Transgenesia: bioteknologiaren azken asmakizuna
1999/10/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer dira, baina, transgenikoak? Beste espezie baten DNA (gene bakar bat edo gutxi batzuk), hots, materia genetikoa duten eta ugalkorrak diren landare edo animaliei deritze transgeniko (adibidez, arrainen geneak dituzten landareak). Elikagai transgeniko , ordea, haietatik eratorritako elikagaiak izango dira.
Dena den, zenbaitzuk transgenikoez baino nahiago dute genetikoki eraldatutako organismoez (GEOez edo GMOez, ingelesez) hitz egin, bai zuzenago deritzotelako bai eta transgeniko terminoak gizartean duen ospe txarra saihestearren. Kasu honetan gene eraldaketa espezie beraren baitakoa ere izan daiteke, beraz GEO kontzeptua zabalagoa da transgeniko kontzeptua baino. Askotan biak modu nahasian erabiltzen dira. Elikagaiez hitz egitean, elikagai transgeniko edo genetikoki eraldatutako elikagai (GE) erabiltzen da.
Era batera zein bestera izendatu, injinerutza genetikoa erabiltzen da nahi den emaitza lortzeko. Orain arte gehien bat landareekin lan egin da eta, era berean, aurrerantzean landare transgenikoez hitz egingo da soilik artikulu honetan. Elikagai esatean landareetatik eratorritakoez arituko gara.
Gero eta elikagai transgeniko gehiago
Genetikoki eraldatutako (GE) landareak gero eta lur-sail gehiagotan ageri dira. 1996an 3 milioi hektarea inguru landatu ziren jada munduan. Hurrengo urtean 13 milioi ziren eta 1998an, GE landareekin ereindako soroen azalera 30 milioi hektarea baino gehiagokoa, horietatik 25 milioi Estatu Batuetan, izan zen mundu osoan. Enpresa agrokimiko handiek horren alde egin dute eta, euren esanetan, labore horien emendioa hazi berriek nekazariari eskaintzen dioten errentagarritasunaren ondorioa da. 1997. urtean, Novartis suitzarrak nekazaritza-sektoreko ikerkuntzarako eta garapenerako departamentuaren aurrekontuaren % 16, hots, 12.227,8 milioi pezeta/482,17 milioi libera hazietan inbertitu zituen. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) bere lehiakideak, Monsanto -k, 1996an 450 milioi dolar (64.214,15 milioi pezeta/2.532,10 milioi libera) inbertitu zituen ikerkuntza bioteknologikoan.
Gaur egun, gehien ereiten den GE landarea soia da. Genetikoki manipulatu zuten lehen laborea ere bada. Jarraian artoa egiten da gehien, almidoi-industriarakoa eta animalien bazkarakoa. Kotoi, koltza, tabako, tomate eta barazki transgenikoak gutxiago erein dira orain arte.
AEBetan 50 GEOk dute merkaturatze-baimena. Europako Elkartean, ordea, eraldatutako 11 produkturen uztak, animalien gaixotasunen aurkako hiru txertok, esnetan antibiotikoak detektatzeko kit batek eta bi landare apaingarrik dute merkaturatze-baimena. Gainontzekoak probarako soilik erein daitezke, espainiar estatuan izan ezik, bertan Bt arto-barietatea erein eta sal baitaiteke.
Zertarako GE elikagaiak?
Landareen edukin genetikoa aldatu eta gero, lortutako landareak, horien fruituak eta landareekin egindako jakiak merkaturatzeko prest daude. Baina zein da landareak horrela eraldatzearen helburua? Zein onura eskaintzen dute?
Hasiera batean hainbat ezaugarri txerta dakioke transgenikoa izango den landareari. Adibidez:
- Produktu jakinekiko erresistentzia, herbizida edo intsektizidekiko nagusiki.
- Landareek eurek hainbat produktu sortzeko ahalmena, herbizida edo intsektizidak, batez ere.
- Fruituen heltzea atzeratzea edo fruitu guztiak une berean heltzea.
- Aleak hain erraz eroriko ez zaizkien burudun landareak lortzea; esaterako, gari-aleak hain erraz eroriko ez zaizkien galburudun gari-landarea.
- Hotzarekiko, gatzarekiko edota beste hainbat ingurugiro-baldintzekiko erresistentzia, etab. Adibidez, Craterostigma plantigenium landarearen geneekin lehorteen ondoren “berpiztu” egiten diren landareak sortu dituzte.
Horiek guztiak landareen nekazaritza-balioa gehitzekoak dira. Hala ere, lehenak dira gaur egun gehien ustiatzen direnak. Kanpo baldintzekiko jasankortasuna areagotzeko ikerketak ere egiten ari dira, baina hori lortzea zailagoa da, gene bat baino gehiagoren menpe dago eta.
Apaindura-landareen ezaugarriak (kolorea, tamaina, usaina,…) indartzeko geneekin ere egin izan dira ikerketak.
Enpresa agrokimikoek, abantailen artean, izurriteekiko babesa eta herbizida eta intsektizida gutxiago erabili behar dela aipatzen dituzte nagusiki. Horrela, produktu kimiko gutxiago erabilita, lurra eta ingurugiroa osasuntsuago izango genituzke.
Orain arte nekazaritzarako jorratutako ikerketa-lerroak hainbat badira ere, ezagunenetarikoa GE artoa da, hainbat etxek ekoizten duten Bt artoa, hain zuzen ere. Artoak badu taladro deitzen zaion lepidopteroak sortutako berezko gaitza. Larba-fasean taladroaren beldarra arto-landarearen barruan bizi da, honen zurtoina, hostoak eta artaburuak zulatu eta janez, eta beraz, ekoizpena murriztuz. Bacillus thuringiensis , ordea, naturan ageri den baziloa da eta bere osagaietan badu taladroak digeritu ezin duen proteina. Hori jakinda, injinerutza genetikoaz baliatuta proteina hori kodetzen duen genea sartu dute arto-landareetan (horregatik deritzo "Bt artoa" barietate horri) eta landareak berak ekoizten du taladroarentzat digeriezina den proteina. Ondorioz taladroak arto-landarea jatean proteinak bere digestio-aparatua kaltetu eta zulatu egiten du, eta noski, taladro-harra hil egiten da. Transgeneen teknika garatu aurretik intsektizida modura ihinztatzen zen Bt proteina hori. Kotoiaren kasuan ere Bt proteina erabili da GE barietateak sortzeko, azken finean, Bt proteina hainbat lepidopteroen aurkako borrokan erabil baitaiteke intsektizida gisa.
Beste kasu batzutan, adibidez tomatearenean, fruituen heltzea eragiten duen proteinaren ekoizpena eragozten duen genea txertatu da heltze hori atzeratzearren. Edo erremolatxaren kasuan, landareei herbiziden aurkako babesa ematen dien genea txertatzen zaie, eta horrela erremolatxa erein ondoren ere erabil daiteke herbizida belar txarrak deusezteko.
Hiru adibide horiek dira transgenikoen arloan gehien jorratutako erabilerak bai eta eztabaida gehien sortzen ari diren erabilerak. Baina badira bestelako ikerketa-
-lerroak ere, animaliekin eta medikuntzarekin lotura gehiago dutenak. Adibidez, osagaien artean intsulina, bitamina edo sendagai jakinak dituen esnea emango duten behi, ardi edo ahuntz transgenikoak, beren baitan txertoak dituzten landare transgenikoak. Edo landare transgenikoak bioerreaktore moduan erabiltzearena, ekonomikoki garrantzitsuak diren proteina edo metabolitoen ekoizpen ez oso garestia lortzeko. Edo prozesu biologikoetan geneen ekintzaren ikerketarako tresna gisa erabiltzea, etab. Edonola ere, horrelako erabilerek ez dute aurrekoek adina garapenik eta, eztabaida ere, gutxiago sortu dute.
GE elikagai-motak
Genetikoki eraldatutako elikagaiak hiru taldetan sailka daitezke:
- Elikagai primarioak: GE elikagaiak zuzenean, inolako transformaziorik jasan gabe, elikagai direnean. Jaki horiek, manipulatutako geneak eta horien ondorioz sortutako proteinak euren baitan edukiko dituzte (adib. gordinik jandako tomate transgenikoa).
- Prozesatutako elikagaiak, jatorria hiru motatakoa izanik: jakia transformazioa jaso duen GE elikagaia denean (adib. artirina), aurrekoak horiek osagaitzat dituzten jakiak (adib. arto transgenikoz egindako margarina) eta, GE elikagai batetik lortutako aditiboak dituen jakia (adib. gazta egiteko kimosina entzima manipulazioa jasan duen onddo batetik eratorria denean).
Bigarren elikagai-mota hau bi taldetan bana daiteke, era berean:
2.1.- Eraldaketa genetikoaren ondorio den elemeturik, hots gene edo proteinik, ageri ez dutenak (adib. olioen % 99 triglizeridoz osatua dago eta ez dute ia batere gene edo proteinik, jatorrizko landarea, koltza esaterako, transgenikoa izan arren).
2.2.- Eraldatutako gene edota proteinak euren baitan dituztenak (adib. proteina hidrolozatuak, elikagai askoren osagai direnak emultsionatzaile, zapore-emaile... gisa). - Hartziduraren ondorio diren jakiak: eraldaketa genetikoa jasan duten bakterio edo legamiak erabiltzearen ondorioz lortutakoak dira (adib. ardoa, gazta...).
Transgenikoak: bai, ez; bai baina... Aldeko eta kontrako ikuspegiak
Genetikoki eraldatutako organismoen sorrerak eztabaida ugari eta gogorrak sortu ditu hainbat arrazoi dela eta.
Aldeko jarrera dutenen iritziz gauza berri guztiek sortzen dute beldurra, baina ez dago horretarako arrazoirik. Euren esanetan gizakia aspaldi ari da bioteknologia erabiltzen, barietate berriak eta hibridoak sortuz. Enpresa agrokimikoek, aurrez aipatu bezala, produktu kimikoen erabilera txikiagoa, uztak ingurugirora hobeto moldatzea, nekazarien ekoizpena eta lehiakortasuna areagotzea, etab. aipatu dituzte. Hainbatek gizakiaren elikadura-kalitatea hobetzea eta goseteen murrizketa ere aipatu dituzte. Hor dira baita transgenikoen erabilera ikerketan eta bestelako produktuen (bitaminen, proteinen,…) ekoizpenean.
Sortutako eztabaidan hainbat aspektu aipatzen dira. Esaterako, hainbat jendek elikagai jakinei alergia die eta orain espezie desberdinetako geneak batetik bestera aldatuz gero alergia-kasuak ugaritu egin daitezkeela uste dute. Adibidez, inork soiari alergia badio badaki ezin duela soia duen elikagairikjan, baina bai tomateak. Tomate transgenikoak soiaren geneak baditu, ordea, erreakzio alergikoren bat garatzeko arriskua izango luke baldin eta horren berri izango ez balu eta soiari alergia izatea eragiten dion genea (proteina, azken finean) sartu badiote tomateari.
Horrelako kasuak etiketa egokien bidez konpon daitezke, seguruenik.
Baina produktu transgenikoekiko jarrera kritikoa dutenek are larriagotzat jotzen dute antibiotikoen erabilera genetikoki eraldatutako organismoetan. Lehenago esan denez, adieraztea nahi den genea landarean txertatu ote den jakiteko markatzaileak erabiltzen dira eta markatzaile horietako asko antibiotikoekiko erresistentzia-geneak izan dira orain arte. Alegia, hazkuntzan eduki diren zelula guztiek ez dituzte beti gene arrotzak barneratzen eta horiek baztertzeko, gene-trasferentziaren ondoren antibiotikoa gehitzen zaio hazkuntzari. Horrela, gene berria, eta horrekin batera markatzailea barneratu ez duten zelulak hil egingo dira eta transgeneek bizirik iraungo dute. Eta horretan datza GEOen inguruko eztabaidaren gakoetako batek, hainbatek erresistentzia hori mikroorganismo, animalia basati zein etxekotuetara, landareetara edota gizakira heda daitekeela uste baitu. Lau dira markaketetarako orain arte gehien erabili dituzten antibiotikoak:
- Anpizilina . Nazioarte-mailan gehien erabiltzen den antibiotiko-familiakoa, dagoeneko hainbat estatutan merkatuan dagoen Novartis en Bt artoan erabiltzen dena. Diotenez, anpizilinarekiko erresistentzia garatzen duten patogenoak penizilina-mota askorekiko ere erresistente bilakatzen dira gene horren mutazio bakar batekin. Medikuntzan anpizilinaren erabilera garrantzitsua dela argudiatuz, Frantzian debekatuta dago antibiotiko hori daraman artoa ereitea eta merkaturatzea.
- Kanamizina eta neomizina . Herrialde txiroetan oraindik ere nahikoa erabiliak. Kanamizina oso toxikoa den arren erabilgarria da beste aukerarik ez dagoenean. Antibiotiko honekiko erresistentzia-genea heltze geldoko Calgene tomateetan eta AgrEvo ren eta Calgen eren Bt koltzan txertatu dituzte.
- Estreptomizina eta sektinomizina . Lehenak oraindik ere erabilera zabala du medikuntzan. Monasnt oren Bt kotoian aurki daiteke.
- Mikazina . Munduko Osasunerako Erakundeak erreserbarako antibiotikotzat dauka eta, medikuntzan ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatu zuen erresistentziarik sor ez zedin. Izan ere, gero eta zailtasun gehiago dago zenbait gaixotasun eta bakterioei aurre egiteko, erresistentzien ugaritzea dela eta. Holandako enpresa batek patata-barietate batean sartzea erabaki zuen, nahiz eta azkenean, patata hori Europan onartzeke zeuden elikagai transgenikoen zerrendatik kendu egin zuten.
Pariseko Pasteur Institutuko agente bakterianoen ikerketarako arduraduna den Patrice Courvalin izan zen antibiotikoekiko erresistentziak gertatzen direla plazaratu zuena. Bakterioek DNA igortzeko arras sistema eraginkorrak garatu dituzte. "Leku-aldaketa hainbat eratara burutzen da. Sistema horien bidez, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia-geneak elkar trukatzen dituzte”.
Bestalde, landare transgenikoetan txertatutako geneak bektore-zatiz osatuta daudenez, DNAren elkartrukea gertatzeko aukerak badaude, teorian behintzat. Ildo horretan, Robert Havenairek Holandako Zeist-eko Elikagaien Ikerketarako eta Nutriziorako Institutuan egindako ikerketa aipa daiteke. Izan ere, teknologia transgenikoen aldekoek material genetikoa digestio-aparatuan berehala desegiten dela diote, baina ikerketa horretan ikusi dutenez, 6 minutu inguru egiten ditu heste lodian andeatu gabe. Beraz, inguruko zelulak eraldatzeko gai izango litzateke. Proba egiteko digestio-aparatu artifiziala eraiki zuten, benetakoetan aurki daitezkeen mikroorganismo eta entzima berekin. Bertan, antibiotikoekiko erresistentzia-geneak zituzten bakterioak sartu zituzten, aipatutako emaitza lortuz. Bakterio horiek hesteetan aurkitzen direnen modukoak balira, hots, Enterococcus ak, bakoitzak hesteko bertako bakterio bati erresistentzia-genea pasatzeko 10 milioitik 1eko aukera legokeela diote ikerlari horiek. Oraingoz, Lactobacillus bakterioak erabilita (normalean hestean aurkitzen ez direnak) ez da transferentziarik behatu hesteetako florara, ez eta Flavr Savr tomate transgenikoa erabilita.
Enpresa agrokimikoek, ordea, antibiotikoekiko erresistentziak dagoeneko nahiko hedatua daudela diote eta, beraz, kaltea ez litzatekeela horrenbestekoa. Eta gainera, hesteko mikroorganismoetara edo zelula epiteliarretara gene-transferentzia gertatzea oso zaila litzatekeela ere uste dute, hestera erresistentzia-geneez gain bestelako DNA ugari sartzen delako, eta horrela probabilitatea jaitsi egiten delako. Eta transferentziarik balego zelula epitelierrek eurek gene horiek arrotza direla ikusi eta desegin egingo lituzketela. Baina, geneak zelulan sartu eta adieraziko balira ere, organismoan eraginik ez lukeela diote, hesteetako zelulen biziraupena oso laburra baita, hots, zelula berri eta eraldatu gabeek berehala ordezkatuko lituzketela. Gene horiek hesteetako mikroorganismoetara transferitzeko mekanismorik ez dela behatu ere badiote.
Hala ere, hesteetatik at bizidunen arteko gene transferentzia egon badagoela erakusten duten ikerketak ere badira, besteak beste, landareetako gene eraldatuak lurrera askatu eta 130 egunera bertako mikroorganismoetan agertu direla diotenak. Honen aurrean, transgeneekiko jarrera baikorragoa dutenek E. coli bakterioarekin egindako esperimentu bat aipatzen dute. Bertan E. coliren hazkuntza batean anpizilinarekiko erresistentzia-geneak zituzten arto zelulak jarri zituzten transferentziarik ote zegoen ikusteko. Transferentzia 6,8 x 1019 zelulatik 1ekoa izan zen eta beraz, ez da esanguratsua. Gainera ingurune naturalean hori gertatzea are zailagoa dela diote. Hala ere, zenbait ikerlarik ingurune naturalean gauzak oso bestela gertatzen direla eta askoz sistema konplexuagoa dela dio.
Adituek efektu pleiotropikoak ere aipatzen dituzte. Hau da, gene berriak organismoetara gehitzean, gene berri hori non itsatsi den ez jakitea. Hori ohikoa da eta gerta daiteke toxinak kodetzen dituen edo elikagai diren proteinak kodetzen dituzten geneetan eragina izatea.
Aipatu diren bestelako arriskuen artean, laboreei txertatutako herbizidekiko erresistentzia edota laboreek eurek intsektizidak ekoizteko txertatutako geneak daude. Bizidun desberdinen artean gene-transferentzia litekeena dela ikusita, hainbatek gene horiek naturan hedatu eta bai herbizidekiko baita intsektizidekiko erresistenteak diren landare edo "belar txar" eta intsektuak sortu litezkeela uste du. Hori gertatuko balitz lortu nahi denaren kontrako egoera sortuko litzateke.
Herbizidekiko erresistentzia-geneen transferentzian, gainera, bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere. Izan ere, ustiatzen diren labore askoren "arbasoak" naturan badaude oraindik ere, eta hurbileko ahaideak izanik nahiko ohikoa izaten da euren artean polen-transferentzia egotea. Frantziako Agronomia Ikerkuntzarako Institutu Nazionaleko (AIINko) landare-hobekuntzarako guneko Anne-Marie Chèvreren taldeak, besteak beste, koltza edo olio-arbi transgenikoaren (Basta izeneko herbizidarekiko erresistentea denaren) eta transgenikoa ez den koltzaren edo inguruko lurretan dauden familia bereko basalandareen arteko gurutzamenduak aztertu ditu. Kasu honetan iturburutik kilometro eta erdira polena aurkitu dute eta errefautxoa eta koltza transgenikoa garai berdinean loratzen direnez hibrida badaitezke ere, ez dute Bastarekiko erresistentea den errefautxorik aurkitu. Danimarkan dagoen Roskilde-ko Riso laborategi nazionaleko Thomas Mikkelsen et al.-ek, ordea, Danimarkan ohikoa den arbiaren ahaideengan Bastarekiko erresistentzia geneak aurkitu dituzte eta bi belaunalditan soilik bertakotzen dela egiaztatu. Gainera, basalandare transgenikoak jatorrizkoetatik ezin dira bereizi eta ia polen-hazi guztiak bideragarriak dira.
Polenarekin jarraituz, artikulu batean monarka tximeletaren beldarrek Bt artoaren polenaz haustutako hostoez bazkatu ondoren gutxiago jan, geldoago hazi eta hilkortasun-tasa altuagoa dutela argitaratu dute.
Gainera, polenaren zabaltzea kontrolaezina denez, nekazaritza biologikoa erabiltzen dutenek arazoak izan ditzakete hibridoen sorrerarekin.
Baina horiez gain, GE elikagaiak eurak, zuzenean kaltegarriak izan litezkeela iradoki zuen Arpad Pusztaik, Aberdeen-go Rowett Research Institute-ko ikerlari ohiak. Bere ikerketan bi arratoi-talde patatekin elikatu zituen; batzuei lektinaz aberastutako patata arruntak eman zizkien jateko eta bigarren taldekoei lektina ekoizteko genetikoki eraldatutako patatak. Lektina Galanthus nivalis izeneko landaretik ateratako proteina intsektizida da. Patata transgenikoak jan zituzten arratoiek hazkuntza motelagoa, gibela, burmuina eta bizitzeko beharrezkoak diren organoen garapen-arazoak eta sistema inmunitarioan urritasun kezkagarriak zituzten. Lektina gehigarri gisa jan zutenek ordea ez zuten kalterik izan. Hori argitaratu eta bi egunera Pusztai kaleratu egin zuten iruzur zientifikoa leporatuta. Gerora batzorde batek iruzurrik ez zuela egin ebatsi zuen, baina batzordearen iritziz emaitzak ez ziren estatistikoki esanguratsuak.
Adibideekin jarratuz gero aldeko eta kontrako emaitzak aurkituko ditugu, baina badirudi emaitzak ez direla hasiera batean enpresa handiek esan zuten bezain onak, faktore guztiak ez baitaude kontrolpean. Zenbaitetan uste baino produktu kimiko gehiago erabili behar izan da edota uztaren emendioa espero baino eskasagoa izan da. Baina oraingoz ez dirudi kontrako jarrera katastrofistenek aurresandakoak ere betetzen ari direnik. Eztabaidak bultzata joan den otsailan Kolonbiako Cartagenan bildutako 170 herrialde baino gehiagoko ordezkariak ere ez ziren transgenikoei buruzko protokolo bateratua sinatzeko gai izan. Bestalde, hainbat elikagai-enpresak eta banatzaile handik genetikoki eraldatutako produkturik ez dutela erabiliko adierazi du, batez ere gizartean sortutako nahasmenaren ondorioz.
Euskal Herriari dagokionez, oraingoz Nafarroan landatu dira soilik genetikoki eraldatutako haziak; 1998an 180 hektarea arto (artasoro guztien % 10 inguru), hain zuzen ere. Euskal Autonomi Erkidegoan bost urtetarako moratoria dago indarrean eta iparraldean Frantziako araudiaren arabera jokatzen dute, eta beraz, estatu horretan probarako soro ugari egon arren, ezin da merkatura bideratutako uztarik erein. Estatu espainiarrean artoa erein eta merkaturatu daiteke, bai eta soia inportatu baina ez erein. Hala ere, Europan onartuta dauden genetikoki eraldatutako produktuen salmenta eta inportazioa zilegi da lurralde osoan.
Europako Elkarteari dagokionez, ekainaren 24az geroztik GE elikagai berririk ereiteko baimenik ez ematea ebatsi zuten, baina ordura arte onartuta zeuden arto eta soia erein, inportatu eta merkaturatu daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia