Tritonen ibilbidea ez dago Neptunoren ekuatorearen planoan. Berezitasun bi hauek Tritonen jatorriari buruzko aieruak sorterazi zituzten.
Astronomoek zalantzan jarria zuten Tritonen sorrera-prozesua Eguzki-sistemako beste sateliteena bezalakoa izan zela. Dena den, aipatu berezitasunak ez ziren aski satelite honi buruzko aurreirudia aldatzeko. Horregatik harritu ziren Voyager 2ren kamerek itxura erabat izoztu eta geldo baten ordez gainazal gaztea eta oso gorabehera geologiko ezberdinetakoa erakutsi zutenean. Bestalde, eremu magnetiko ahula eta egurats mehea ere badituela aurkitu da.
Ondoko taulan, neurtu ahal izan diren Tritonen ezaugarri fisikoak ditugu. Ikus daitekeenez, Triton Ilargia baino pixka bat txikiagoa da, eta neurri eta dentsitateari dagokionez Pluton eta bera oso antzekoak direla esan daiteke. Dirudienez, Triton harkaitz- eta izotz-nahaste batez osatua dago, eta ez izotzez bakarrik astronomo batzuek uste zuten bezala. Barrukaldeko izotza urezkoa izango litzateke gehienbat, gainazal inguruan nitrogenozkoa ugariago bada ere.
Eguratsak, berriz, Titanenaren antza du. Saturnoren satelite honekin eta Lurrarekin batera, osagai nagusitzat nitrogenoa duten bakarrak dira. Beste osagaia metanoa da, baina oso kantitate txikia dago. Atmosferaren altuera txikia da, noski, baina gutxienez 800 km baditu. Bertan laino- eta hodei-geruzak ere ikusi dira; 25 km-ko altueraraino gutxi gorabehera. Ustez, hodei hauek metano izoztuz edota gas honen eta Eguzkiaren argiaren arteko elkarrekintzak sortutako aerosol edo hidrokarburo-zatikiz osaturik daude. Haizeak hego hemisferioan (ondoen aztertu ahal izan denean) ipar-ekialderantz jotzen dute gainazalaren inguruan, eta mendebalderantz goiko aldean. Lehenengoen abiaduraren kalkuluak ere egin dira, emaitza 5 m/s ingurukoa izanik.
Taulan dugun hurrengo ezaugarria tenperatura da. Bertan ematen den balioa nitrogenoaren izozte-puntuaren azpitik dago. Hori dela eta, Voyager 2ak hego hemisferioaren hiru laurdenak nitrogeno elurrez estalita erakutsi zizkigun. Hemisferio honetan udaberriaren azken aldea da. Seinale guztien arabera, Triton Pluton bera baino hotzagoa da.
Hurrengo alean Tritonen gorabehera geologikoez eta gainazalean hatzeman diren konposatu organikoez arituko gara. Segidan bere jatorriari buruzko azkeneko ideiei buruz hitz egingo dugu, eguratsaren sorrera-prozesuarekin eta gorabehera geologiko horiekin lotuak daudelako.
Aditu guztien ustez, Neptuno gas eta gorputz txikien akrezioz eratu zen (Jupiter eta Saturno bezala) Eguzki-sistema sortzen ari zen garai hartan, orain dela 4.500 milioi urte inguru. Baina, horretan, bere satelite- eta eraztun-sistema, hots, eraketa prozesuaren hondakinak, ugariago izan beharko lukete. Hondakin-urritasun hau Tritonek sortua izan liteke. Hipotesi honen arabera, hasiera batean Tritonek bere orbita izango zukeen Eguzkiaren inguruan, baina Neptunoren ilargiren batekin talka egitean edo, planeta honek bere sistemara erakar zezakeen.
Talkak, lehen aipatu ditugun Tritonen translazio-higiduraren berezitasunak azalduko lituzke, eta gainera, satelite berria Neptunoren inguruaren “garbitasun” erlatiboaren erantzule litzateke. Hasieran Tritonek oso orbita eszentrikoa izan zezakeen, baina planetak sortutako marea-indar bortitzak eragin bikoitza izango zukeen; batetik, orbitaren zirkularizazioa eta bestetik, Tritonen barnearen beroketa, mareek sortutako marruskadura-indarren eraginez. Barne-energi hau izango litzateke gainazala geologikoki aktibo bilakatu zuena.
Hipotesi hau azken ondorioetara eramanez, atmosfera, barruko gasen jarioek sortua izango litzateke. Hau da, Tritonen eguratsaren sorrera eta galera kometetan gertatzen den bezala gertatuko litzateke (Prozesu hau Giotto zundak aztertu zuen Halley Kometara hurbildu zenean). Beraz, Triton Oort-en Hodeian sortutako gorputza izan liteke; kometa erraldoia alegia.
Esan bezala, datorren alean astro interesgarri honen beste berezitasun batzuk aztertuko ditugu.
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia