Tecnalia kazetaritza-saria jaso du Elhuyar aldizkarian argitaratutako “Itxaropen bioartifiziala” lanak
2013/01/30 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elhuyar aldizkarian argitaratutako “Itxaropen bioartifiziala” lanak VI. Tecnalia kazetaritza-saria jaso du Interneteko kategorian, gaur arratsaldean Miramon Teknologia Parkean egindako sari-banaketa ekitaldian. Erreportaje-bikoa 2012ko apirileko zenbakian argitaratu zen, eta Guillermo Roa Zubia da lanaren egilea.
Artikulu-bikoak egiten duen “informazio multimediaren erabilera” nabarmendu du epaimahaiak saria emateko, eta adierazi du horren bidez “transplanteetarako organoak zelula ametatik abiatuta neurrira egiteko ahalmena, itxaropena eta errealitatea hobeto ezagutzeko lan bikain bat” osatu duela egileak.
Webguneko lanaren aitortza
Lan jakin bati emandako saria izanagatik, Elhuyar aldizkariak webgunean egiten duen lana ere aitortzen du izendapenak. Izan ere, paperean jaso ezin diren baliabideen bidez Interneten informazioa zabaldu eta osatzeko konpromisoarekin sortu zen, 2012ko udaberrian, aldizkaria.elhuyar.org webgunea.
Bi erreportajek osatzen dute “Itxaropen bioartifiziala” lana. Lehenengoak zelula amak ditu hizpide, eta, haietatik abiatuta, neurrira egindako organo eta ehunak sortzeko bidean non gauden galdegiten du Roak. Egitura sintetiko baten gainean zelula amak haziz sortutako trakea baten transplanteak irekitzen du erreportajea, transplante haren bi protagonista nagusien bidez: trakearen hartzailea, batetik, eta trakearen sortzaileetako bat, bestetik. Bigarren erreportajean, organo eta ehun erabat artifizialetan jartzen du arreta egileak.
Gai labaina dela uste du Roak, eta, ondorioz, dibulgatzeko zaila. “Batetik, oreka bat lortu behar da zelula amen onurei buruz hitz egitean —dio—. Aplikazio harrigarriak dituzte [zelula amek], baina muga handiak ere bai, eta oraindik ez dira guztiz ezagutzen, ez aplikazioak, ez mugak. Zuhur jokatu behar da, ikerketa oraindik hasierako urratsetan baitago. Baina, bestetik, kontakizun zuhur hori erakargarri egin behar da”.Kimikan doktorea, hamabi urteko esperientzia du Roak zientziaren komunikazioan, eta Elhuyarren lanean hasi zenetik aritu da Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian. Lan-taldeak duen erredaktore beteranoenetakoa da Roa. “Itxaropen bioartifiziala” lanean, testuak ez ezik, erreportajea zabaltzen duen irudia ere berak egindakoa da. Irudi honez gain, beste hainbat irudi ere prestatu ditu aldizkariko erreportaje gehiagotarako, Blender animazio-programaren bidez. Sariarekin “oso pozik” dago Roa: “Pertsonalki zirraragarria da, eta aldizkariaren lantaldearen ikuspuntutik ere oso pozgarria da jakitea gure lana ondo baloratzen dela”.
--> Irakurri "Itxaropen bioartifiziala" lana. (Elhuyar Zientzia eta Teknologia 285 zk, 2012ko apirila)
--> Sari-banaketa ekitaldiaren bideoa
--> Sari-banaketa ekitaldiaren argazki-galeria
Tecnalia kazetaritza-sariak
Ikerketaren eta berrikuntza teknologikoaren dibulgazioa saritzen ditu Tecnalia sariak, eta “Gizartearentzako berrikuntza” izan da VI. edizioaren leloa. Sariaren bidez, hedabideetako langile profesionalei onarpena egin nahi die Tecnaliak, haien eginkizuna funtsezkoa izan baita iritzi publikoan ikerketa eta berrikuntza ezagutzera emateko, eta, beraz, kultura zientifikoa herritarrei eta gizarte osoari helarazteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia