Elhuyar zientziaren komunikazioa

Toribio Fernandezekin elektrokimikaz solasean

1989/03/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Donostiako Kimika-Zientzien Fakultatea oso gaztea da. Duela hamalau urte hasi zen Altzako hilerriaren ondoko Joan XXIII etxean eta duela hiru urtetik hona Ibaetako campusean etxe berri eta funtzional batean dago. Fakultatea berria izanik eta ikasle-kopuru txikia egonik ere, Euskal Herriko Unibertsitate barruan puntan dabil ikerketari dagokionez. Ikerketa polimero edo plastikoen arloan egiten da batipat eta bertako elektrokimikako taldeak zertan diharduen ezagutu asmoz, bere zunzendari den Toribio Fernandezengana jo dugu. Leoneko mendialdean jaiotako gizaseme jator honen hitzak transkribatuko ditugu segidan.

Elh.- Azalduko al diguzu elektrokimika-taldearen historia zein izan den?

Toribio Fernandez Donostiako Kimika-Fakultateko Elektrokimika-taldeko burua.

Toribio Fernandez.- Historiak gorabehera handi xamarrak izan ditu. Zuk ondo dakikezunez, fakultate berrietan gorabeherak egotea ohizkoa da.

Ni elektrokimikaria naiz ikasketaz, baina fakultatera etorri nintzenean polimeroei buruzko ikerketak hasten ari ziren; polimeroena bait da fakultate honetan irakasten den espezialitate nagusia. Baliabide handirik ez genuen orduan. Dena den, 1981.aren inguruan Madrileko Roca Solana institutukoek potentziostato-pare bat utzi ziguten eta tresna horien bidez lanean hasi ginen. Erredox bikoteez hasterazitako polimerizaziotan ari ginen lanean eta erredox bikoteak erabili beharrean elektrodoak erabil genitzakeela pentsatu genuen. Beraz elektropolimerizazioan hasi ginen lanean.

Bestalde nere formazioa korrosioaren ingurukoa izan da eta Euskal Herrian egonik eta korrosioa aztertzen zuen talderik ez zegoenez, korrosioaz ere ikertu behar genuela pentsatu genuen. Gainera, horrela gure ikerketa ingurugiro sozialaren eskakizun eta beharrekin lotuagoa egongo zen. Beraz, 1982.aren inguruan hasi ginen korrosioa aztertzen.

Elh.- Zenbat lagun ari zarete gaur egun taldean lanean?

T.F.- Taldean hamabi bat lagun ari gara lanean orain. Horietako bederatzi edo hamar fakultatean eta besteak INASMET eta LABEINen. Bi zentru hauekin erlazio zientifiko estua daukagu.

Elh.- Zer moduko ikerketa egiten duzue: teorikoa ala praktikoa?

T.F.- Guk egiten dugun ikerketa teorikoa da, baina oso ikuspegi praktikoa erabiltzen dugu. Esaterako INASMET eta LABEINekin egiten ari garen lana, interes praktiko handia duten prozesu teknologikoetara zuzenduta dago. Industrian interesa izan dezaketen prozesu praktikoak martxan jartzeko, prestakuntza teorikoa behar da eta hori hemen fakultatean egiten dugu. Alderdi praktikoa INASMET eta LABEINen egiten dute.

Elh.- Zeintzuk dira zure taldeak jorratzen dituen ikerketa-lerroak?

T.F.- Bi lerro nagusi daude: polimeroen sorrera elektrokimikoa (honelako lanetan sistematikoki lanean diharduen estatuko talde bakarra gara) eta korrosioa. Oinarrizko ikerketaren alorrean eta polimeroen sorrera elektrokimikoaz ari garelarik, polimero horiek nola eratzen diren ezagutu nahi dugu; elektrodo eta disoluzioaren arteko interfasean zein prozesu gertatzen den ezagutzea alegia. Batzuetan polimeroa disoluzioan eratzen da, bestetan elektrodoaren gainazalean eta beste batzuetan produktu ez-polimerikoak eratzen dira. Zerk gobernatzen du hori?

Elektrokimika-laborategian lanean.

Guk hori jakin nahi dugu. Literaturan agertzen den ezagumendua enpirikoa da; disolbatzaile eta elektrolito jakin batzuk jarri eta ondorioa hura izango da. Guk hori horrela gertatzearen arrazoia jakin nahi dugu eta gero arazo praktikoak konpontzeko aplikatu. Polimero ez-eroaleen sorreran ari gara lanean. Horien bidez egun automobilak babesteko erabiltzen diren elektrojalkipen-prozesuak gainditu nahi ditugu. Metodo horien bidez automobilen prozedura antikorrosiboei 8-10 urteko garantia eman dakieke. Guk polimerozko pelikulak in situ sortu nahi ditugu metalaren gainean.

Elektropolimerizazioan gaurkotasun handia duen beste adar bat, polimero eroaleena da. Gu alor honetan duela bost urte hasi ginenean, ez zegoen modan. Polimero eroaleek aplikazio itzelak izan ditzakete etorkizunean: anti-radar pinturak, sentsore kimiko eta biologiko berriak, bateria arin berriak, elektrokatalizatzaile berriak, mikroelektronika etab.

Korrosioaren arloan industrian erabaki azkarrak hartzen lagunduko duten metodo elektrokimiko berriak garatzen ari gara. Zera esan nahi dut: industriaria datorkit azido trioxonitrikoa garraiatzeko upela berriak erosi behar dituela esanez eta bi altzairu-mota desberdinekoak eskaintzen dizkiotela eta berak egokiena zein den jakin nahi duela adieraziz. Test batzuen bidez erantzuna hamar minututan emateko moduan gaude. Bere kasuan altzairu-motarik komenigarriena zein den esango diogu alegia.

Elh.- Biokorrosioaz ere lanean ari zarete, ezta?

T.F.- Bai, eta prozesu hauek oso interes handia daukate gainera. Bakterioak bizi diren ingurugiroaren arabera, oso korrosio-prozesu lokalizatuak eragin ditzaketen produktuak sor ditzakete. Bakterioek bestalde, distantzia luzera sor ditzakete edozein egitura hondatuko duten korrosio-prozesuak. Sulfatoa erreduzitzen duten bakterioena adibide egokia da eta prosezu anaerobio baten bidez sulfuroa sortzen dute materia organiko asko dagoen ingurugiroetan. Zenbait erreka, estolderia eta zingiratan egoten den arrautza ustelaren usaina, bakterioek egiten duten erredukzio anaerobikoaren ondorio da.

Bakterio hauek egin dezaketen kaltea ikusteko, har dezagun Pasaiako badiaren kasua. Bertan paper-fabriken kausaz materia organikozko poluzio handia dago eta ondorioz sulfuro-kontzentrazio handia ere bai. Lezoko zentral termoelektrikoak Pasaiako badiatik hartzen duen hozketarako urak, sulfuro-kontzentrazio handia du eta bero-trukagailu berritan zuloak eratzen dira bizpahiru egunetan. Bero-trukagailu berria ez dago sulfuro-geruzaz babestua zaharrak bezala. Beraz trukagailu zaharrek katodo moduan jokatzen dute eta berriak anodo bezala jokatzen du, egun gutxiren buruan zulatu egiten delarik.

Gu metodo elektrokimikoen bidez bakterioek eragiten duten prozesua simulatzen saiatzen gara eta baldintza desberdinetan materialek izango duten portaera ezagutzeko test azkar batzuk garatzen ari gara. Helburu hori lortzeko bakterio-kultiboak egingo bagenitu, 15-20 egun beharko genituzke ondorio berdinera iristeko. Guk prozedura elektrokimiko egoki eta labur baten bidez lortu nahi dugu ondorioa; materialaren jokabidea zein den jakitea alegia.

Mikroskopioaren okulareak.

Hau oso gai erakargarria da. Izan ere milaka bait dira ingurugiroaren arabera metabolismoa alda dezaketen bakterioak, ondorioz egitura metalikoak eta plastikoei erasoko dieten substantziak sortuz.

Elh.- Jakin dugunez Gipuzkoako Foru-Aldundiarekin ur edangarrien azterketa egiteko hitzarmena sinatu duzue. Zein da egin behar duzuen lana?

T.F.- Oso azterketa polita egin behar dugu: probintziako ur-horniduren korrosibitateari buruzkoa. Ur edangarriak guztiak desberdinak dira ikuspegi fisiko-kimikotik eta gainera desberdin jokatzen dute. Urtegi eta urandeletan kobrezko, altzairu galvanizatuzko, altzairu gozozko eta altzairurtuzko frogetak jarri ditugu eta hauen pisu-galera oinarritzat harturik, korrosioarekiko duten jokabidea aztertuko dugu. Era berean naturan gertatzen dena laborategian prozesu elektrokimikoen bidez simulatzeko prozedurak garatuko ditugu. Uretan hiru urtez sarturik egongo diren frogetak jasango duten erasoa laborategian simulatzeko metodo azkarrak garatu nahi ditugu. Zein da honen helburua? Ba, Udaletxetik edo Aldunditik beren ur-hornidurako sisteman material berri bat erabili nahi dutela esaten digutenean, eskaintza guztien artean korrosioarekiko onena zein den azkar jakin ahal izatea.

Elh.- Zein da LABEINekin duzuen proiektua?

T.F.- Ingurugiro-korrosioaren azterketa egiten ari gara LABEINekin batera. Beraiek garapen teknologiko eta praktikoa egiten ari dira eta guk ondorio zientifikoak ateratzen ditugu. Lan honetan zenbait doktorego-tesi egin dugu jadanik.

Altzairuak, aluminioa, kobrea etab. airean uzten direnean gertatzen den korrosioa aztertzen ari gara. Azterketa honen azken helburua Euskal Herriko korrosio-mapa egitea da; Euskal Herriko atmosfera-mota desberdinek duten eragin korrosiboa zehaztea alegia. Hori beste herri batzuetan egin izan da.

Elh.- Lan hori egitea oso erraza denik ez zait iruditzen. Izan ere toki bateko atmosferaren egoera faktore aldagarri askoren menpe bait dago.

T.F.- Horretantxe dago gakoa. Guk 10-12 neurketa-estazio jarri ditugu hiri-eta nekazal atmosfera desberdinetan. Datuen tratamendurako metodo matematiko-estatistiko bat garatu dugu eta lehenengo hurbilketa teorikoa lortu dugu. Hortik eta toki bakoitzaren parametroen arabera, altzairu-mota jakin baten korrosio-zinetika jakin dezakegu. Gero, eredu estatistiko hori erabiliz eta Euskal Herriko toki desberdinen poluzio-datuak, meteorologi datuak eta bestelako datuak sarturik, Euskal Herriko korrosio-teorikoa lor dezakegu.

Korronte-intentsitate konstantepean eta oxidazio anodikoz lortutako polipirrola.

Horrelaxe egin da toki askotan. Neri ez zait metodo hau gure kasurako oso fidagarria iruditzen. Beste herritan haize nagusiak daude edo klimatologia oso definitua dago, baina gurean ez dago horrelakorik. Bilboko egoerari buruz egin diren azterketek, egoera hori Europan beste inon ez dela errepikatzen erakutsi dute. Horrexegatik Euskal Herrian 60-70 neurketa-estazio jarri beharko lirateke gutxienez, korrosioaren azterketa eta aldi berean korrosio-mapak in situ egiteko.

LABEINekin dugun beste proiektu bat, hormigoi siderurgikoen armaduraren korrosio egoera aztertzea da.

Elh.- Lehenago INASMET ere aipatu duzu. Zer egiten duzue horiekin elkarlanean?

T.F.- INASMETekin korrosioari buruzko lanetan ari gara. Egia esan, asko kostatu da lankidetza gauzatzea. Haiek alderdi teknokogikoa lantzen dute eta guk zientifikoa. Haien eta gure ikuspegiak erabat desberdinak dira, baina biak nolabait lotu behar izatea oso positiboa izan da. Haiek, oinarrizko ikerketan berehalako interes teknologikoko parametroak erabiltzera bultzatu gaituzte, eta guk, ikuspegi zientifikotik arazo teknologikoak konpontzeko baliagarria gertatu zaien informazioa eman diegu.

Z

entru hauekin daukagun lankidetza oso onuragarria eta positiboa dela iruditzen zait, zeren eta haiek guk daukagun ikuspegi zientifikorik ez daukatenez eta guk haiek arazo teknologikoei berehala erantzuna emateko duten gaitasuna ez dugunez, bi parteok elkarrekin eginiko lanak fruitu oparoak eman bait ditzake.

Elh.- Zuen lanak aurrera eramateko nondik lortzen dituzue diru-laguntzak?

T.F.- Finantzaketa-iturri desberdinetatik lortzen dugu: Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza, CAICYT (orain Dirección General de Investigaciones Científicas y Técnicas) eta Gipuzkoako Foru-Aldundia dira iturriak. Dena den, laguntzarik handiena (nahiz eta beraren esku dagoen konpetentzia izan ez) Gipuzkoako Foru-Aldunditik jasotzen dugu guk eta Fakultatean lanean ari diren beste talde batzuk. Nere aburuz guztiz eskertzekoa da Gipuzkoako Foru-Aldundiak ikerketa bultzatzearen alde duen jarrera.

Elh.- Beste ikerketa-zentru batzuekin, INASMET eta LABEIN alde batera utzirik, erlaziorik ba al duzue?

Politiofenoz estalitako metala.

T.F.- Euskal Herriko Unibertsitateko beste talde batzuekin lanean ari gara. Esaterako, Informatika-Fakultatekoekin. Korrosioaren ikuspegitik imajinen tratamendua lantzen ari dira guretzat. Mikroskopio baten bidez metalaren gainazala aztertzen da eta lortutako irudiak gorde egiten dira. Informatikakoak imajina horiek erabilita gainazala zein puntutaraino erasoa dagoen erabakiko duen programa bat garatzen ari dira.

Bestetik, estatuko beste zentru batzuekin (hala nola, Roca Solano Institutua, Centro Nacional de Investigaciones Metalúrgicas, Santiagoko Unibertsitatea eta Madrileko Unibertsitate Autonomoarekin) erlazio estuak dauzkagu. Gure laborategiko lagunek urtean behin zenbait egunez lan egiten dute zentru horietan teknika berriren bat (tunel-efektuzko mikroskopia adibidez) lantzeko edo ideiak elkartrukatzeko.

Estatutik kanpora ere bidaltzen ditugu taldeko kideak, han egiten den ikerketaren maila eta guk egiten duguna parekoak direla ikus dezaten eta bere lanaren balioaz konfidantza har dezaten. Europa mailan, Paris 7 unibertsitatearekin eta Southamptoneko unibertsitatearekin erlazio estuak ditugu. Hegoameriketako zenbait unibertsitaterekin erlazioak hastekotan gaude une honetan.

Elh.- Bukatzeko zerbait gehiago esan nahi al zenuke?

T.F.- Nire ustez Euskal Herriko Unibertsitateko zentrutan, eta Donostiako Kimika-Fakultatean batez ere, ikerketaren alorrean egiten ari den lana azpimarratu behar da. Kaleko jendeak horren berririk ez dauka akaso eta horretan gu, ikerlariok, errudun handienak gara, egiten diharduguna kaleratzen ez dakigulako. Hemen Fakultateko laborategietan egiten ari den lan azpimarragarria jendeari erakutsi behar diogula, azalpena zor diogula (diru publikoa erabiltzen dugunez) uste dut. Eskertu nahi dut Elhuyarrek gure lana kaleratzeko eman digun aukera ere.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia