}

Transgenikoak aho osasuntsua izateko

2005/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Turroi asko jan duzu egun hauetan? Agian, behar baino gehiago. Eta orain arduratuta zaude kilo batzuk hartu dituzulako. Eta hortzak, zer moduz? Begiratu duzu aho barruan? Ai ene! Dentistari bisita egin beharko diozu... Badakizu badela behin betiko txantxarraz ahazteko modu bat? AEBetan ari dira garatzen, eta badaezpada ere ohartarazi nahi dizut eraldaketa genetikoa dagoela tartean. Transgenikoak, alegia.
Askoren ametsa: dentistari betiko "agur" esatea.

Sendagaiez eta elikagaiez arduratzen den erakunde estatubatuarrak baimena eman dio hango konpainia bati txantxarra desagerrarazteko asmatu duten metodoa garatzen jarraitzeko. Horren arabera, laster hasiko dira bere teknika probatzeko proba klinikoak egiten. Zertan oinarritzen da, bada, teknika hori?

Kontua da gizon-emakumeen ahoan dauden bakterioek zerikusi zuzena dutela txantxarraren sorreran. Bakterio horietako bat Streptococcus mutans da, eta jaten ditugun elikagaiek duten azukreaz elikatzen da. Horraino ez dago eragozpenik. Baina azukrea jaten duenean, hondakin moduan azido laktikoa gelditzen da, eta azido horrek hortzen esmalteari eraso egiten dio. Esmaltea kaltetu eta gero, gainerako bakterioak erraz sartzen dira hortzean, eta dentina kaltetzen dute. Horrela sortzen da txantxarra.

Horri aurre egiteko, ikertzaileek Streptococcus berezi bat sortu dute. Jatorrizko bakterioa eraldatuz, azukrea metabolizatutakoan azido laktikoa sortu ordez beste substantzia bat sortzen duen bakterioa lortu dute. Substantzia horri mutazina 1140 deitu diote, eta horren ezaugarri nagusia da ez diola hortzaren esmalteari inolako kalterik egiten. Are gehiago: txantxarraren lehen errudunak diren bakterio ez-transgenikoak akabatzen ditu mutazina 1140k.

Ezinbestekoa da hortzak ondo zaintzea.

Bakterio transgenikoa gizon-emakumeen ahoan sartuz gero, txantxarraren eragileak ordezkatzen ditu, eta, hartara, txantxarra izateko arriskua desagertu egiten da. Hori da, behintzat, ikertzaileen ustea, eta horretan oinarritzen da txantxarra prebenitzeko proposatzen duten teknika berria.

Laborategiko probak

Bakterio transgenikoen eraginkortasuna eta segurtasuna probatzeko, saio ugari egin dituzte ikertzaileek, baina beti animalietan. Duela 30 urte hasi ziren, eta batez ere arratoietan ikusi dituzte bakterio horiek ahoan sartzearen ondorioak.

Adibidez, proba horietako batean, arratoiak hiru taldetan banatu zituzten. Lehenengo taldekoei azido laktiko asko eta azidoak ez diren konposatu gutxi sortzen duten Streptococcus mutans arruntak sartu zizkieten ahoan. Bigarren taldekoei azido laktikorik ez sortzeko genetikoki eraldatuta zeuden bakterioak sartu zizkieten. Bukatzeko, hirugarren taldea infektatu gabe utzi zuten, kontrol moduan.

Zortzi astez azukrea zuen janariarekin elikatu eta gero, kontu handiz aztertu zituzten arratoien ahoak. Asmoa zen ikustea zenbateraino zituzten kaltetuta hortzak. Eta emaitza zen bakterio transgenikoekin infektatutakoek besteek baino aho osasuntsuagoa zutela. Gainera, frogatu zuten bakterio transgenikoek jatorrizkoak ordezkatu zituztela, baina ez dutela eragiten ahoan dauden beste motetako bakterioetan.

Hurrengo pausoa

Hortzak ezkutatzeko arrazoirik ez izateko, tori transgenikoak!

Orain, bakterioarekin lanean ari den konpainiak gizon-emakumeetan duen eragina probatu nahi du. Proba klinikoak egiteko baimenak ematen dituen erakundearen baietza jaso ondoren, prest daude probak egiten hasteko. Dena dela, zuhurtziaz jokatu nahi dute, segurtasun-arazorik ez izateko. Horregatik, injektatutako bakterioa berezia izango da; hain zuzen, gizakien ahoan ez dagoen aminoazido baten beharra du. Hortaz, proban parte hartuko dutenek aminoazido hori ere hartu beharko dute, bakterioak bizi daitezen. Beste norbaiten ahora pasatuko balira, berriz, ezingo lukete bizirik iraun, han ez bailukete aurkituko aminoazido hori.

Emaitza onak lortuz gero, segurtasuna bermatzeko ezarri dioten ezaugarri hori gabeko bakterio transgenikoekin egingo dituzte probak. Bestalde, konpainiak jakinarazi du saioan parte hartuko dutela bai infektatutako pertsonek bai beren bikotekideek, ikusteko transmisioa badagoen ala ez. Hau da, bakterio transgenikoak baten ahotik bestera pasatzen diren, musuen bidez, adibidez.

Musu emateko, baimena eskatu behar

Gozozalea bazara, jan lasai. Hortzei behintzat ez die kalterik egingo azukreak.

Azken kontu horrek eztabaidak eta txantxak sorrarazi ditu. Izan ere, AEBetan eta Europan ikuspuntu kontrajarria dago oro har transgenikoei buruz: AEBetan arazorik gabe onartzen dituzte transgenikoak; aldiz, Europan ez daude batere ondo ikusiak.

Hori jakinda, galdera hau etorri zaio burura hainbati: ahoan bakterio transgenikoak dituen batek ohartarazi egin beharko luke inori musu eman baino lehen? Galdera inozoa dirudi, baina agerian uzten du, transgenikoei hedatzeko bidea ematen bazaie, mundu osora zabaltzeko arriskua egon daitekeela. Zer eragin izango luke horrek? Zientzia-fikzioko ipuin bat egiteko gaia izan daiteke. Alabaina, teknika 4-5 urte barru kaleratzea da konpainiaren nahia. Itxuraz, ordutik aurrera ez dugu txantxarraz kezkatu beharrik izango.

Azken galdera: zertatik biziko dira orduan dentistak?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia