}

Titinaren egitura eta bilakaera, iraganeko animalien tamainaren adierazle

2017/07/04 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ugaztunen eta tetrapodo guztien arbaso komunaren titina-zatiak berreraikita, CIC nanoGUNEko ikertzaile batzuek ikusi dute korrelazioa dagoela titinaren ezaugarrien eta animalien tamainaren artean. Ateratako ondorioak fosilekin eta datu bibliografikoekin alderatu dituzte, eta baieztatu dute emaitzak zuzenak direla. Nature Structural & Molecular Biology aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
titinaren-egitura-eta-bilakaera-iraganeko-animalie
Titina proteinaren egitura. Arg. Boghog/Jabetza publikoa

NanoGUNEko Nanobiomekanika taldeko ikertzaileak Raúl Pérez-Jiménezek zuzendutako ikerketa batean, gaur egungo animalien titina proteinaren sekuentzia genetikoetatik abiatuz, tetrapodoen (alegia, lau hankako animalia guztien: ugaztunen, sauropsidoen, narrastien eta anfibioen) zuhaitz filogenetikoa eraiki dute, bai eta haien arbaso komunetan proteina horrek izango lukeen sekuentzia genetikoa ere.

Sekuentzia genetiko horiek lortu eta gero, antzinako proteinen zati bat sintetizatu dute, eta haien propietate mekaniko eta kimikoak aztertu. Horri esker, proteinaren propietateen eta animalien tamainaren arteko erlazioa aurkitu ahal izan dute, eta garai bakoitzeko fosil-erregistroan berretsi.

Pérez-Jiménezek dionez, “interesgarriena da proteinaren eboluzio mekanokimikoa ikusi dugula, hau da, eboluzioan zehar titina nola aldatu den". Berreraikitzeko erabili duten metodologia ere nabarmendu du, eta aurreratu du lortutako emaitzek ikertzen jarraitzeko aukera ematen dutela. “Gustatuko litzaiguke, esate baterako, egiaztatzea ea tamainarekiko korrelazio hori animalia-talde guztietan betetzen den”, dio.

NanoGUNEk eta CNICek elkarlanean egin dute ikerketa, eta Nature Structural & Molecular Biology aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte emaitzak eta ondorioak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia