}

Teleskopio guztiak toki berera begira

1999/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko herrialde ezberdinetako teleskopioak Unibertsoko bi objektu arraro eta interesgarriri begira arituko dira, Iowa State Unibertsitatearen Mundu Osoko Teleskopioaren (Whole Earth Teleskope) proiektuaren hurrengo fasean. Proiektu hau munduko 18 astronomi behatokietako 20 astronomoen lana koordinatzeko asmoz sortu da, denek batera Unibertsoko zenbait objektu sakon aztertuko dituztelarik. WET proiektuan Hego Afrika, Txile, Australia, Polonia, Espainia, Israel, Txina eta Indiako teleskopioak erabiliko dira.

Teleskopioen hurrengo bi helburuak hauek dira: BPM37093 izar nano zuria eta PG1336-018 izar-sistema bikoa. BPM37093 nano zuria benetan objektu arraroa da, izan ere izarra material solidoz osaturik dagoela uste baita. Material hau kristalizatutako karbono eta oxigenoz osatutako diamante-itxurako material arraroa dela uste da, Eguzkiaren tamainako izar baten kondentsazioan sortua.

Bigarren objektua elkarrekintza handia duten bi izarrek osaturiko sistema da. “Sistema honen argi-kurba astronomian ezagutzen den interesgarriena da” Steve Kawaler Iowa Stateko astronomoaren arabera. Bi izarretako bat oso argitsua da. Bestea ordea, nahiko iluna, eta elkarren inguruan sekulako biraketa-abiadura dute. Honi esker bi izarren arteko eklipseak sarri izaten dira eta teknika egokiak erabiliz izarren konposizioa erraz jakin ahal izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia