Teknopolis saioak Robotikerren kazetaritza-sarien ohorezko aipamena jaso du
2002/05/24 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Pedro Guillén izan da lehenengo sariaren irabazlea "Irlanda; el tigre celta" lanarekin.
Elhuyarrek Euskal Telebistan duen Teknopolis saioak ohorezko aipamena jaso du Robotikerren kazetaritza-sarietan. Teknologia berrien inguruan komunikabideetako profesionalen lana bultzatzea da sari horien helburua. Epaimahaiaren iritziz, Teknopolis telebistako saiorik onena izan da, eta komunikazioen teknologia berriak zabaltzen egiten duen lanak ohorezko aipamena
merezi du.
Robotiker informazioaren teknologietan eta telekomunikazioetan espezializatutako zentroak, 15. urteurreneko ospakizun-programaren barnean, Robotikerren kazetaritza-sarien lehenengo deialdia plazaratu zuen. Deialdia "Ekonomia industrialetik, gizarte digitalera" lelopean plazaratu zen.
Robotikerren sariek hainbat komunikabide-esparrutako (prentsa, irratia, telebista edo Internet) profesionalen lana bultzatzea dute helburu nagusitzat, teknologia berrien balioen dibulgazioan egiten duten ekarpenarengatik.
Irabazleak
Guztira 194 lan aurkeztu ziren, eta horien artean bost hauek izan dira aho batez aukeratuak:
- Bi aipamen berezi: euren kategorian lehenak izan diren kalitate handiko bi lani:
o Alfontso Mujika eta Lontzo Sainz-entzat aipamen berezia ETB1-en (euskaraz) eta ETB2-n (gaztelaniaz) emititzen den Teknopolis saioarengatik.
o Aipamen berezia Mónica López-entzat ere COMRadio irratian (katalanez) emititutako " 1 més después de los atentados" saio bereziarengatik. - Bi akzesit:
o Igor Galo Anza-rentzat, haur-eta gazte-literaturaren aldizkarian plazaratutako " De los incunables al e-book" lanarengatik.
o Álex Fernández Muerzarentzat, www.iblnews.com atarian plazaratutako "Guía básica de sitios web sobre divulgación científica" lanarengatik. - Lehenengo saria jaso zuena eta, beraz, 2001eko Robotiker kazetaritza-sariaren irabazlea:
o Pedro Guillén Carranza, E.comm aldizkarian plazaratutako "Irlanda; el tigre celta" artikulu zoragarriarengatik. Lanak sariaren leloari "Ekonomia industrialetik gizarte digitalera" estu-estu heltzen dio eta dibulgazio zientifiko-teknikoaren betebehar guztiak asebetetzen ditu; izan ere, irakurle arruntarentzat arina da eta irakurle teknikoagoarentzat eduki aberatsak eskaintzen ditu.
Epaimahaiak lan guztien kalitatea nabarmendu nahi izan du eta, bide batez, bere parte-hartzaileen eta saria errealitate arrakastatsu bilakatu duten guztien laguntza eskertu. Azkenik, epaimahaiak sariaren bultzatzaile eta babesleak animatu nahi ditu sarien hurrengo deialdia egin dezaten, dibulgazio zientifiko-teknikoan kazetaritzak egiten duen lan garrantzitsuaren errekonozimendu gisa.
Teknopolis saioa igande eguerdian izaten da ikusgai ETB-2n eta arratsaldeko zortziak aldera euskarazko ETB-1en.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia