}

Tetraplegikoentzako dispositibo berria

1997/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EEBBetako “Food and Drug Administration” erakundeak —osasun-politikaz arduratzen denak, hain zuzen— argi berdea eman dio freehand izeneko dispositibo elektronikoari. Alde ederra nabarituko dute hemendik aurrera gaixo tetraplegikoek, eskuak erabili ahal izateko modua eskaintzen baitu sistema berriak. Munduan ez da horrelakorik merkaturatu orain arte, ez bederen, administrazioak onetsita.

Mugimendua eragiten duten kinadak sorrarazten ditu dispositibo berriak. Larruazalaren azpian 5 cm-ko luzera duen gailu bat kokatzen da, mikroprozesadore txiki bat eta funtzionatzeko behar duen bateria dituena.

Gaixoak eskua mugitu nahi duenean, sorbaldaren bidez sortzen ditu mugimenduak (gora edo behera, ezker edo eskuinera) eta ordenadore batean jasotzen dira bertatik, ondoren, dispositiboak jasoko dituen uhin elektromagnetikoak bideratzen direlarik; uhinok, izan ere, kinada elektriko bihurtzen dira eta mugimendua eragiten dute. Bistan denez, sorbalda mugitu ahal duten gaixoek baino ezingo dute dispositibo berriaz baliatu. Gainera, bateraezintasunak ere sortzen ditu aparatuak, taupada-markagailuekin, esate baterako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia