Tren hegalariak
2001/02/25 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Trena autoak gutxiago erabiltzeko garraio-bide alternatiboa da, baina haren geldotasuna dela eta, ezin esan gaur egungo beharretara egokitutako garraio-bidea denik. Hala ere, aurrerapen handiak egin dira eta jadanik, tren konbentzionalaz gain, beste bi teknologia ere ezagutzen dira; abiadura handikoa eta lebitazio- magnetikokoa.
Tren konbentzionalarekin 160 km/h-ko abiadura har daiteke eta, horregatik, normalean, distantzia txikietarako erabiltzen da. Abiadura handiko trenarekin, berriz, 350 km/h-ko abiaduran distantzia luzeak egiten dira eta, tren- magnetikoarekin gertatzen ez den bezala, gaur egungo trenbideekin bateragarria den teknologia da. Zoritxarrez, badirudi beti ez direla trenbide zaharrak erabiltzen, baina, tira, hori teknika erabiltzen dutenen esku dago.
Tren-teknologian iraultza sortuko ei duten azken asmakizuna tren "hegalariak" dira. Tren horiek lebitazio- magnetikoko trenak dira eta gida deituriko trenbideetan ibiltzen dira. Teknologia horren berrikuntza nagusia, izenak berak dioen bezala, indar magnetikoari esker "flotatzeko" duten gaitasuna da. Gidaren alde bietan eta trenaren bagoietan kokatuak dauden imanek sortzen dute trena altxatu eta aurrera joatea egiten duen eremu-magnetikoa. Tren horiek beste edozein tren baino lasterragoak dira 300—500 km/h-ko abiadura hartzen baitute, baina horrez gain, berrikuntza garrantzitsua trenaren marruskaduraren ondorioz sortzen diren soinu eta bibrazioak saihesten dituela da. Lehen lehenik, japoniarrek garatu omen zituzten, baina badirudi azken urte hauetan alemanek aurre hartu dietela.
Transrapid trenaren historia luzea
Transrapid-ek oso historia luze eta korapilatsua du. Teknologia Hermann Kemper ingeniari alemaniarrak patentatu zuen 30eko hamarkadan. Ingeniari alemaniarraren gurasoen etxearen ondotik iragaiten zen trenaren soinuaz aspertuta erabaki zuen marruskadurak saihesteko teknika bat garatzea. Horrela, eremu-magnetikoak tren-bide eta propultsiorako elementu gisa erabiltzea otu zitzaion. Transrapid 2,80 metroko hormigoizko egitura baten gainean mugitzen da, baina ez du ukitzen, bere gainean "flotatzen" du 10 milimetroko altueran. Sentsore batzuen bidez, trenaren distantzia segundoko 30.000 aldiz egiaztatzen da eta potentzia- magnetikoa erregulatzen da.
Gobernu alemaniarrak 1969an erabaki zuen teknologia horren bideragarritasuna aztertzea. 1984an 30 km-ko entsegu-ibilbidea martxan jarri zen. Proiektuak ongi funtzionatzen zuela ikusirik, Hamburg eta Berlin bateratuko zituen 300 km-ko trenbidea egitea erabaki zuten, bidaia hori ordu batean egin ahal izateko helburuarekin. Baina, finantzaketa eta bideragarritasun-azterketak zirela medio, proiektua atzeratzen joan zen. 1998an, koalizio gorri-berdea boterera iritsi zenean, Transrapidek ikaragarrizko kolpea jaso zuen.
Ekologistak beti agertu izan dira proiektu honen aurka, beren asmoa gaur egungo trenbideak baliatzea baita, paisaiak hondatuko lituzketen ibilbide berriak egin gabe. Azkenean, iragan otsailean, gobernuak eta inplikatutako enpresek proiektua bertan behera uztea deliberatu zuten, nahiz eta ordurako 190.000 milioi pezeta (7,6 milioi libera) inbertituak zituzten.
Orain, Txinaren erosketari esker, proiektua arnas- berrituta atera da eta Estatu Batuak eta Australia beste hainbeste egitera animatuko diren itxaropena dute alemaniarrek. Xangai-en 10 minutu baino gutxiagoan egingo den 30 km-ko ibilbide laburra izango da. Luzera horretako ibilbideetarako ere teknika egokia da, azeleratzeko ahalmen handia eta galgatzeko lastertasuna baitu. Lehen ibilbide hori errentagarri gertatzen bada, Txinan 12.000 milioi pezeta kostatuko den Xangai eta Pekin lotuko dituen 1.300 km-ko ibilbidea eginen dute. Txinak bere tren-bide-sarea bost urteko epean garatzeko asmoa dauka, batez ere eskualde baztertuak hurbiltzeko asmoz.
Nahiko paradoxikoa da Alemanian garatutako teknologia garrantzitsu bat bertan ezin martxan jarri izatea, baina horrelakoak lehenago ere gertatu izan zaizkie. Faxarekin ere horixe gertatu omen zitzaien; beraiek sortu zuten, baina japoniarrek komertzializatu zuten lehen aldiz.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia