}

Teknologia Intsektuei begira jarrita... fikzioa

2001/02/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aurrerapen teknologikoak ez du mugarik ezagutzen eta zerbait berria asmatu eta merkaturatu orduko, zaharkitu egiten den garaia da oraingoa. Ideiak bata bestearen atzetik bururatu eta gauzatzen dira, baina ez pentsa berez etortzen direnik. Horretarako asko behatu beharra dago. Oraingoan, ikerlariek inspirazioa intsektuei begira jarrita lortu dute.
Mikrorrobotak medikuntzan, telekomunikazioan eta zehaztasun handia behar duten beste hainbat arlotan erabiliko dira.

Robotak aspalditik dira ezagunak eta oso erabiliak eguneroko bizitzan. Enpresetan mugimendu errepikakorrak egiteko, espazioko estazioak konpontzeko edo, hain urrutira, joan gabe, etxeko sukaldean erabiltzen dira. Baina, robot horiek denek, nahiz eta erosotasun handia ekartzen duten, oraindik menpekotasun eta muga handiak dituzte, batez ere, ezin direlako bere kasa leku batetik bestera mugitu. Bestalde, gero eta gehiago lan egiten da molekula mailan, baina oraindik ez da tamaina horretako robotik sortu. Ideiak hor daude eta esan daiteke robotikak bi aldaketa nagusi izango dituela, bata robotaren autonomiari dagokiona eta bestea txikitasunari dagokiona.

Intsektuei begira jarri eta...

Maiz, proiektua gauzatzen baino denbora gehiago behar izaten da ideia berriak bururatzeko, baina ez da sekula ahaztu behar, ideia onak edukitzeko bide labur eta egokiena inguruari so egitea dela. Kasu honetan, robot berriak diseinatzeko, ikerlariak "intsektu sozialak" diren horiek behatuz inspiratu omen dira. Mikro-rroboten sortzaileek intsektu horietan imitatu nahi dituzten bi eredu antzeman dituzte: bata beraien tamaina eta bestea beraien talde-jokabidea. Inurri, erle edo termitak taldeka behatuz portaera-ereduak ikertu dituzte. Izan ere, intsektu horiek bakarka behatuz gero ez da gauza handirik ikasten, baina talde-indar handikoak dira.

Robot berriak diseinatzeko erleen eta inurrien jokaera aztertu omen dute ikerlariek.

Berkeley Unibertsitateko Michael Dickinson ikerlariaren asmoa euli-robota sortzea da. Euli-robot horietako asko sortu eta beraien arteko komunikazioa indartzea lortuz gero, espazioa esploratzeko erabiltzea amets egiten du. Oraindik ez dago helburutik hurbil, baina, tira, lehen euli-robota behintzat diseinatu du.

Todaiko Unibertsitateko beste bi ikerlarik, berriz, askoz ideia apalagoa, baina, aldi berean, oso erabilgarria izan dute. Beren asmoa, hegan egin eta poluzio kimikoa eta erradioaktiboa detektatzeko gai diren robotak garatzea da. Robot horiek gizakiak baino hogei aldiz poluzio erradioaktibo gehiago jasan dezakete eta zentral nuklearretako hodietan sartuz, segurtasun-agenteen lana egiteko diseinatu dituzte.

Estatu Batuetan ere ideia bertsua ukan dute, baina ez zentral nuklearrak kontrolatzeko, banketxeak, museoak, administrazioaren eraikuntzak, etab. zaintzeko baizik. Seguru aski ideia hori ez zuten intsektu-sozialei begira eduki, baina, tira. Hed Heller ikerlariak diseinatu duen intsektu-robotak poluzio kimikoa eta pertsonen mugimenduak detektatu eta transmitituko ditu.

Robotak odolean

Hegan egin eta zentral nuklearretako poluzioa detektatzeko erabiliko den euli-robota.

Autonomia handia edukiko duten intsektu-robotak asmatzea ez da robotikan egin den aldaketa nagusi bakarra. Izan ere, gero eta robot txikiagoak egiteko asmoa ere badago, txikitasunarekiko jakin-minak "nano"-ra salto egin baitu. Adituen arabera, XXI. mendea, nanoteknologiaren eskutik, iraultza zientifiko berri baten lekuko izango da. Ikerketak molekula mailan egiten dira eta, noski, horretarako erabiltzen den materiala ere egokitu beharra dago. Horrela, gorputzean barrena arterietatik zirkulatuko duten mikrorrobotak sortu dira.

Oraingoz mikrorrobot bakar batzuk baino ez daude, baina telekomunikaziorako, kirurgiarako, sistema optikoetarako, erlojugintzarako... berehala ezinbesteko bihurtuko dira. Horregatik, oraingoz ideia gauzatzen hasi besterik ez badira egin ere, oso epe laburrean garatuko den teknika izango dela uste da.

Mikro-rroboten ereduetariko batzuk, Suediako Linköpings Unibertsitatean eginikoak dira. 0,6 mm luze eta 0,3 mm zabal dira eta milimetro-hamarren bateko zehaztasunarekin lan egiten dute! Mugimenduak askatasun osoz egiten dituzte, eta ukondoa, eskumuturra, eskua eta bi eta lau behatz artean dituzte. Gainera, odol eta gernuan mugitzeko ahalmena dute. Hori ikusirik, ikerlarien arabera, medikuntzan erabilera handia edukiko dute eta, besteak beste, odoletik zelula biziak batere hondatu gabe atera ahal izango dituzte laborategietan ikertzeko.

Arterietan barrena ibiliko diren mikrorrobotak diseinatzen ari dira.

Bestalde, New York-eko Cornell Unibertsitateko Montegno ikerlaria artikulazioak dituen robot bat baino zerbait gehiago izango den mikro-helikopteroa diseinatzen ari da. Nikelezko gorputza du eta erregaitzat substantzia kimiko bat erabiliz, gizakiaren arterietatik ibiltzeko gai izango da. Helikoptero horrek sendagaiak zelula barruraino eramango lituzke. Printzipio berari jarraituz, Utah-ko Unibertsitatearen, berriz, arteriak libratu eta tumoreak sendatuko lituzkeen helikopteroa egitea pentsatzen ari omen dira.

Oraindik fikzioa dirudien arren, hemendik aurrera, kili-kili egiten dizun zerbait sumatzen baduzu, ez larritu, mikrorrobot bat besterik ez da izango- eta.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia