Teleskopioen objektiboen helburua
2007/09/03 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Irudikoak IC 10 galaxia nanoko izar batzuk dira. Kolore urdin bizikoak Wolf-Rayet izarrak dira, ingurura masa asko askatzen duten izar beroak. Orain arte, ez ziren inoiz halako zehaztasunez ikusi, eta astronomoek uste dute jasotako datuek balioko dutela IC 10 galaxiaren gaineko hainbat galderari erantzuteko.
Izan ere, IC 10 galaxiak ez ditu betetzen beste galaxia nanoetan ikusten diren patroiak, itxura batera ez behintzat. Besteak beste, ez ditu proportzio berean nitrogeno askoko izarrak eta oxigeno askokoak. Bi aukera daude: patroiak oker egotea edo galaxia horri buruzko nahikoa datu ez izatea. Hori argitzeko, ahalik eta zehaztasun handienaz begiratu nahi izan diote. Hainbat teleskopioren lana bateratu dute, eta espaziotik Hubble eta Lurretik Hawaiiko W.M. Keck behatokiko tresneria jarri dituzte galaxia horri begira.
Hala, izar berriak aurkitu dituzte. Jasotako datuekin, IC 10 galaxiaren konposizioa hobeto aztertzeko asmoa dute, galaxien eboluzioa hobeto ezagutzeko. Oraingoz, zalantzak ez dira argitu, baina datu zehatz bat eman dute, behinik behin: Lurretik 2,6 milioi argi-urtera dago IC 10.
Argazkia: UCB/NASA/Keck Behatokia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia