}

Toxina batek hiesaren birusak kutsatutako zelulak hiltzen ditu

2014/02/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

toxina-batek-hiesaren-birusak-kutsatutako-zelulak-
Hiesaren birusak, T zelula bat infektatzen Arg. NIAD, NIH

Saguekin egindako ikerketa batean, hiesa sortzen duen birusak, GIBak, kutsatutako zelulen aurkako toxina bat eraginkorra dela eta ohiko terapiaren osagarri aproposa izan daitekeela frogatu dute Ipar Karolinako Unibertsitateko ikertzaile batzuek.

Toxina 1998an sortu zuten Estatu Batuetako Osasun Institutuko laborategietan (NIH). 3B3-PE38 izena du, eta GIBak infektatutako zelulen aurka egiten du berariaz: infektatutako zelulen barrura sartzen da, eta proteina-sintesia eragozten du. Horren ondorioz, zelula hil egiten da.

Ikertzaileek pentsatu zuten toxina hori baliagarria izan zitekeela antirretrobilaretan oinarritutako ohiko terapia osatzeko. Izan ere, antirretrobiralak eraginkorrak diren arren, ez dira nahikoak hiesa guztiz sendatzeko, besteak beste, beti geratzen direlako birus batzuk zeluletan gordeta. Hortaz, aurrerapauso handia izango litzateke ezkutatutako birus horiek ezabatzeko gai izatea.

Itxaropen horrekin, esperimentua egin dute, gizakion immunitate-sistema duten 40 sagu transgenikoekin. Lehenik saguak infektatu zituzten, eta hilabete batzuk geroago, tratamenduan jarri zituzten: erdiei antirretrobiralak eman zizkieten, eta beste erdiei, antirretrobiralak eta toxina. Ikertzaileen arabera, bigarren taldeak askoz ere birus gutxiago zituen tratamenduaren ondoren, bai odolean, bai organoetan.

PLOS Pathogens aldizkaria espezializatuan eman dute ikerketaren berri. Horrekin batera, ordea, ikertzaileek ohartarazi dute pauso asko eman beharko direla pertsonetan erabiltzerako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia